“Jakin dugu egoera berrietara egokitzen; irekiagoak gara orain”

Kanpainaren hondarrean hitz egin du Hitza-rekin Jose Antonio Santanok (Irun, 1965). Elkarrizketa aurretik herenegun egitekoa zuen hauteskunde agerraldiaren azken zertzeladak ikuskatu ditu, eta, solasaldiaren ondoren, kazetariekin eta beste alderdi politikoetako kideekin batera egin duten apustua erakutsi du: Irunen hauteskundeek utz dezaketen zinegotzi banaketaren ingurukoa da. Ez du uste aginte makila galduko duenik; hala du apuntatua.

2002tik zara Irungo alkate. Zertan aldatu da hiria aginte makila duzunetik?

Gauza asko aldatu dira, batez ere, herritarrek erakundeekin, gure kasuan udalarekin harremana egiteko duten moduan. Krisiagatik 2007-2008tik eman diren aldaketek horretan badute zerikusia, krisi ekonomikoa baino gehiago delako jasaten ari garena: gizarte krisia ere bada. Jakin dugu egoera berri horretara egokitzen, malguagoak eta irekiagoak gara, auzoetara gehiago hurbildu gara, herritarrekin maizago eta gehiago hitz egin dugu… Kalean gehiago egon gara. Pareta gardenak jarri ditugu Irungo Udalean.

Baina zer hobetzerik izango da.

Ondo ari garela uste dut, baina badago lana aurretik. Gardentasunaren bidetik badago oraindik zer egiterik; ni, nolabait esateko, biluzi egin naiz herritarren aurrean, nire kudeaketa lanaren zentzutik begiratuta. Eta hori ez dute denek egin. Guk horretan sakontzeko konpromisoa dugu, informazioaren alorrean batik bat.

Parte hartzean ere gauzak egin ditugu, berritzaileak gainera. Alkatea auzoetan da horren adibideetako bat. Parte hartzearen udal ordenantza ere kontuan hartzekoa da. Horretan ere hobetu daiteke, baina beste era bateko baliabideak jarri behar dira, Interneteko ataria kasurako, herritar ororengana iristeko.

Irun Gipuzkoako bigarren hiria da, eta Ipar Euskal Herriaren eta Nafarroaren artean dago. Baina zein toki du herrialdean?

Irun hiriburu bat dela pentsatzea gustuko dut. Ez bakarrik Bidasokoa; hona Nafarroako, Oarsoaldeko, Ipar Euskal Herriko nahiz Frantziako bisitari asko etortzen dira orotariko gauzak egitera, erreferente gara. Donostia hurbil dago, baina ez dugu horrekin tematu behar; guk gure posizioa dugu, oso interesgarria da, eta etorkizunerako ondo kokatuta gaude. Horren adibide da trenbidearen espazioaren berrantolaketaren egitasmoa: horrek Iruni aukera handia eman diezaioke datozen urteetan enplegu, ekonomia, hirigintza eta hiri jarduera berritzailea izateko. Hori Gipuzkoan ez du inork.

Etorkizunerako ekonomia aukerez hitz egin duzu. Baina Irunek Gipuzkoako langabezia tasarik handienetakoa du.

Zehaztapen bat: Irunek, askok diotenaren kontra, ez du herrialdeko langabezia tasarik handiena. Beste udalerri handi batzuk, Hernani, Errenteria eta Pasaia, kasurako, Irundik oso-oso gertu daude langabezia tasan. Hau da, Donostia kenduta, herrialdeko sei herririk handienek antzerako tasa dute. Baina tira, bai, langabe asko dago Irunen. Martxan dauzkagu hainbat lan ildo horri aurre egiteko, eta emaitza ematen ari dira. Esaterako, jarduera ekonomikoa aurrera eramateko lur eremu asko jarri ditugu enpresen zerbitzura. Eta, zehazki, hamabost urte atzera begiratuta, lanean ari den herritarren kopurua asko hazi da Irunen, 6.000-7.000 pertsona gehiago. Hau da, langabezia badago, baina enplegua sortzeko gai izan gara. Eta jarduera ekonomikoak egiteko lurra jartzen jarraituko dugu, formazioa duten gazteekin lan egiten jarraituko dugu, 45 urtetik gorako langabeekin ere jardungo gara… Eta komertzioa indartzeko inbertsioak sustatuko ditugu, Irunen indargunea delako komertzioa: hiriburuek baino hobeto aurre egin dio krisiari Irungo komertzioak, eta EAEko komertzio dentsitate handiena dugu gaur egun ere.

