Beasain, bere burua eraikiz

Beasain Goierri eskualdearen burua da, gaur egun. Azkeneko 150 urteetan, industriaren bilakaerak eta garraio bideen muinean egoteak ahalbidetu diote nagusitasun hori —1863an iritsi zen trena, eta Erdi Arotik errege bideen bidegurutze zen—. Orain 400 urte, baina, Ordiziaren menpeko herrixka zen.

Gudugarreta eta Astigarreta ere udalerri izaerako hiribilduak izan ziren. Batasun berean topo egin zuten XX. mendearen hasieran -gaur egun Beasainen auzo dira-, baina bide desberdinei jarraituta. Segurako hiriaren menpe egon ziren bi herrixkak, 1384tik 1615era. Gudugarreta 1882an sartu zen Beasainen barruan —1860an 91 biztanle besterik ez zuen—; Astigarreta, 1929an.

Beasaingo gaurko beste auzo berezi bat, Arriaran, Itsasoko herriarekin bat eginik egon zen Erdi Arotik, Areriako alkatetzaren garaira arte. 1927an batu zitzaion Arriaran Beasaini. Goraxeago dagoen auzoa, berriz, Garin, inoiz ez da udalerri beregaina izan, beti Beasainen auzoa baizik.

Beasain, bidegurutzean

Beasaingo herriaren lehenengo erreferentzia 1200. urtekoa da. Aizkorriren magaleko San Adriango pasabidearen aipamen batean ageri da. Izan ere, Arabatik eta Iberiar penintsularen barrenetik Bidasorantz zihoan bidean zegoen Igartza.

Antzinako komunikazio bideen korapilo izateak eman zion Igartzari —eta hedaduraz Beasaini— garrantzi estrategikoa. Igartzako zubiaren ondoan zeukan izen bereko jauntxoak dorretxea, inguruan burdinola, benta eta dolarea zituela. XIX. mendean, San Adriango galtzada zaharraren ordez, Gatzaga-Irun errege bide berriak eta Donostia-Altsasu errepideak —Etzegaraten barrena— hartu zuten indarra, komunikazioetan. Haiek ere Beasainen lotzen ziren.

Estrategikoa bai, baina Erdi Aroan babesgabea ere bazen Igartza inguru hura. Bidelapurren, jauntxoen eta forurik gabeko kontzeju baten erasanak sufritu beharra zeuzkan. Hala, inguruko beste zortzi kontzejurekin batera, Beasain ere Ordiziako hiri gotortuaren auzotasunera igaro zen, 1399. urteko apirilaren 8an. Goierriko beste zortzi herrik gauza bera egin zuten Segurarekiko, hamabost urte lehenago.

Autonomia beharrak eta XVII. mende hasierako estatuaren porrotak eraginda —1607an ordainketa etena izan zen—, 216 urte geroago hiribildu beregain bihurtu zen atzera Beasain. 1615ean, Ordiziaren menpetik irteteko, hiribildu titulua erosi zuten Beasaingo bizilagunek. Eskubidedun auzotar bakoitzeko 25 dukat ordaindu zuten. 196 auzotar ziren gutxi gorabehera, eta denera 780 bat bizilagun —242 auzotar eta 600 biztanle, Martin Garcia Garmendia ikertzailearen arabera—. Titulua 1.859.766 beloizko marabedi kobratu zien Gaztelako Koroak.

Bestetik, herri lurrak ere saldu behar izan zituzten. “Modu horretan saldu zen 2.750.000 metro koadroko azalera, metro bakoitza herri lur onenen artean kokatua, lehen sailekoak baitziren. Horrenbestez, 1615eko Beasain txiki hartan, 95.000 beloi erreal inguru bildu ziren”, dio Garcia Garmendiak. Beasaingo herrigunea 1615ean, eta bere bilakaera liburua argitaratu du ikertzaileak.

Lurren pribatizazioa

Herriaren kontzeju lur guztien %18 esku pribatuetara bihurtu ziren. Eragiketa “politiko eta finantzarioa” izan zen hura, Garcia Garmendiaren iritziz. Lur komunak galduta, herria txirotu egin zen, eta herritarrei bizimodua aurkitzeko zailtasunak handitu zitzaizkien: “Zeharkako ondorioetako bat euskaldunen emigrazio endemiko eta ohikoa are gehiago areagotzea izan zen”. Nagusiki, Amerikara abiatu ziren. 1700-1800 bitarteko ehun urteetan Gipuzkoatik urtean 1.200 pertsonak emigratu zutela uste da. “Kopuru oso handia da hori, kontuan izanik XVIII. mendearen hastapenetan Gipuzkoako probintziak 120.000 biztanle eskas zituela”.

Ez zen eragin bakarra izan. Herrietako oligarkia indartuta irten zen hiribildu titulua eskuratu orduko, botere posizioan zeuden jauntxoek, jabeek eta dirudunek hartu zutelako indarra, lurrak erosita eta udal berrian postuak hartuta. Hiri titulua 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen, eta Gaztelako errege Filipe III.a urte hartako azaroaren 2an Beasainen zen. Igartzako burdinolara bisita egin zuen. Industria izan du harrezkero motorra, Goierri osoa erakarriz.

Beasainen, Loinazko San Martinen festaburuan —Santa Ageda bezperarekin bat egiten du— ospatu dute aurten hiribildu izendapena lortu zuteneko 400. urteurrena. Otsailaren 4an ekitaldi instituzionala egin zuen udalak. Bestetik, Beasaingo Paperak ikerlan bildumaren 22. zenbakia (2014ko azarokoa) gaiari eskaini diote.

Leave a Reply

Your email address will not be published.