Aldentzen lehena

Berastegik 1614. urteko martxoaren 19an eskatu zuen Tolosatik banatzea, orduko lege bat baliatuz. Garai hartan ez zegoen bakarrik, ordea: Berastegi eta Elduain batera zeuden. 6.725 dukat ordaindu zuten independentzia lortzeko, orduan zituzten 269 biztanleengatik. Horrez gain, beste 300 dukat ere pagatu behar izan zituzten eskribau-gastuak jasotzean.

Berastegiko Paulo Iztueta Armendariz idazle eta filologoak Berastegi. I. Hiritartzearen bidetik liburuan jaso duenez, Filipe III.a Espainiako erregea urte horretan Donostiara joan zen, eta 120 berastegiar joan ziren ongietorria egitera; bide batez, “hark egindako mesedearengatik” eskerrak eman nahi izan zizkioten. “Handikiro ospatu zuten udal autonomiaren lorpena. Baina larrutik ordainduta, 66 baserri geratu baitziren hipotekatuta”.

Liburuan jaso duenez, Elduain eta Berastegi izan ziren Tolosatik aldentzen lehenak. “Berastegik, behingo unibertsitateak, hotsandiko hiri izendapena hartzen du, herri noble eta leiala, bere udaletxeko armarrian hizki handiz idatzia datorren bezala [Villa Noble y Leal]”. Independentzia lortuta, alkateak eskumen gehiago lortu zituen, eta lehen instantziako epaitegia ere herrian bertan egon zen.

Interes kontrajarriak

Berastegi eta Elduain Tolosako jurisdikziopetik banatzeko erabakia hala arrazoitzen du Iztueta Armendarizek: “Hasieran auzotzeko zeuden defentsarako arrazoiak desagertu egin ziren, eta, gainera, une jakin batetik aurrera interes kontrajarriak zeuden”. Izan ere, Berastegik leku estrategikoa zuen, eta historia luzea atzean. Lehen aipamena 1027. urtekoa da. Nafarroako Antso III.a Gartzez Nagusiak Iruñeko apezpikutzari eman zion idatzi batean Berastegiko harana aipatu zuen.

Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan egoteak hainbat buruhauste ekarri zizkion Berastegiri. Aipagarriena Beotibarko guda baino lehen jasan zuen sarraskia, 1321. urtean. Herria erre zuten, eta zelaietako zuhaitzak moztu.

Tolosarekin 1374. urtean elkartu zen, baina auzi ugari izan zituzten. Horietako bat 1479. urtean hasi zen. Bizilagunen pasabidea eta Leitzarango burdinola zituen oinarrian: Oletako jabeek Belauriate eta Urdadeainetik pasatu nahi zuten. Azkenean auzia Berastegiren aldekoa izan zen. 1570. urtean ere, beste auzi bat izan zuten. Belauriarte eta Leitzarango bideen inguruan izan zen hori ere, eta Tolosak irabazi zuen.

Auzi horiek guztiak izan ziren, antza, Berastegiren independentzia ekarri zutenak. Berastegik Nafarroarekin eta Andoainekin errepide komunikazio zuzena nahi zuen, eta Tolosak, Arabatik zein Nafarroatik zetozen bideen erdigunea izan nahi zuen artean ere, salgaien gaineko zergak kobratu ahal izateko.

Era berean, eskualdeko testuinguru soziopolitikoa eta ekonomikoa aldatuz joan zen, eta 1484tik aurrera auzotzean zeuden hasierako arrazoiak desagertu egin ziren. “Batetik, probintziako politika orokorrari zegokionez, kontuan izan behar da nola zegoen egituratuta Batzar Nagusietan parte hartzeko ordezkaritza-sistema (…) Zentralitatea Tolosak zeukan; Tolosaldeko herri txiki asko bere jurisdikziopean zeuden. (…) Bestetik, Tolosan auzotutako herrien artean, Berastegik arrazoi espezifiko batzuk zeuzkan, batik bat ekonomikoak, bien arteko harreman administratiboa zailtzen zutenak. Tolosaldeko herrietan bera zen indartsuena [Berastegi], Elduainekin batera, bera mendietan eta lurretan herri-ondasunez hornituena, eta horien ustiapenerako egokien zerizkien proiektuak bideratzeari ekin zioten”.

Berastegi eta Elduain 1848. urtera arte egon ziren batera. Banatzerakoan, Elduak, nahiz eta Berastegirik aparte geratu, Berastegirekin jarraitzea erabaki zuen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.