Nekane Zinkunegi Barandiaran
Bazkaltzera! Sukaldariak piraten menua prestatu du. Hasteko, dordoka purea urre hautsarekin, eta bigarrena, balea arrautza-irinetan pasatuta. Sei egunez, horren antzeko menuak jaten dituzte Pasai Donibaneko Udaleku Piratetan parte hartzen duten umeek. “Euskaldunok janariarekin konkistatzekoak omen garela diote, eta haurrei ere ikaragarri gustatzen zaie piraten menua. Egun batean, ume batek sukaldeko atea jo eta sukaldariari bere etxera sukaldatzera joateko eskatu zion”.
Duela lau urte eta erdi hasi zen Ane Azpillaga (Azpeitia, 1989) Urtxintxa Eskolako begirale lanetan, eta egun Udaleku Piraten koordinatzailea da. “18 urte nituela hasi nintzen kontuotan murgiltzen. Herriko udalekuetan hasi nintzen begirale, Urtxintxa Eskolan euskara motibazio saioak ematen aritu nintzen gero eta, horrekin batera, Piraten Etxean begirale hastea eskaini zidaten”.
Piraten Etxea Pasaian dago, Arrokaundieta aterpean, eta, euskal kortsarioak eta piratak oinarri hartuta, euskara eta ingurumena lantzeko egitasmo pedagogikoa da. “Euskal Herri guztiko haurrak udan elkartzeko lekua izango litzateke; norbere barruko pirata ateratzeko aukera ematen dugu, giro euskaldun batean harremanak izanda”. Horretaz aparte, bizpahiru eguneko egonaldiak eskaintzen dituzte ikastetxeentzat ikasturte osoan; eta, asteburuetan, aterpea modu librean hartzeko aukera ematen diete aisialdi taldeei eta. “Gainerako haurrekin, hezitzaileekin, nahiz ingurune naturalarekin harreman osasuntsuak edukitzeko aukera ematen saiatzen gara”..
Udan, Udaleku Piratak antolatzen dituzte; astelehenean hasi zen eta bihar amaituko da horietako lehen txanda. Azpillaga gaur egun ez da udalekuetako begiralea, baina horien koordinazioa egiteaz arduratzen da. Fikziozko istorio batetik abiatuta, “piraten altxor preziatua” topatzeko aukera ematen diete haurrei piraten larruan sartutako hezitzaileek: “Gure birraitonaren birraitona zen Patakonengandik hasten da Piraten Etxeko istoriotxoa. Bi lagun zituen: Marizikin eta Tripaundi. Hiru lagun horiek talaiariak ziren, baina balearen bila irten ziren itsasora, eta hainbat abentura bizi izan zituzten. Tartean, pirata batzuk ezagutu, eta eurak ere pirata bilakatu ziren; Pasaiara itzuli, eta Piraten Etxea hartu zuten, eta haien haurren haurrak bertan daude oraindik ere, gaur egun ere Euskal Herriko haur guztiei piraten bizimodua nolakoa den erakutsi ahal izateko”.
Pirata eta kortsarioen moduan, umeek altxorra izaten dute helburu. “Baina, guk piraten kontzeptu materialistarekin apurtu egin nahi dugu; altxor hori ez dira urrea eta harribitxiak, benetako altxor hori gure baitan dago eta udalekuetan horretaz jabetzeko aukera eman nahi diegu umeei. Elkarrekin bizitako abenturak, istorioak, laguntasuna… Azken finean, horiek dira altxorra”.
Sei eguneko sei txanda antolatu dituzte aurtengo udarako, eta abuztuaren 8ra bitartean eskainiko dituzte. “Txanda bakoitzean, 48 haurrentzako lekua dugu gehienez ere, eta, aurten, 150-200 haur inguru izango ditugu guztira”. Normalean, “asko” gustatzen omen zaizkie udaleku piratak haurrei, eta urtetik urtera errepikatzeko ohitura ere badute zenbaitek.
Harreman berezia
2003. eta 2008. urte bitartean jaiotako haurrak dira Piraten Etxera udalekuetara joateko aukera dutenak, eta, zenbait ekintza adinaren arabera egokitzen badituzte ere, helduenak eta gazteenak batera ikustea gustuko du Azpillagak: “Hainbat adinetako haurrek bat egiten dute, 7tik 12 urtera artekoek. Batzuek sekulako inozentzia dute oraindik, eta helduxeagoek esaten digute: ‘Aaa, ez zarete benetako piratak!’. Baina, aldi berean, istorioa sinetsi egin nahi dute”.
Zenbait haur lehen aldiz etxetik irtenda joaten direnez, hezitzaileekin harreman berezia sortzen omen da. “Batzuk oso txikiak dira, sekula etxetik irten gabeak, eta oso momentu berezia izaten da. Gure hezitzaile piratekin egiten duten harremana oso berezia izaten da, ia euren guraso bihurtzen direlako egun horietan”.
Pasai Donibanetik lau kilometrora, Jaizkibelgo magalean egoteak itsasoa etengabe ikusteko aukera ematen die, baita horretaz gozatzekoa ere. Kokagune “pribilegiatua” du aterpeak, eta, bertatik, Pasaiako badia eta bailara osoa ikusten dira: “Piratek eta piraten istorioek aukera ematen digute itsasoko kontuak umeekin lantzeko. Batetik, arrantzaren inguruan aritzen gara: balearen arrantzak Euskal Herrian nolako garrantzia izan zuen, nola egiten zuten, talaiariek zein funtzio zuten… Bestetik, Pasaiako kostaldea ezagutzeko, itsasontzian nabigatzen dugu. Eta, Hondarribira joaten garenean, berriz, itsas kirolak egiteko aukera aprobetxatzen dugu. Normalean, ikaragarri gustatzen zaie itsasoa; oso erakargarria egiten zaie bereziki barrualdekoak direnei”.
Beraz, piraten istorioak itsasoaren mundua ezagutarazteko balio die, baina, bide batez, beste helburu batzuetara heltzeko aukera ere ematen die: “Ingurune natural batean murgiltzean, ingurumenarekiko errespetuzko jarrera bideratzen ahalegintzen gara. Bide batez, euskararen erabileran, ezagutzan eta motibazioan ere eragiten dugu”.
Leave a Reply