Berriak sortzean, pisua galdu

Gipuzkoako 30 herrik 400 urte bete dituzte aurten. Ordura arte, Tolosa, Ordizia eta Segurari atxikita zeuden horietatik 29: Ordiziak zortzi herri zituen, Segurak zazpi, eta Tolosak hamalau. Urnieta ere hiribildu bihurtu zen 1615ean; Donostia, Aiztondo eta Hernaniri atxikita zegoen. Hiribildu berriak sortzeak eragina izan zuen Tolosa, Segura eta Ordiziarengan.

TOLOSA
Erabaki gune izana

XV. mendean sortu zen Gipuzkoako Ermandadea, lurraldeko herriak bildu zituena eta egungo gobernu sistemaren sorburua. Tolosak izan zuen zeresanik: batetik, bere bultzatzailerik nagusiena Domenjon Gonzalez de Andia tolosarra izan zelako —garai hartan Batzar Orokorretako eskribaua—, eta, bestetik, inguruko 25 herri urte batzuk lehenagotik Tolosako jurisdikzioaren menpe jarrita zeudelako babesa lortzearen truke; hartara, Tolosak Gipuzkoako lurraldearen zati handia ordezkatzen zuen ermandadean.

Tolosara atxikita zeuden hamalau herri hiribildu bihurtu ziren 1615ean. Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Amasa —1619an Amasa eta Villabona elkartu ziren—, Andoain, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Orendain eta Zizurkil. Beste zenbait herri ere saiatu ziren hiribildu bihurtzen, baina urte horretan hamalau horiek eskuratu zuten izaera berria.

Hainbat arrazoi izan ziren herriek Tolosatik banatzeko nahia azaltzeko. Batetik, ahaide nagusiek indarra galdu ahala, udalerri nagusiekiko lotura karga moduan ikusten hasi ziren herriak, babes moduan baino gehiago. Bestetik, baziren zenbait herri urteak zeramatzatenak banaketa eskatzen. “Berastegi eta Elduaindik, batez ere borrokatzen ziren Leitzarango bidea ireki nahi zutelako, Nafarroatik zetozen produktuekin merkataritza harremanak izateko Tolosako aduanan zerga ordaindu behar izanik gabe. Andoain ere berdin, Leitzaran ondoan zegoelako. Alegiak hiribildu izaera zuen, baina bere alkateak ezin zuen justizia osoki administratu. Amezketak ere hainbat auzi zituen Tolosarekin, eta banatzea eskatzen zuen, beraien arteko harremanek bestela auzi gehiago sortuko zituztela eta”, azaldu du Estibaliz Gonzalez Dios historia ikerlariak. Tolosako Udalak bultzatuta, eta Eusko Ikaskuntzarekin batera, ikerketa lan bat egin dute garai horri buruz. Orain gutxi bukatu du Gonzalez Diosek Tolosaldea 1615: hamalau hiribilduren sorrera lana.

Koroaren diru beharra ere arrazoietako bat izan zen. “Urte batzuk lehenago Valladoliden zeuden herri horiek guztiak auzitan independentzia lortu ahal izateko, eta ezezkoa jaso zuten”. Erregeak aukera hori eman zuen 1614an; hori bai, diruaren truke. Beste arrazoi nagusi bat Batzar Nagusietako ordezkaritza zen. “Herriek eskatzen zuten ordezkaritza izatea. Tolosak bere suengatik edo botoengatik bozkatzen zuela zioten, baina ez zietela azaltzen nola hartzen zituen erabakiak”.

Botere aldaketa Gipuzkoan

Banatze prozesua izan aurretik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Tolosak esaten zuena aurrera zihoan, askotan Ordiziak eta Segurak lagunduta. Hiribildu berrien sorrerarekin, Tolosak indarra galdu zuen Gipuzkoan, eta beste udalerri batzuk irabazi; horietan nabarmenena Donostia.

