Bozkatu gabe lasaiago nengoen

Hau ez iezaiozu inori kontatu, faborez, baina atzerrian bizitzen hiru urte badaramatzat ere, alferkeria hutsagatik ez naiz oraindik Espainiako enbaxadan erroldatu. Egia esan, halakorik egiteak dakartzan onurak zeintzuk diren ez dakit. Gomendagarria ala derrigorrezkoa den ere ez. Edozeinentzat begi-bistakoa izango litzatekeen desabantaila bat pairatu beharko nuke behintzat: udal hauteskundeetan bozkatu ezina, alegia.

Hiritar eredugarria baino gehiago, arduragabe eta zekena naiz ni halere. Eta ez da nire kontabilitatean aurreikusten tabernetarako eta beste bizioetarako gorde ohi ditudan sosetako batzuk betebehar zibilekin konplitu ahal izateko hegazkin txartel garestietan xahutzea. Horretarako bakarrik berrehun edo hirurehun euro gorde? Tira, ezta okurritu ere. Baina aurten nahita ere demokraziari izkin egin ezinik nabil, dirudienez. Maiatz bukaeran etxera oporretara itzultzeko erreserba duela pare bat hilabete egin nuenean hamaika pitokeria nituen buruan, igandeko data seinalatua bainoago. Aguexekin golf osteratxoa eta gaur gaueko santamarinetako Egan-en dultze meneoa, adibidez. Duela bi aste erreparatu nuen ordea: M-24an Zarautzen naiz eta!

Botoa emateko parada ezustean zerutik erori izanak aztoratuta nauka zeharo. Izan ere, azken lau urteotan nire herriak hobera ala okerrera egin duen ondorioztatzeko irizpiderik ez daukat. Politika gaietan informazio iturri bakarraz naiz fio: nire aitaz. Eta gaurkotasunaren asteroko errepasoa hasi bezain prest Montorori edo Marhuendari biraoka hasten da gizona. Suhiltzaile lanak egite aldera kirolen blokera pasatzen naiz, kontu lokalak behin eta berriro bazterrean lagata. Ustel samar suertatzen zait aldaketa, ez pentsa, ze aita ez da batere baretzen horrela: Lorenekin ere ez dago oso gustura.

Alderdien programak irakurtzerik ere izango nuke, argibide bila. Baina azkenaldian hainbeste “elkarrekin egingo dugu”, “aldaketa zu zara” eta “etorkizuna gaur da” bezalako leloekin Paulo Coelhoren nobela bat dirudite panfletoek ezer bainoago (bueno, hala uste dut behintzat, ze Paulo Coelhoren nobelak ez ditut irakurri, eta alderdien panfletoak ere ez).

Hautesle desinformatua naiz, aitortu beharra dut. Hainbeste bezala, nire eskubideak urratzen ari direla esaten didatenean suminduaren plantak egin ohi ditut. Eta nirea bezalako sinesmenak dituztenak bat eginez gero mundua hobexeagoa litzakeela ere pentsatu izan dut, inozo. Kaka zaharra. Gizarte arduratsu batean bizi ahal izateko oinarrizkoak behar luketen eginkizunei paso egiten diet, nabarmen. Eta botorik ez dut merezi igandean, dagoeneko inork kenduko ez badit ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.