Zorraren zama, gero eta arinago

Legealdia “motxilarik gabe” bukatuko dute Gipuzkoako udalek. Udaletxera iritsi zirenean, 2011. urte erdian, zorpetze handia jaso zuten herentzian aurreko agintalditik. Lau urte geroago, zorra kontrolatuta edo ia kontrolpean dute gehienek. Azken bi urteetan, gainera, inbertsioak mugitzen eta gerakinak erabiltzen hasi dira. “2011n baino egoera askoz hobean daude, eta ez dago egoera larririk uneotan”. Itziar Miner Gipuzkoako Aldundiko Ogasun eta Zerga Politikako zuzendariak udalen bilakaeraren argazki orokorra egin du.

Krisiak gogor ukitu ditu kontuak. 2011ko egoera “oso larria” zen. Zorpetze altuarekin hasi zuten udalek agintaldia. 2010. urtea izan zen, zehazki, Gipuzkoako udalek zor handiena izan duten urtea (482 milioi). Konparazio baterako, gaur egun zorra 2006ko mailan da: 380 milioitik behera. Udalen zor bizia kalkulatzerakoan, bankuei zor dietena hartzen da kontuan, baina ez hori bakarrik, baita emandako abalak ere. Beti ez da zorra, beraz. Hala ere, zorpetzea igotzeko joerarekin batera, beste hainbat faktorek bat egin zuten: diru sarrerak gutxitzen joan ziren udalak, eta, aldi berean, zeukaten gerakina gastatzen. Horrek egoera berri batera egokitu beharra ekarri zien.

Alkatetzara iritsi zirenean, 2010eko urrian egindako aurrekontuen araberako plana topatu zuten alderdiek. Besteak beste, 2011n udalak finantzatzeko diru funtsetik jasoko zutena aurreikusita zegoen: “407 milioi espero ziren, eta sekulako kolpea izan zen. 51 milioiko itzulketa egitea tokatu zitzaien”. Foru funtsa banatzerakoan, dirua aurreratzen zaie udalei, baina urte bukaeran zerga bilketa nola joan den, udalek dirua itzuli behar izaten dute batzuetan. 2011n itzuli beharrezkoaz aparte, 2008. eta 2009. urteetako itzulketak egin gabe aurkitu zituzten gobernu talde berriek: 2009tik, esaterako, 99 milioi bueltatu behar zituzten.

Aurreko agintaldian, itzulketa horiek atzeratzeko aukera adostu zuten aldundiak eta udalek; egungo aldundian dagoen taldeak, ordea, bestelako planteamendu bat proposatu zien: “Hala esan genien alkateei: ‘Ez dakigu 2012a nolakoa izango den; ezin dugu zorrak itzultzea luzatu jakin gabe zer aurkituko dugun”. Planteamendua “oso gogorra” izan zela dio Minerrek, baina “errealista”. Emaitzak eman ditu: “Azken bi urteetan asmatu dugu; aurten, gainera, kopuruak udalen alde atera dira”. 2007tik lehenengoz, foru funtsak dirua itzuli die udalei 2014ko likidazioan; 4,1 milioi, guztira.

Foru funtsa da udalen finantzaketa iturri nagusienetako bat. Udalez udal aldatzen da zenbatekoa; kasu batzuetan, finantzaketaren erdia izatera iristen da. Zerga itunduen bidez jasotakotik banaketan udalei dagokien zatia da, eta dagokien kopurua nahi dutenerako erabil dezakete udalek.

Aurreko urteetako itzulketekin bukatu izanak arnasa eman die udalei, eta funtsak izandako bilakaera onak ere lagundu die: 2011tik 2014ra 63 milioi euro handiagoa da funtsa. Izan ere, aldundiak baliabide erabilgarrien %1 gehiago ematen die orain udalei —2012an puntu erdi igo zuen, eta beste puntu erdi 2013an—.

Zergetatik jasotakoa

Aurreko faktoreez gain, zerga bilketaren ibilbide positiboak ere lagundu die egoera hobetzen. Gipuzkoako zerga bilketa orokorra %9,42 igo da 2011tik 2014ra, eta horrek “lurraldean baliabide gehiago geratzea” ekarri du. Udalei eurei dagokienez, zerga lokalak dira haien beste finantzabide nagusi bat, foru funtsaz eta administrazioetatik jasotzen dituzten diru laguntzez gain.

Zerga lokalekin lotutako neurriak ere hartu dituzte agintaldi honetan. Batetik, jarduera ekonomikoaren gaineko zergan bi milioitik milioi batera jaitsi dute salbuespena, eta, beraz, milioi batetik gora fakturatzen duten enpresek zerga ordaintzen dute orain. Horrekin hiru bat milioi gehiago jasotzen dituzte udalek oro har. Bestetik, zerga ondasun higiezinen errekargua ezarri diete erabilera ohikoa ez duten etxebizitzei. 50 udal inguruk aplikatu dute neurri hori, eta, horri esker, beste hiru bat milioi biltzen dituzte zenbait udalek. “Neurri txikiak dira, baina, denen baturarekin, egoera nabarmen aldatu da”. Norabide horretan udalek egindako ahalegina ere nabarmendu du Minerrek: “Alferrikako gastu asko kendu dituzte, errolda fiskala ondo begiratu dute ikusteko ea denek tasa guztiak ordaintzen dituzten…”.

Gero eta estuago

Alkateak eta aldundia gutxienez urtean bitan elkartu dira lau urteotan. Urrian aurrekontuak egiteko kopurua finkatzeko batzarrak egin dituzte; otsailean, berriz, likidazioa azaltzeko bilkurak. Arduratsu jokatu dutela onartu die aldundiak azken bileran, kontuak orekatzeari lehentasuna eman diotelako. Minerrek dioenez, azken urteetan udalak zain egon dira egoera egonkortu arte; zuhurtziaz jokatu dute, giroa ikusita. Legeak jarritako mugez ere mintzo da: “Udalak baldintzatuta egon dira, eta gero eta gehiago estutzen ari dira. Debekatua dute defizit egoeran aurrekontuak onartzea, gastuaren araua ere sartu da, zorpetzearen muga…”.

Zeukaten gerakina ezin erabilita ere egon dira: “Estatuak Europarekin konpromiso batzuk zeuzkan defizita gutxitzeko, eta zenbaki orokorretan batzuen gabeziak besteek estaltzea nahi zuen”.

Europak zorpetze helburuak jarri ditu 2020rako: udal baten zorrak ezingo du gainditu bere diru sarrera arrunten %70. Kalkuluak BPGaren arabera egiten dira, eta horretatik zehazten zaie udalei urtez urte zein ehunekotan egon behar duten, helburura heltzeko. Momentu honetan, gehienezko zorpetzea %95ean dago: Gipuzkoako udal guztiek betetzen dute; Errezil da altuena, %94,35ekin. Dagoeneko 2020ko helburua ere betetzen dute udal gehienek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.