Azpeitiak eta Azkoitiak boto pertsonalak eskatzen zituzten; hau da, udalerri bakoitzak boto bat izatea. Herrien banatzeko ahalegin horretan, hiribildu horiek ikusi zuten aukera Tolosak boto kopurua galtzeko. Behin Tolosak boterea galdu zuenean Batzar Nagusietan, Donostia izan zen hiribildu indartsuena. Urnieta eta Pasaia zituen bere jurisdikzioaren barruan Donostiak, eta horiek ere hiribildu izan nahi zuten, baina Donostiak Gortean zenbait hari mugitu zituen hori ez gertatzeko.

Tolosatik banatu ondoren sortutako hiribildu berriak Donostiaren alde egiten hasi ziren, banaketan beren alde jokatu zuelako, eta, beraz, Tolosatik Donostiara pasatu zen erabaki gunea Gipuzkoan.

ORDIZIA
Feria, metropoliko aztarna

Historiografiak ohituraz eta inongo frogarik gabe esan duenaren aurka, Ordiziako hiribildua Segura eta Tolosa baino hamabi urte geroago eratu zuten, eta ez urte berean. 1268ko uztailaren 30ean datatuta dago sorrera agiria, Gaztelako eta Leongo Alfontso X.a erregeak sinatua. Gasteizen foruak eta eskubideak eman zizkion.

Hain zuzen, Seguraren eta Tolosaren erdibidean kokatu zuen hiri gotortu berria koroa gaztelarrak, Gipuzkoa zeharkatzen zuten bi errege bide nagusietako bat zaintzeko —beste bideak, Leintz-Gatzagatik sartu, eta Deba ibarra gurutzatzen zuen—.

Ordizia toponimoa bera oso antzinakoa da, eta hiriaren sorrera gutunean ageri da. Villafranca izenak errege eskubidedun hiria zela aditzera ematen zuen, hari ordaindu beharreko zergetatik salbuetsita baitzegoen. Aurretik, San Bartolome inguruan zegoen Ordiziako bizitokia. Seguran bezala, alboko muinoan antolatu zuten gero hiria.

Errege hiri moduan, XIV. mendeko mugimendu politikoetan indar handia hartu zuen. Nafarroako Erresumari aurre egiteko tresna ziren hiribildu horiek, batetik. Ahaide nagusien botereari erantzuteko eta menperatzeko gune erregearentzat, bestetik.

Hala, 1399ko apirilaren 8an, inguruko zortzi herrixka —Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia— eta Lazkaoko etxe batzuk batu zitzaizkion Ordiziari —Maizaundi, Izagirre biak eta Garmendia; 1648ra arte egon ziren horiek—. Hango alkatea zuten epaile, eta Ordiziako forua eskubide.

Kanpai hotsera, elizan

Auzotasun agiria sinatzeko ekitaldia Andre Mari elizan egin zuten, “kanpai hotsen deira”. Herri bakoitzeko ordezkariak elkartu ziren, pertsonalki, edo beste batzuen bidez. Administrazio ekonomikoak, lurren mugaketak eta batzar irekiek —auzo alkate bat buru zela— herri bakoitzaren esku segitu zuen. Baina eskumen zibila eta kriminala hiribilduaren menpera igaro zen. Ordiziako alkatea eta zinegotziak urtero aukeratzen zituzten.

Erregeak lurralde eremu zabalagoaren gaineko kontrol eta eragin zuzena lortu zuen bat egitearekin. Ordiziak, berriz, pisu handiagoa Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 30 hiri eta haranen artetik bat zen, eta 8. postuan bozkatzen zuen. Bere menpeko herrixkenak batuta, 105 suren indarra zeukan Ordiziak batzarretan —bere 34ez gain—, eta 863 eskubidedun bizilagunen ordezkaritza.

Behin Gipuzkoako ermandadeek ahaide nagusiak betiko azpiratu zituztenean, 1439an, hiriak geratu ziren barne politikaren jagole bakar. Eta Koroak jakin izan zuen bere interesen mesederako ziren gune horiek zaintzen: 1512an Ordizia sute batek kiskali zuenean —Nafarroaren konkista hasitako urtea zen—, hiria lehenbailehen suspertzeko astero azoka egiteko baimena eman zion Gaztelako erregina Juanak.

