Hiru herri batuta, 400 urtera ere

Aldea handia dago herri bat beste bati batuta egotetik herri askoren arteko batura egitera. Mendekotasuneko tratutik urruti, indar metaketaren alde egitera igaro ziren 1615ean Altzaga, Arama eta Itsasondo. Herri txikiak ziren orduan ere hirurak —140, 80 eta 360 biztanle ingurukoak, hurrenez hurren—, baina txiki askoren artean bat handiagoa egin nahi izan zuten, Ordizia handi bakarraren aldartera ibili segi baino.

Ordiziaren eskumenetik irten eta berehala osatu zuten hiru herriek Oria Ibaiko Batasuna, 1615ean bertan. Gaintza, Legorreta eta Zaldibia ere gurdi berera igo ziren, elkarrekin Batzar Nagusietara ordezkaria partekatu, foru gehiago bildu, gastuak murriztu eta oihartzun handixeagoa izateko. Beste 230 urte elkarrekin batera segitu zuten Ordiziatik irten ziren zortzi herrietatik seik. Berdintasunezko baturan, ordea. 1845ean desegin zuten Oria Ibaiko Batasuna. Baina XX. mendean ondo sartuta, Altzagak batzeko eskaria egin zion Itsasondori, udalerri txikia zela eta diru urritasuna zuela argudiatuz. 1967an onartu zuten bategitea, eta 1990era arte udalerri bakarra osatu zuten. Harrezkero, berriz udalerri beregainak dira.

Idazkaritza batuta 1927tik

Orain laurehun urte ere, biztanleria eta lurralde murritzekoak ziren Altzaga, Arama eta Itsasondo. Gainontzeko guztiek bezalaxe ordaindu behar izan zuten hiribildu titulua, hala ere. Altzagako eskubidedun 35 auzotarrek 332.713 beloizko marabedi ordaindu zioten Gaztelako Koroari; Aramako 20 auzotarrek, 185.156 marabedi; eta Itsasondoko 91 familiaburuek, 855.469 marabedi.

Egoera demografikoa eta geografikoa ez zaie askorik aldatu, behintzat Aramari eta Altzagari. Gipuzkoako udalerri txikiena da gaur egun Arama, hedaduraz. Biztanle gutxieneko hirugarren herria da Altzaga, Baliarrain eta Orexaren atzetik.

Hala, eta nahiz eta Batzar Nagusietako ordezkariaren karga historikoa desagertu zitzaien, gaur egungo beste gastu batzuk elkarbanatu beharrean dira Altzaga, Arama eta Itsasondo. Udal administrazio mailan, adibidez, idazkaritza multzoa osatzen dute hiru herriek. Idazkari kontu-hartzaile bakarra dago, eta hiru udaletxeetan ematen du zerbitzua. Berdin administrariekin eta beste zenbait udal langilerekin ere. “Hiru herriek osatzen dugu idazkaritza taldea, eta hiru herrietan lan egiten dugu. Gizarte langilea, adibidez, denera zazpi herritan aritzen da”, azaldu du Pako Zubeldia altzagarrak, Itsasondon, Araman eta Altzagan administrari denak.

Itsasondoko plazatik Aramara kilometro eta erdi dago; Aramatik Altzagara, 1,7 kilometro. Herri lanetarako, adibidez, bakartzat hartzen dute: “Traktorea ere elkarbanatu egiten dugu”, dio Zubeldiak. Medikuak ere hiru herrietan ematen du zerbitzua. Berez, azkeneko 400 urteotan udal independenteak izan badira ere, lotura asko mantendu dituzte benetan. Idazkaritza batasuna 1927tik daukate indarrean. “Orain arte mantendu egin da”, dio Belen Mendizabal idazkari kontu-hartzaileak.

