Nekane Zinkunegi Barandiaran
Beti izan du itsasoa gertu Xabier Lasak (Lezo, 1977), baina “luxu bat” da berarentzat Donostiako Aquariumean lan egiteko aukera izatea. 35 bat langile dira, “nahiko gazteak” denak, eta euren artean “primerako harremana” dute: “Sekulakoa da goizero hona etorritakoan Parte Zaharrean edo kaian kafe bat hartu eta akuariora lanera etortzea; lana izan arren, kontziente gara izugarrizko toki politean ari garela”.
Duela hamabi urte-edo hasi zen Aquariumean lanean, Madrildik bueltan. Izan ere, turismo ikasketak egin zituen, eta gida lanetan aritu zen hiru urtez Madrilen, master bat ikasten zuen bitartean. “Hura bukatutakoan, tabernako zerbitzari lanetan hasi nintzen Aquariumean lanean. Horretan bolada batez aritu eta gero hasi nintzen marketin arduradun modura”. Komunikazio eta publizitate lanez arduratu behar izaten du egunerokoan: “Ekitaldien departamentua sortu genuen, eta horretaz arduratzen naiz. Baina lan komertzialak, publizitate kontuak, inbertsioak, linea eta produktu berrien sorrera, urtebetetze festak, prentsa agerraldiak eta komunikabideekiko harremana kudeatzea ere niri tokatzen zait”.
Urtean 300.000 bisita inguru jasotzen ditu Donostiako Aquariumak. Hori posible izateko hainbat faktore daudela iruditzen zaio Lasari: “Alde batetik, eskaintzen dugun eskaintza oso zabala da: 32 akuario dauzkagu, eta bi solairuko museoa”. Gainera, iruditzen zaio bertaratzen den jendeak ez duela akuario normal bat balitz bezala ikusten: “Sinbolo bat da; umetan, denok egin dugu bisitaren bat ikastolatik Aquariumera, eta gure bihotzean edo buruan oso barruan dagoen zerbait da”. Beraz, gipuzkoarrak eta euskal herritarrak, oro har, asko joaten dira beren etxe gisa sentitzen dutelako. Hala ere, bisitarien herenak-edo frantsesak izaten dira: “Gertu daude Euskal Herritik, eta Frantzian akuarioekiko kultura berezia dutenez, Ipar Euskal Herrira oporraldia pasatzera etortzen direnean, Donostia bisitatzeko eta akuariora etortzeko ohitura handia dute”. Baina Aste Santuan eta udan kanpoko jendea etortzen bada ere, Lasak nabarmendu du bisitari gehienak ehun kilometroko erradioaren barruan dabiltzanak izaten direla.
Haurrekin egiten duten dibulgazio lana izango litzateke akuarioko ildo garrantzitsuenetako bat. “Urtean 50.000 ume inguru etortzen dira eskoletatik, eta itsasoarekiko errespetua transmititzen ahalegintzen gara. Ibilaldi horietatik aparte, Aste Santuan eta udan ere egiten ditugu unean uneko ekintzak haurrentzat; eta ostiral gauetan, berriz, bisita gidatua, jolas edo ekintzaren batzuk eta bertan lo egiteko aukera eskaintzen diegu umeei”. Gainera, gauzak aldatu direla iruditzen zaio: “Guk, umetan, ez genuen itsasoarekiko ezagutza handirik. Gaur egun, berriz, 4 urtetik aurrera hasten dira haurrak akuariora etortzen; itsasoaren historia azaltzeko lan asko egiten ari dira eskoletan, baita lurraren historia kontatzeko ere”.
Turismo hiri batean kokatuta egotea ere bada arrakastarako gakoa. Donostiaren eskaintza turistikoan akuarioak duen pisua garrantzitsua da, eta Donostiaren kokapenak ere asko laguntzen du. “Aquariumaren historia ere puntu garrantzitsua dela esango nuke; ehun urtetik gorako historia du, Espainia mailako natur zientzien lehen museoa izan zen. Beraz, gauza asko uztartzen dituen gunea da, baina, batez ere, iruditzen zait eskaintzarekin asmatzen dugula”.
Kanpotik etorri izan diren faktoreek ere badute eragina erreferentzialtasun horretan: hainbat sari jaso izan dituzte, eta arrain espezie konkretu batzuk dauden akuario bakarra da Donostiakoa Europa mailan: “Horrek eraman gaitu beste akuarioek ere gu erreferente modura izendatzera. Akuario gisa dugun zatiaz gain, museo ozeanografikoko bi solairuak ere nabarmendu beharrekoak dira. Horrek laguntzen du euskaldunok urte luzeetan itsasoarekin izan dugun harremana islatzen. Euskal itsas historian murgiltzeko aukera ematen dugu”.
Balearen hezurdura eta 360 graduko tunela dira Lasari akuariotik gehien gustatzen zaizkion txokoak, baita Kantauriko akuario txikia ere. Bisitariak gehien harritzen dituena ere balearen hezurdura omen da: “Ez dute espero izaten horrekin topo egitea; arrainak soilik ikusiko dituztelakoan etortzen dira, eta, bat-batean, museoko bi solairuetan topatzen duten altxorrarekin harrituta geratzen dira”.
Horrez gain, dimentsioak ere harritzen ditu bertaratzen direnak; kanpotik ikusita txikia ematen baitu Aquariumak, baina 32 akuario ditu barnean. “Horien artean, Ozeanarioa da nabarmendu daitekeena, sakonera handikoa delako eta 5.000 arrain inguru topa daitezkeelako”. Hala ere, izan da espero gabeko sorpresa ez hain onekin topo egin duenik ere: “Gogoan dut behin andre bat akuario barrura sartu zela, eta arrainez inguratuta zegoela ohartu zenean, sarrerara itzuli zela bere txartela baliogabetzeko eskatzera, uretako parke bat zela uste izanda sartu zelako”.
Leave a Reply