Txindokiren altzoa nahiago

Ameçeta, Amezcueta, Amezquetta, Amesquita nahiz Amezketa. Hamaika grafia eta forma erabili izan dira, mendeetan barrena, Txindokiren magaleko herri horri deitzeko. Eta, izen horien guztien etimologia edo jatorria zein den erabat ziurtatzerik ez den arren, argi dago herriaren ingurumari naturaleko ametz ugariek zerikusi zuzena dutela.

Gaur egun, 949 biztanleko herria da; antzina, ordea, ez zuen herri titulu hori izan, harik eta XI. eta XII. mendeen artean Amezketa bizileku egonkor izateko pausoak eman zituzten arte. Garai hartantxe hasi ziren erregeak hango eta hemengo komunitateei villa titulua ematen, baina, Alfontso X.ak ez zion Amezketari halakorik eman; hiribilduek interes ekonomiko, urbanistiko eta juridikoak beharrezko zituzten. Horrela, Amezketak ez bezala, Tolosak eta Segurak urte hartan eskuratu zuten hiribildu izateko eskubidea; besteak beste, erregeak kokaleku estrategikotzat hartu zituelako.

Izenak izen eta tituluak titulu, 1353. urtekoa da Amezketari buruzko lehen aipamena, egungo Jauregi Handin bizi ziren nobleen harira. Izan ere, hiribildu tituluak eskaintzen aritu ondoren, estrategia aldatu zuten bai Nafarroak eta bai Gaztelak, eta, beraz, ezinbestekotzat jo zuten Gipuzkoaren jabe egitea, Europari hain lotua baitzegoen. Gipuzkoa, ordea, Gaztelako zati zen 1200. urteaz geroztik; Nafarroako erregea adiskide gipuzkoarren bila hasi zen, horrela. Egia esan, arrakasta handirik ez zuen lortu, eta Lazkao, Berastegi eta Amezketako hiru familia indartsuren babesa besterik ez zuen jaso; hortik dator Jauregi Handikoen aipu historikoa.

Tolosari lotua, baina aske

1353ko lehen aipu hartatik urte gutxira, 1374an, Tolosaren babesa izateko hitzarmena sinatu zuen Amezketak. 1374 eta 1392 artean beste 24 herrik ere prozesu bera egin zuten, baina, Amezketaren kasua berezi samarra izan zen, borondatez uztartu baitzen hiribilduarekin; Amezketak ez zuen segurtasuna eta agintaritza eskain ziezaiokeen Tolosak.

Horrela, Tolosaren menpe egonagatik, amezketarrek eskumena zuten lurren jabetzaz eta eguneroko bizitzako arazoez erabakiak beren gisara hartzeko; horrek bi herrien arteko harreman baketsu bati bide eman zion. Bien arteko distantzia zela medio, ez zuten liskarrik izan, esaterako, mugarriekin, eta, era berean, Amezketako zirkulazioa oso eskasa zenez, ez zuten zergarik kobratzen bertako lurretatik pasatzearen truke.

Bi herrien arteko leialtasuna halakoa izanik ere, amezketarrei independente izateko grina piztu zitzaien, 241 urtez Tolosaren gerizpean bizi izan ondoren. Txindokipeko herrixka hazi egin zen demografikoki, batetik, eta XVI. mendeko egoera ekonomikoa ere suspertu egin zen, bestetik. Azkenik, monarkiak gain behera zeuden, eta, ondorioz, haien diru kutxak ere bai.

Azken arrazoi horri heldu, eta Amezketak eta beste zenbait herrik burujabetza aldarrikatzeari ekin zioten 1538. urtean, prozesu korapilatsu bat abiaraziz. 1602an, Valladolideko kantzelaritzara jo zuten beren asmoak azaltzera, eta 1607an jaso zuten ezezkoa. Zazpi urte geroago, ordea, Errege Zedula batek onartu egin zien eskaturiko eskubidea. Tolosak zedula hari aurka egin zion txosten bat idatziz, eta Hernando de Ribera Madrilgo lizentziatua eskualdera joan behar izan zen, afera epaitzera.

Azkenean, 1615eko urtarrilaren 26an, Amezketak eta beste bost herrik akordioa sinatu zuten Errege Ogasunarekin, Madrilen: herri izaera eskuratzearen truke, herritar bakoitzeko 25 dukat ordaindu beharko zituzten. Otsailaren 4an, horrela, Filipe III.aren eskutik jaso zuen Amezketak hiribildu titulua, Herri Noble eta Leialaren kategoriaz.

Garai hartan, eskubide osoko 303 bizilagun zituen herriak; etxe baten jabe zirenak edo zergak ordaintzen zituztenak, alegia. Beste 43, berriz, dudako herritarrak ziren, herrian bertan bizi baziren ere aurreko baldintzak ez zituztelako betetzen. Modu horretan, 7.575 dukat ordaindu behar izan zizkion Amezketak Errege Ogasunari; 2.651.250 marabedi, guztira. Herriko kutxetan hainbeste marabedi ez, eta herri lurrak saltzeko erabakia hartu zuten, burujabetzaren alde. Amezketarrek 1617ko apirilean sinatu zuten, azkenik, ordain karta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.