Hasieran, duela ia mende bete, batasun administratiboak herriko idazkariari edo sekretarioari bakarrik eragiten zion, “lehen idazkaria bakarrik egoten zelako udaletxean lanean. Idazkari berak zerbitzua hiru herrietan eman zezan sortu zuten taldea. Denborarekin, gaur egun egoera bestelakoa denez, langile gehiago sartzen dira. Lan funtzioak ugaritu ahala, beste udal zerbitzuetako langileak ere banatu egiten dira hiru herrietan, idazkaria bezala”, zehaztu du Mendizabalek. Hala, idazkariak asteko egun eta ordu jakin batzuk ditu izendatuta Altzagako, Aramako edo Itsasondoko lanak egiteko —eta udaletxe horietan egoteko—.

Itsasondo, gune nagusia

Landa eremuko herri izateari erabat utzi gabe, hiruren artetik kalea duen udalerri bakarra Itsasondo da. Herri kozkorra da, 666 biztanlerekin, merkataritza eta zerbitzu aldetik osatuena. Laurehungarren urteurrena gogoratzeko asmoz, batzorde bat eratu dute itsasondoarrek. Hitzaldi bat egitekotan dira Kantabriako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle Susana Truchuelorekin. Ekainaren 11n izango da, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.

Itsasondo 1399an gehitu zitzaion Ordiziari, Arama, Altzaga eta beste bost herri bezala. Administrazio ekonomikoari eutsi zion, hala eta guztiz; baita herri lurren kudeaketari ere. Batasunaren garai modutsu hartan (1409an) eratu zen Enirio-Aralarko mankomunitatea, eta mendizerraren magaleko 15 herri ziren bazkide. Nahiz eta Ordiziaren edo Tolosaren menpeko izan gainontzeko gaietan, mendi baso eta abeltzaintzarako lurren erabilera eurek gobernatzen zuten. Itsasondo Bozue Handiko kide zen.

Behe Erdi Aroan, elkarren aurkari ziren bi jauntxo leinutako familiak bizi ziren Itsasondon: Ibarratarrak, ganboarren alderdikoak, eta Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak, bestekoak. Itsasondo izena, aditu batzuen arabera, azken etxe horren izenetik datorke.

Arama, txikiaren ezinak

Hiribildu titulua lortu ondoren, ezintasun ekonomikoek batasunetara lerratu zuten Arama. Hainbeste, ezen metropoli izan zuen Ordiziari ere batu zitzaion berriz 1682an, onura handiagoak eskuratuko zituela eta. Ezin konponduek eta sestrek, hala ere, atzera Oria Ibaiko Batasunera bideratu zuten Arama.

Batzar Nagusietarako bilera-egoitza Arama izan ohi zen, bertako San Martin eliza, zehazki. Bozue Txikiko kide izan zen, bestetik. Kokagune estrategikoan dago lekututa herrigunea: Oria errekaren ibarraren zelatari, gaintxo batean, eta Aralar aldetik datorren Amundarain errekaren eta Oriaren gurutzearen gainaldean.

Altzaga, bat eginik iraunez

Altzagak Gipuzkoako 87. udalerri izendapena du zenbaketan. Azkenetakoa izan da sortzen (88 udalerri ditu, gaur egun). Izan ere, Ordiziarekin lehenbizi (1399tik 1615era), Oria Ibaiko Batasunean gero (1615-1845) eta Itsasondoren anparoan azkenik (1966-1990), beregaintasun egoeran bigarren aro luzeena ari da izaten Altzaga azken 25 urteotan. Dirurik ez zuela eta, 1966ko otsailaren 5ean eskatu zuen ofizialki Itsasondori eransteko. Hurrengo urtean batu zitzaion.

Laugarren mendeurrenaren aitzakian, agiri garrantzitsuak berreskuratu dituzte Altzagak, Aramak eta Itsasondok. Beren artxibategi historikoetan ez zeukaten 1615eko hiribildu tituluen eskuizkriburik. Valladolideko artxibategian (Espainia) eskatu, eta jaso dituzte. Lehendik udalerri baziren; orain, frogagiri eta guzti.

Leave a Reply

Your email address will not be published.