Babesa bai, diru premiek erregetza bestelakorik egitera bultzatu zuten arte. 216 urte lehenago hiribilduei atxiki zizkien herriak atzera askatzeko, biztanleko 25 dukat kobratu zituen errege Ogasunak, herrixkengatik. Ordiziak indarra galdu zuen batzarretan, baina behinolako metropoli izaerari eutsi dio gaur arte, feriarekin.

SEGURA
Mugaren zaintzailea

Gaztela eta Leongo erresumak 50 urte nahikoak izan zituen bere menpeko lurralde hartu berria kontrolatzeko azpiegiturak eraikitzeko. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko lurrak Nafarroari 1200ean erauzi ondoren, 1256an jada estrategikoki kokatutako hiri gotortuekin zipriztindu zuen Gipuzkoa, bide komertzialak babesteko. Horietako hiri bat izan zen Segura, 1256an Alfontso X.a errege gaztelarrak eraikia, “Villa segura“, hiri seguru izateko. Gasteizko forua zuen Segurak ere.

Aurretik ere bazen bizitokirik. Erraztiolatza parajean herrixka bat zegoen aztarnak badira, gaur egungo San Andres ermitaren inguruan. Hiria atzeko muinoan eraiki zuten, harresiz inguratuta.

Seguraren loraldiak gainerako Erdi Aro osoa iraun zuen, XVIII. mendera arte. Hirigunea asko zabaldu zen, lau hektareako hedadura hartzeraino. Oraindik Seguraren hirigintzak Erdi Aroko morfologia du. Harresien barruan, 26 ur putzuk ahalbidetzen zuten ur hornidura, eta bost ate zeuzkan: nagusiak goikoa (Gaztelakoa deitua) eta behekoa.

Gipuzkoako ermandadearen jatorrizko 23 hirietako bat da Segura. Horren aztarna da gaur egun oraindik Batzar Nagusi ibiltariek bertan egiten duten bilera, uztailaren 2an, txanda egokitutako urtean.

Eragin eremua hazten

Arabatik San Adriango pasabidean barrena zetorren errege bidea segurtatzeko hiri izatea zen hasierako zeregina; denborarekin, ordea, mugako defentsa-leku funtzioa ere hartu zuen, Nafarroa eta Gaztelaren arteko ika-miketan. Eragin indarra handitzeko, Seguraren inguruko herrixkak jurisdikzio haren menpera igaro ziren, 1384ko ekainaren 6ko auzotasun agiriaren arabera.

Gaur egun Goierri den lurraldearen mendebaleko erdi osoa menperatu zuen Segurak, lurraldez. Haren menpeko bihurtu zen Urretxuko hiria ere, 1383an bizilagunen eskariz eratua —eta ez, Segura bezala, erregearen ekinbidez—. XV. mendean zenbait herri Areriako alkatetza nagusira joan baziren ere, Seguraren auzo izan ziren Legazpi (1608 arte), Astigarreta, Gudugarreta, Idiazabal, Mutiloa, Ormaiztegi, Zegama eta Zerain.

Istiluak piztu ziren euren artean. 1470ean, Segurak bere menpeko herrixkei hainbat gastutan parte hartzeko eskatu zien: hiri gotortuko itxiturak, dorreak, ateak, lubakiak, kartzela eta harresiak konpontzen; alkate, fidel, agintari, pregoilari, prokuradore, morroi, mezulari eta ordezkarien soldatak ordaintzen; eta Seguran gauero zaintza egiten zuten ofizialaren eta lau zaindariren soldatak ordaintzen. Inoiz ez zituztela ordaindu eta aurrerantzean ere ez zeukatela asmorik kexatu arren, epaitegiek gastuei aurre egitera behartu zituzten herriak, Seguraren alde.

Herriak 1615ean bereizi zirenean, su kopuruan erdira jaitsi zen Seguraren bozketa ahalmena Batzar Nagusietan, 116tik 60ra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.