Zegama, lautadarako atea

Zegamak lotura berezia izan du Arabarekin, historikoki. Aizkorri-Aratz mendilerroaren alde banatara daude, eta San Adrian edo Leizarrateko pasabideak lotu ditu biak. Baina baita gehiagok ere. Erdi Aroan, Zegama menpean zuen Ladron de Zegama jauntxoa Gebara gazteluko (Barrundia, Araba) ladrondarren jatorrikoa zen. Bere garaian Gebarako eta Zegamako Ladron leinuak aurkari izan baziren ere, geroago bideak zaintzeko ituna egin zuten. Eta armarri berbera hartu zuten beren ezkututarako: Arabako ermandadeena.

Hain zuzen, Zegamaren lehen aipamen idatzia Arabako agiri batean agertu da. 1320an, Aguraingo eta Zalduondoko herriek mendien erabileraz izan zuten auzi batean idatzi zuten, lehen aldiz. Lehenagokoa da Zegamako aurreneko giza bizitokia. San Bartolome eliza XI-XII. mendeetarako bazegoen, inguruko “familien elkargune” izateko, Juan Carlos Mora historialariak Zegama, 1615: hiribildua liburuxkan dioenez. Hiribildu deneko 400. urteurrenaren harira atera du liburuxka udalak.

XIV. mendea giltzarria izan zen Zegamaren etorkizunerako. Batetik, Nafarroarekiko gatazken lehen lerroan egoteak erasoak eta lapurretak ekarri zituen. Bestetik, orduan indartu zen San Adriango bidea, Gaztelako lautadatik zetozen gaiak Europara eramateko eta Nafarroako erresuma saihesteko. Erromesentzat Donejakue bidea ere bazen. San Adrianen erabilera lehenagokoa zen, hala ere; 1010. urtean ermita bat bazen koban.

Mende hartan uzta txarrak, izurriteak, klima aldaketa eta biztanleriaren jaitsiera izan ziren, gainera. “Garai txarra” izan zen, Moraren arabera. Zegamarrek bi aukera zituzten: Ladron de Zegama leinuaren menpe geratzea edo Segurako hiribilduaren babesera joatea. Bigarrena hartu zuten.

Gabezia, ezintasun eta babesgabetasun aldian bihurtu zen Zegama Seguraren auzo, 1384ko ekainaren 12an. Mende hori txarra izan zen, oro har, baina ez zen hala izan hurrengoa. XV. gizaldia “hedapenaren mendea” izan zen. Zegamarrek San Martin eliza eraiki zuten, jatorrizko biltokitik beherago, haranaren erdian. Herriaren antolamendurako egitura bat ere finkatu zuten. Eliz atarian elkartzen ziren familiek bizilagunen artean erabaki ohi zituzten kontuak: bide eta zubi konponketa, herri mendien ustiaketa, ordezkari izateko herritarrak aukeratu… Segurako jurisdikzioak loturik ez zeuzkan hari muturrak bakarrik jos zitzaketen, noski.

Zegamarren desadostasunak berehala hasi ziren, Seguraren agintearekiko. XV. eta XVI. mendeetan auzi-eske batzuk izan zituzten. 1495ean, aldaketa garrantzitsua egin zuten, erabakimena bizilagunek hartzeko bidean: San Martin elizaren patronatua herriarengana igaro zen, ordura arte nagusi zen Ladron de Zegamari kenduta. Haren armarria hartu zuten, herriarena izateko. Horrez gain, Seguran egiten ziren arma-alardeetara joateri uko egin zioten zegamarrek, gainontzeko herrixkek bezala. Segurako alkatea beren herrietara joateko eskatu zuten. 1572an egin zuten banatzeko lehen ahalegina, eta 35 urte geroago, 1607an, Gaztelako erregearen diru kutxa hutsik geratu zenean, erraztu zen bidea.

Askatuta, baina ez aske

Legazpik 1608an irekitako atetik irten ziren Zegama eta beste lau herri —Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi eta Idiazabal— 1615eko urtarrilaren 26an, udalerri berrien baldintza juridikoak eta fiskalak zehazten zituen askatasun ebazpena jasota. Erregearen baieztapena eta boterea hartzeko agindua otsailaren 4an atera zen.

Duela laurehun urte, hiribildu titulua Koroari erosteko, 310 zegamarrek —eskubidedun auzotarrak ziren— 25 dukat ordaindu zuten bakoitzarengatik: 7.783 dukat edo 2.910.938 beloizko marai (gaur egungo 129 euro). Herri lurrak mugatu zituzten, eta une hartan Seguran epaitzeko zeuden auziak herrira eraman.

Andres Ugarte izendatu zuten alkate, apirilaren 5ean, eta Juan Beruntza alkateorde. Biak joan ziren 1615eko maiatzaren 2an Elgoibarko Batzar Nagusietara, Zegamaren ordezkari.

Finantzaketa arazo izan zuten. Titulua ordaindu ahal izateko, 3.571.875 maraiko mailegu bat hartu zuten. Gastu gehiago ere baziren, eta ez zen nahikoa izan: hurrengo urtean 1,9 milioiko beste mailegu bat behar izan zuten, eta herri lurrak saldu.

Udal agintari izateko baldintzek —25 urtetik gorako gizona, kaparea eta gaztelaniaz jakitea— herritar gehienak aparte utzi zituen. Udal boterea gutxi batzuen esku geratu zen, gero ere. 1637an, Zegamako Herri Elkartea sortu zuten sei herriren artean, batzarretako ordezkaritza batuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.