Plaiaundiko kirol azpiegituren lekualdatzea geldirik egon da hogei urtez. Asmoa duzue horiek Zubieta aldera (Hondarribia eta Irun arteko eremua) eramateko. Aurrera al doa egitasmoa?

Kirol instalazioak Zubietara eramatea da aukerarik onena. Beste edozein aukera okerragoa da, eta Zubietan kirol gunea ez egitea porrota litzateke. Orain, lanari ekin behar diogu erakundeok, eta behar diren urratsak egiten hasi. Irungo eta Hondarribiko udalak ados gaude instalazio horiek aurrera ateratzeko, baita Jaurlaritza ere. Orain, lan egin behar da. Zergatik ez den hori aurrera atera orain arte? Nik badut nire erru kuota, baina ez naiz bakarra.

Urdanibia plaza eraberrituta dago. Baina Irungo Alde Zaharreko hainbat eragilek esan dute hiltzen uzten ari zaretela inguru hori. Hala al da?

Duela bi urte hori esan zitekeen, baina guk azken 30 urteetan udal batek inoiz egin duen inbertsiorik handiena egin dugu han. Urdanibia plazaren itxuraz gaindi, nik uste dut hori berritzea lehen urratsa izan dela eremuaren giroa aldatzeko. Hara joatea besterik ez dago hori ikusteko. Gauza asko daude egiteko, jakina: bertako merkataritza eta ostalaritza indartzeko propio landutako proposamenak baditugu, diru publikoarekin, baita ingurunea biziberritzeko ere, Urantzu frontoia tartean. Esan nahi dut, alkateren batek egin badu Irunen Alde Zaharraren aldeko apustua, nik neuk egin dut.

Alardea. Noizko irundarrek festak bizitzeko sentsibilitate guztiak bilduko dituen alarde bat?

Erantzuna erraza da: irundarrek nahi dutenean. Gaia kudeatu behar izan dudanean hainbat gai kontuan hartu ditut. Horien oinarrian daude eskubideak eta askatasuna. Emakumeek alardean parte hartzeko eskubidea dute, hori dudarik gabekoa da; baina pertsonek nahi duten erako alardea egiteko aukera ere ezin da zalantzan jarri, eta hala esan dute epaitegiek. Orduan zer? Bada, ekainaren 30ean alardea bi era ezberdinetara egiteko aukera bermatu behar da. Hori existitzen da, egiten dugu. Eta ezinbestekoa: errespetua egon dadila. Batzuetan kanpotik ez da hori kontuan hartzen, baina azken urteetan hirian pauso sendoak eman dira alde horretatik. Herritarren gehiengo batek hala nahi duenean egongo da alarde bakarra.

Partaidetzazko aurrekontuen egitasmoa oztopatzea leporatu dizu aldundiak.

Horre haritik aldundiaren jarrera ez dut ulertzen. Aldundiak nahi dituen parte-hartze prozesuak egin ditzake, eta guk behar dituzten aretoak utziko dizkiegu. Baina gu ez gara prozesu horren antolatzaile; kolaboratzen dugu, baina ez dugu antolatzen. Haiek diseinatu dute prozesua, eta haiek egin behar dute; guk erraztasunak emango ditugu. Hauteskundeak iristear direnean horrelako parte-hartze prozesu bat egitea, datozen lau urteetarako dirua konprometitzen dena, ez dut logiko ikusten. Utz diezaiotela hurrengoari egitasmo hori aurrera ateratzen. Ez da kalapita sortzeko unea.

Hilaren 25ean zein traza izango du Irungo mapa politikoak?

Argi dut guk irabaziko dugula. Ez dakit alderdi berriek zenbaterainoko indarra izango duten, eta uste dut hiriari begira gutxi lan egin dutela kanpainan. Kanpokoen aurpegi asko ikusi ditut kaleko karteletan. Espero den baino zatikatze txikiagoa espero dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.