Nekane Zinkunegi Barandiaran
Arrantzale familiakoa izanik, itsasoan lan egitea egokitu zitzaion Gregorio Kanpandegiri (Hondarribia, 1948), beste afizio batzuk bazituen ere. Lau hamarkadatik gora horretan aritu ondoren, 2006an hartu zuen erretiroa, eta gaur egun, ez du itsasoan lan egitearen faltarik sumatzen. Arbasoek itsasoarekin lotutako lanbideak izan badituzte ere, Kanpandegiren oinordekoek ez dute arrantzarekin zerikusia duen ezertan lan egiten, eta, hein batean, ulergarria iruditzen zaio.
Jatorriz dira arrantzale familiakoak: “Gure aita hala zen, aitona ere bai, birraitona…”. Hiru anaia eta bi arreba dira etxean; hura da zaharrena, eta, anaiek itsasoan lan egin ez badute ere, denak daude arrantzaren munduarekin lotuta: “Arrebetako batek Hondarribiko Arrantzale Kofradian lan egiten du, eta bestea, berriz, sare konpontzen-eta aritzen da. Gure ondorengoetako inork ez du jarraitzen, ordea; egia esan, normala ere bada, itsasokoa ez da lehorrekoa bezalako bizimodua”.
15 urterekin hasi zen aitarekin Santa Klara barkuan; gero, Pasaiako eskolara joan zen, 19 urterekin, eta patroi ikasketak egin zituen bi urtez. Ondoren, berriz aitaren barkura itzuli zen; eta 25 bat urte zituela, bi anaiekin batera, bigarren eskuko barku bat erosi zuten: “Bi anaiak izena zuen. Hiru anaiok eta Antton Blanco bazkidea 1985era arte ibili ginen barku horrekin, eta, ondoren, Marinel izeneko egurrezko barku bat egin genuen geure kasa, 22 metroko luzera zuena”.
Barkuko patroia izatea egokitu zitzaion Kanpandegiri, eta barku txikiekin ibili izan zirenez, amuarekin egiten zuten arrantza, baita arraste-arrantza esaten zaiona ere. “Atunetan ibiltzen ginen, eta hasi ginenean pentsatzen genuen Kantauri itsasoan bakarrik arrantzatuko genuela. Atunak, hiru bidaia-edo egiten ditu: iparralderantz, Irlandara; ipar-ekialderantz, AEBetara; edo Kantauri itsasora. Baina urteak pasatuta, gero eta atun gutxiago sartzen zen hona, eta hantxe ibili ginen Irlandaraino joanda”.
Ekain aldera-edo irteten ziren, eta Coruña ingurura joaten ziren, nahiz eta batzuetan beherago ere jaitsi behar izaten zuten. “Barku handiek beste funtzionamendu bat izaten dute, baina gurea ez zen handia, eta geure kasa ibiltzen ginen”. Arrantzatutakoa ez zuten Hondarribiko kaira ekartzen. “Arrantza bidaiak hamabost egun irauten badu, lehen egunean arrantzatutako atuna hamabigarren egunerako hasten da kalitatea galtzen”. Coruñatik hurbilen zegoen portura eramaten zuten. Han hustu, eta itsasora itzultzen ziren. “Gainera, Hondarribiraino etortzeak bidaiarako egun bat hartzea esan nahi du, eta denbora galtzen da horrela”. Beraz, hilabete eta erdi inguru egiten zuten irteten ziren aldiro etxetik kanpo, besterik ez zegoelako: “Bakoitzak daki bere lana nolakoa den, gurea atunaren eta berdelaren arloa zen, eta zegoenean jo eta ke aritu beharra izaten genuen”.
Itsasoan lan egitea gogorra izanda ere, “alde onak” ere badituela iruditzen zaio: “Esaterako, barkuan zurekin doana egiaz ezagutzeko aukera ematen dizu; itsasoan luze egonda ezagutzen da pertsona, eta ez txikiteoan. Hilabete eta erdi etxetik kanpora egiten baduzu, eguneko hogeita lau orduak hogei metro luze eta bost metro zabal den barkuan beste batzuekin pasatzen badituzu, han agertuko da guztia: bakoitzaren izaera, noiz dagoen baxu, noiz duen etxera itzultzeko gogoa…”. Hala ere, eurak “oso ongi” moldatzen ziren, eta arrantza egindakoan sentitzen zuten poza “izugarria” izaten zen. “Hori bai, eguraldi txarra egindakoan-eta ez da ederra izaten; gu saiatzen ginen kontuz ibiltzen. Izaten dira barkuak eguraldi txarrarekin ere arrantzan jarraitzen dutenak, baina guk ez genuen arrisku hori hartzen, ez dugu inoiz susto handirik eduki”.
Uztailean beteko dira bederatzi urte erretiroa hartu zuela, eta ez du itsasoko lanaren faltarik sumatzen: “Nire bi anaiek bai, baina nik ez. Hasi nintzenean ere banituen beste afizio batzuk: kuadrillakoekin kantatzea-eta gustatzen zitzaidan, eta besteen inbidia izaten nuen”. Lagun batek atunetara joateko proposamena eginez gero, denbora-pasa joatera animatuko litzateke, “baina lehen bezala ibiltzeko ez”. Hala ere, entretenituta egoteko aukera badauka. Izan ere, 2011n Hondarribiko Udalak Mariñel egurrezko azken arrantza ontzia erosi zuen, eta Benta Zaharrean, garai batean zegoen karroan jarri zuten ikusgai. Barkua Benta ingurura hurbiltzen diren guztiek ikusteko aukera dute, eta Kanpandegi bera arduratzen da haren mantentze lanak egiteaz.
Leave a Reply