Nekane Zinkunegi Barandiaran
Ikasle garaian deskubritu zuen piraguaren mundua Olatz Alkortak (Donostia, 1983), eta oraindik horretan murgilduta jarraitzen du. “Arantzazuko Ama ikastolan nenbilen garaian, heziketa fisikoko klaseetan, udaberrian eta udazkenean bosna piragua saio egitera joaten ginen, eta hala ezagutu nuen kirola”. Gustatu egin zitzaion, eta udan ikastaroarekin jarraitzeko aukera eman zieten. “Orduan hasi, eta gaur arte”. Donostia Kayak klubeko kidea izateaz gain, Euskadiko Kanoa Federazioko zuzendari teknikoa da gaur egun, “oso-oso zaila delako piraguismoa bizibide izatea”.
Gaur egun ur lasaietan lehiatzen bada ere, baliatzen du piragua itsasoan ibiltzeko: “Estropadak ikustera edo bestelako txangoak egitera irteten naiz tarteka”. Gainera, parte hartu izan du itsasoko probetan ere: 2000. urtean Getaria eta Donostia arteko proba egin zuen. “Urte horretan mistoen errekorra gainditu genuen”. Horrez gain, bera kide den Donostia Kayak klubak badu ur bizietako modalitatea ere, eta baditu lagunak itsasoan lehiatzen dihardutenak.
Piragua federazioan, kirol egutegia antolatzeaz, txapelketetako araudia zehazteaz nahiz bertako kirolariak zein lehiatara joango diren erabakitzeko hautaketa sistema egiteaz arduratzen da. Prestakuntza pertsonalari dagokionez, berriz, normalean, astean sei egunetan entrenatzen dira: asteartetik igandera bitartean entrenatu eta astelehenetan atsedena egin. “Batzuetan, egunean saio bat eta beste batzuetan bi egiten ditugu; denboraldiaren eta eguraldiaren araberakoa izaten da”. Goi mailan aritu nahi izanez gero, ardura handia eskatzen duen kirola da piraguismoa: “Zalantzarik gabe, kontrolatu egin behar dira festak, parrandak eta halakoak, baina kirol guztietako kontua da hori. Garrantzitsua da norbere burua zaintzea, entrenamenduak bezain garrantzitsua baita atsedena gure kirolean”.
Esfortzu horiek behar bezala egiteak eraman dute hainbat titulu lortzera: “2007an, laugarren geratu nintzen Munduko Txapelketan, iraupen luzeko binakako frogan; eta Europako laugarrenak ere izan ginen 2005ean. Urrea eskuratzea genuen buruan, eta arantza txikiarekin itzuli baginen ere, lorpen handia izan zen. Urte hartan uste dut irabazi genuela Munduko Kopa Portugalen”. Piragua kirol berezia iruditzen zaio, banakako kirola delako izatez, eta neguko denboraldian hala aritzen direlako. Baina udaberria heltzen denean, banaka jarraitzea posible den arren, binakako edo launakako probetan ere parte har daiteke, eta talde kirola dela ere esan daiteke.
Kirol arloan emakumeen eta gizonen artean dagoen ezberdintasuna orokorra denez, Alkortak uste du gainerako kiroletan bezalakoa dela piraguaren kasuan ere. “Hedabideek ere pisu handia dute horretan, oihartzun handia ematen dietelako kirolarien lorpenei, eta oihartzun horretan emakumeen kontuak baztertuta-edo daude oraindik”. Uste du kirola egitea eta inguru naturaletan ibiltzea gustatzen zaienentzako aukera egokia dela piraguismoa: “Alde ona da naturarekin daukan erlazioa; errekan joaterakoan izaten ditugun sentsazioak ederrak dira. Noski, naturarekin harremanean egoteak berak zailtzen du piraguismoa neguan, gure etsairik txarrenak izaten baitira euria, haizea eta hotza”. Hala ere, izan dituzten ezustekorik txarrenak lehorrean gertatu zaizkie: “Piraguak garraiatzeko orduan, gurdiren batean edo auto gainean lotuta eramaten ditugu. Eta gertatu izan zaigu sokak edo autoko parrilla egoera onean ez egotea, eta piraguak hegan irtetea. Zorionez, ez dugu bestelako sustorik izan”.
Bidaiak han-hemenka
Piraguismoa sustatzen ahalegintzen dira Euskadiko Kanoa Federazioko kideak: “Kluben ordezkaritza eta defentsa egitea da federazioaren lana; piraguismoa praktikatzea erraztu nahi dugu, eta praktikatu nahi luketen guztiei edozein modalitatetarako aukera eman”. Izan ere, Alkortak asko bidaiatu du piraguismoari esker, eta kirol horrek erreferentzia handia duen lekuetan egoteko aukera izan du: “Gaztea nintzenean, entrenamenduren bat egitera edo frogetara joanda, leku asko ezagutu ditut. Estatu osora hedatzen dira frogak. Eta nazioarteko kasuan, Australia izan da urrutieneko helmuga; sekulako esperientzia izan zen”. Baina Europan ere ibili izan da, eta Hungariako bidaia beti edukiko du gogoan: “Han kirol nazionala delako piraguismoa, eta piraguistek jendearen aldetik jarraipen eta aitorpen handia dutelako. Oso ederra da han jasotzen den eskerra”.
Zeregina badagoela uste du, piraguismoak merezitako aitorpena izan dezan, baina iruditzen zaio Gipuzkoan behintzat osasun ona duela eta egoera onean dagoela. “Kirolarion esfortzua oso handia da; denbora asko eskaintzen diogu piraguismoari, eta gauza asko utzi behar izan ditugu alde batera geure helburuak lortzeko”. Orain kirola lehiatzeko baino gehiago gozatzeko egiten badu ere, piraguan luze jarraitzea espero du: “Halako bizimodu bat hautatuz gero, bizitza osorako izaten dela uste dut”.
Leave a Reply