Kukuen lehen hotsen herria

Tolosa eta Anoetaren arteko lotura 1374. urtean hasi zen. Bat eginda, anoetarrek herri lurren gastuak ordaindu behar izan zituzten, lurren administrazioari eutsi ahal izateko. Baina Tolosarekin ezkondutako Tolosaldeko beste hainbat herrik bezala, diru arazoak izan zituzten, eta auzia izan zuten Valladolideko Auzitegi Gorenean. 1435. urtetik 1450. urtera izan zituen liskarrak Tolosarekin, azken horrek eskatzen zizkion ordainketak zirela eta. Valladolideko auzitegiak arrazoia eman zien azkenean, eta itun bat sinatu zuten. 1615. urtean lortu zuten anoetarrek burujabetza, 11.443 erreal ordainduta.

Horrela, Probintziako Biltzarretan lekua izatea lortu zuten, baina hari eustea garestia zenez, 1742. urtean Alkizarekin batera Ainsuko Batura osatu zuen. Ondoren, 1815ean, Hernialde batu zitzaien, eta Ainsuberreluz izena hartu zuten.

Agirietan azaltzen diren inguruko lehen herrixkak Burdin Arokoak dira, Kristo aurreko lehendabiziko milurtekoak. Hor kokatu behar dira Basagain mendiko gailurrean topatutako aztarnak ere. Herrixka babesten zuen harresiaren aztarnak eta etxebizitzen arrastoak topatu dituzte bertan, baita zeramika lan batzuk ere. Ezin da baieztatu, ordea, Burdin Aroko Basagain eta Erdi Aroko Anoetaren sorrerak lotura dutenik, bien artean mila urte baino gehiago baitaude. Hala jaso du Aranzadi Zientzia Elkarteak Tolosaldea Historia Bildumaren barruan argitaratutako Anoetako Baserriak liburuan.

Anoetaren lehen aipamenak topatzeko, XIII. mendera jo behar da. Gipuzkoa Gaztelako erresumaren dinamika politiko eta ekonomikoetan hasi zen parte hartzen orduan, eta Nafarroako erresumatik behin betiko banandu zen. Oria ibaiari jarraiki, merkataritza bide garrantzitsua sortu zen, eta herrixkak sortu ziren Oria ibaiaren ondoan. 1256. urtean Tolosa sortu zen —baita Ordizia eta Segura ere—, inguruan zituzten herrixketako bizilagunen etorrerari eta Gaztelako Alfonso X.a erregeak emandako hiribildu foruari esker.

Anoetak ere hartu zuen parte prozesu horretan. 1349. urteko agiri batean jasotzen denez, anoetar askok jo zuten Tolosara. Tolosa hiribilduko biztanleen zerrenda bateko izen gehienetan, haien jatorrizko nekazari-komunitatea aipatzen da: Anoeta, Elduain, Ikaztegieta, Berrobi…

Erdi Aroaren bukaeran, nekazaritzako lurrak, basoak eta larreak okupatuta zeuden. XV. mendetik jada udalerriaren natur baliabide nagusiak XVI. mendeko eran zeuden banatuta.

Agirietatik ondoriozta daitekeenez, Anoeta ez zegoen nobleziaren botereetara makurtuta, eta baserrien komunitatea izan zen taldearen erabakiak hartu eta herriaren bilakaera zuzendu zuena. Horrenbestez, XV. mendetik XVI. menderainoko lehen fasean, baserriak izan ziren protagonista. Nagusitasunari urte luzez eutsi zioten baserriek. Horien bigarren zabalkundea XVII. mende bukaeran hasi eta XVIII.aren hasieran eman zen. Baserri berriak sortu ziren, nahiz eta euren lurrak ez ziren nekazaritzarako horren oparoak. Azken baserriak hirugarren fase batean eraiki zituzten, XIX. mendean. Lursail nahikorik ez, eta Iturralde izan zen eraikitako azken baserria.

Bostehun urte baino gehiagotan, beraz, baserria izan da Anoetako arima. Baina 1960. urtean baserrien krisia etorri zen. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi tradizionalak baztertu, eta industria eta hirugarren sektorea garatu ziren. Horrek paisaia aldatu zuen Anoetan, eta iraultza demografikoa ekarri. Ordura arteko baserri eta nekazal eremuen paisaiari, etxebizitza eraikinek eta zenbait industrialdek hartu zioten tokia, eta horrek guztiak, bat-batean izan ez bazen ere, herriko kultura eta gizarte moduak aldatu zituen.

Kukua armarrian

Ohikoa da herrietako biztanleei ezizenak jartzea; anoetarrek ere badute berea: kukuak dira. Tolosaldean ugaria da kukua, eta Anoetan egiten omen ditu lehen ku-ku hotsak: esaten da Osintzulo eta Basagain mendi inguruan entzuten direla.

Anoetarren artean kukuaren ikurra errotuta dagoenaren seinale da armarrian ere badagoela. 2004an aldatu zuten, aurrekoak zituen elementuak ez zituztelako bere sentitzen —erlijio kutsua eta monarkiaren ikurrak zituen—.

Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean diseinatu zuten armarri berria; anoetarrak ordezkatzen dituen hiru elementu ditu: Oria ibaia eta Basagain mendia, Basagain Burdin Aroko herrixka eta kukua. Hiru ideia batu nahi izan zituzten armarri berrian: lurraldearen barneko natura eraldatzean osatzen dela historia. Herritarrek osatzen dutela, alegia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.