Lursailen ustiapenari lotuta

Elduaingo iraganaz hitz egiteko orduan, ezin Berastegi aipatu gabe utzi. Gutxienez 1319. urtetik eta 1848. urtera arte, herri lurrak konpartitu zituzten. Hala ere, “ez zegoen ez mugarik, ez mugarririk bi udaletako lursailen artean”. Hori dio Paulo Iztueta Armendarizek Berastegiri buruz idatzitako Berastegi. 2 Gatazken tenorean liburuan. Liburu horretan bildu duenez, Berastegi eta Elduaingo mugak aldatu gabe egon ziren ia sei mendean.

Administratiboki, dena den, bakoitzak bere egiturak zituen. Elduainek ere 1615. urtean lortu zuen Tolosatik banatzea, 1374. urtetik harekin elkartuta egon ondoren. Urteetan pilatutako liskarrek eraman zuten Elduain Filipe III.ari desanexioa eskatzera, eta erregeak hiri titulua eman zion. Horretarako, 27.297 erreal ordaindu behar izan zituen orduko batzordeko epaileak zenbatutako 120 biztanleengatik.

1319an lehen aipamena

Elduaingo lehen aipamena 1319. urtekoa da. Aipamen horretan ere Berastegirekin batera azaltzen da, bi herriek Leitzarekin liskarra izan baitzuten mugak zirela eta. Juaninazio Elosegik aipatu duenez —Berastegiko historia aztertzen du berak—, bada 1399. urteko beste idatzi bat ere. Lurren ustiapenaren inguruko auzi batekin lotuta agertzen da Elduain.

Elduainek eta Berastegik herri lurrak batera zituztenez, horiek ustiatzeagatik sortzen ziren gastuak zein irabaziak banatu egiten zituzten; Berastegik bi heren jasotzen zituen, eta Elduainek heren bat. Leitzarango ibarra, ia-ia Andoaineraino, Berastegi eta Elduaingo lurrak ziren, oso lurralde aberatsa burdinolei dagokienez.

Hor, Ollokiegiko burdinola nabarmendu behar da. Luis Miguel Diez de Salazarren Ferrerías Guipuzcoanas liburuaren arabera, 1562. urtean Berastegi Ollokiegiko burdinola erdiaren jabea zen, Elduainek laurdena zuen, eta Domingo Sagastiberri olagizonak beste laurdena. Ondoren, Elduaingo Udalak Sagastiberriri bere zatia erosi zion, eta, ondorioz, burdinolaren jabetza Berastegiren eta Elduainen artean banatu zuten, erdi bana. Banaketa horrek Berastegi haserrarazi zuen, ordura arteko banaketa hautsi baitzuen. 1592. urtean berretsi zuten akordioa.

Burdinolen garrantzia

XVI. mendean burdinolek garrantzi handia zeukaten, eta Elduainen zein Berastegin zazpi ziren ezagunak, Ollokiegirekin batera: Ameraun, Inturia, Plazaola, Berinas, Olazar, Olaberri eta Mustar. Leitzarango ibarrean zeuden guztiak. Ollokiegikoaren jabetza azkenean Elduainek eskuratu zuen. Izan ere, 1848. urtean ondasunak banatzea erabaki zuten, eta Probintziako Kontseiluak mendiak erdi bana zatitzea eta Ollokiegiko burdinola Elduaini ematea erabaki zuen.

Olaberri, Olazar, Berinas eta Mustarko burdinolak 1848. urterako ahaztuak zeuden, eta Ameraun eta Plazaola Berastegiren esku geratu ziren. Plazaola, Ameraun eta Ollokiegi, gerora, zentral elektriko bihurtu ziren.

Lurrak 1848. urtean banatu bazituzten ere, lurrak saltzeko aukera 1810. urtetik aurrera izan zuten. XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran egindako gerra gastuak zirela eta, estatu administrazioak zerga bereziak ezarri zituen, eta udalek ordaindu ezin zutenez, lurrak saltzeko baimena jaso zuten. Elduain eta Berastegi egoera horrek behartuta hasi ziren lurrak saltzen, eta 1847. urterako gehienak salduta zeuzkaten. Horregatik erabaki zuten elkarrekin zituztenak zatitu eta berriro mugarritzea.

Batzarrak

Elduaingo ordezkariak herriko eliz zimitorioan batzartzen ziren batzuetan; beste batzuetan, berriz, kontzeju zaharrean. Horiek izaten ziren elkartzeko tokiak, gehienetan. Bestelakoa zen egoera Elduain eta Berastegiko ordezkariek elkarrekin zituzten herri lurren eta abarren inguruan hitz egin behar zutenean: bi herrien arteko bilerak Bideraungo parajean egiten zituzten, eta eguraldia aproposa ez zenean, Areiztun auzoko etxeetan; Telletxean, Areiztunen edo besteren batean. 1755. urtean erabaki zuten bilerak egiteko Bideraungo etxea eraikitzea eta Francisco Iberok egindako planoak jarraituta egin zuten. Hurrengo mendean bota zuten etxea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.