Nekane Zinkunegi Barandiaran
Halabeharrez-edo murgildu zen Jexux Mari Garmendia (Orio, 1950) igeriketaren munduan, eta Zarauzko igeri elkarteko masterren taldeko kidea da gaur egun. 30 alditan baino gehiagotan egin du Getaria-Zarautz zeharkaldia, eta igandean egingo den aurtengo aldirako ere jarri dio erronka bere buruari: “50 minutuko buelta horretan ibili nahi nuke; oso gustura egongo nintzakete, baita mantsoago egiten badut ere”.
Betidanik ibili izan da itsasoan; bere garaian, Orioko gazte gehienak bezalaxe, arraunean ere ibili zen. Igerian umetatik jardun arren, teknika hobetzera eraman zuen halabeharrak: “30 urte nituela, birika bat kendu behar izan zidaten, eta esan zidaten arnasketa ariketak egitea komeni zitzaidala. Zarautzen igerilekuak ireki zituzten orduan, eta sekulakoa izan zen hori niretzat. Han hasi nintzen poliki-poliki igerian egiten. Ez baita gauza bera Orioko moilan uretan ibiltzea edo igerilekuan modu teknikoan igeri egitea”. Hala ikusi zuen geroz eta hobeto egiten zuela igerian, eta ohartu zen gai zela zeharkaldi bat egiteko, eta horrelaxe hasi zen Getaria-Zarauzkoan parte hartzen.
Kontua galduta dauka, baina 1981etik bi alditan soilik geratu da zeharkaldian parte hartu gabe: “1987an, Berlinen eta Zarautzen arteko senidetzea izan zen, eta haraino joan ginen arraun egitera, trainerua autobusaren gainean jarrita. 2000. urtean, berriz, Orion nenbilen arraunean, eta horregatik galdu nuen”. Gainera, zeharkaldiko egunean bertan egiteaz gain, entrenatzeko ere askotan joaten da Getariatik Zarautzera igerian. “Guztira, 90 bat aldiz egingo nuen”. Igande honetan izango da aurtengoa, eta “ezeren okerrik” ez badu, egiteko asmoa du Garmendiak. “Behin adin batetik aurrera, bizitzako edozein arlotan, eta kirolean bereziki, norbere ahalmena jaisten joaten da urtetik urtera. Mantendu ahal izateko ere gehiago saiatu behar da, baina gehiago saiatuta ere ez da lortzen batzuetan, jaitsi egiten da”.
Egindako zeharkaldi guztien artean, ordea, lehen aldikoa du gogoan: “Zarauztarren artean lehenengo postuan amaitu nuen. Lehen, beteranoen kategoria 35 urtetik gorakoa izaten zen, eta horretan irabazle edo lehen postuetan ere ibili izan naiz”. Ahal duen heinean zeharkaldi hori egiten behintzat jarraitu nahi luke. “Igeriketa munduan, arraunean Kontxako bandera bezalakoa da. Kanpotik begira egoten den jendearen giroa ere ederra da. Nik beti pentsatu izan dut lehorretik hainbeste igerilari ikustea ere ederra izango dela, gu uretatik ez gara ohartzen eta”.
Hala ere, aitortu du kaotiko samarra ere bihurtzen dela zeharkaldia egitera joandako igerilari guztiak itsasoratzea, eta bere trikimailuak badituela: “Mantsoago egin behar badut ere, saiatzen naiz albo batetik egiten. Bestela, erditik joanez gero zartakoak jasotzeko eta tragoak egiteko aukera dago”. Eta esperientziak ematen dion bentajatik hasi berrientzako aholkuak ere baditu: “Presaka ez hasteko esango nieke, patxaran hartzeko, pazientzia izateko eta burua ere prestatzeko. Iristea eta gozatzea da garrantzitsua”. Sufritu arren norberak egindakoaren satisfazioak balio handia du, Garmendiaren ustez: “Lehen aldiz egiten duenarentzat sekulakoa da; talde kiroletan lortutako lorpenak ederrak dira, baina norberak bakarrik lortzen dituenak ikaragarriak dira”.
Abenduan beteko ditu 65 urte, eta lanetik ofizialki erretiroa hartuta badago ere, igeriketatik ez luke erretiratu nahi oraingoz: “Lantokitik jubilatuta nago, nahiz eta lanik ez zaidan falta. Baina igeriketa utziko banu, zaila izango litzaidake berriro itzultzea, eta ahal dudan bitartean jarraitzeko asmoa daukat”. Zarauzko Balea igeriketa elkarteko masterren taldeko kidea da; 25 bat igerilari gaude han, eta Hektor Llanos triatleta ohia da beren entrenatzailea. “Entrenatzeko programa bat osatu zigun, eta harekin entrenatzeaz gain, zeharkaldirako bakoitza bere aldetik ahal duguna egiten saiatzen gara”.
Gaur egun, gainera, Eneritz alabarekin batera egiten du igerian, biak baitaude Zarauzko igeri elkartean. Uztailaren 4an, Llançako (Herrialde Katalanak) Cala Farella eta El Port de la Selva arteko zeharkaldian parte hartu zuten biek. “Ezin dut bizitza itsasorik gabe imajinatu”. Mendia ere asko gustatzen zaio, baina lurralde bat itsasorik gabe “oso gogorra” egingo litzaioke. “Itsasoa ikuste hutsak bizitza ematen dit”.
Leave a Reply