Ezezkoen iraultza, eszenan

Captura de pantalla 2015-09-23 a las 14.52.39Beti da posible ezetz esatea. Beti da posible, duintasunik eta askatasunik ez dagoenean; beti da posible, desberdintasunak daudenean”. Kontua da nola egin. Roberto R. Aramaio irakasleak bere egin ditu Javier Mugerza filosofoaren hitzok, eta disidentearen figurari erreparatu dio: “Disidentea ez da fanatikoa, ez intolerantea. Sistema barrutik hitz egiten du, ihes egin gabe”.

Beste hainbat arlotan bezala, zineman ere ikuspegi ezberdinetatik jorratu izan da disidentzia. Horretaz aritu dira, hain zuzen, Aramaio bera, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, eta Javier Rebollo eta David Trueba zinemagileak. Zinema ideiak eta zinema ideiaduna zikloan parte hartu dute aste honetan, Donostiako San Telmo museoan. Saioan aipamen berezia egin diote Pier Paolo Pasolini zinemagile disidenteari, egunotan hari eskainitako erakusketa jarria baitute museoan —urriaren 4ra arte bisita daiteke—.

“Disidente batekin” hasi da mahai ingurua, hain justu: Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria parte hartzekoa zen, baina azken orduko gorabeherengatik huts egin du.

BIZITZA BERDIN ZINEMA

Berdin gertatzen da zineman zein bizitzan: ezetz esatea ez da popularra. Rebollok dioenez, ezetzak deseroso sentiarazten du: “Ezetz esan beharra aktore bati, neska-lagunari… ez da ondo ikusten”. Disidentearen nahia, baina, ez da kontrako aldean jartzea, hitza erabiltzea baizik: “Ezetz esan nahi du. Ezetza ezetzagatik”.

Adibide gisa, txikitan aitarekin izandako elkarrizketa bat ekarri du Rebollok gogora. Hala galdetu zion behin aitari: “Zergatik eraman nauzu apaizen eskola batera, zu ateoa eta marxista izanda?”. Eta hark erantzun: “Zerbait kritikatzeko, ondo dator hura gertu izatea”. Irakaspen hura entzun ondoren ezetz esaten ikasi zuen; jaunartzean, denak marinelez zihoazenean, bera bakeroetan; eskaut kanpamentuetan, mutilekin egon beharrean, nahiago neskekin. “Oso ondo zergatik jakin gabe ere, ondo dago ezetz esatea, pauso bat atzera ematea, eta, gero, norbere buruari zergatia galdetzea”.

Film bat grabatzerakoan ere, dena prest dagoenean, aldaketatxoren bat egitea proposatu du: “Eta beste modu honetara egingo bagenu…?”. Rebolloren ustetan, ez da zertan mundua buruz behera jarri; nahikoa da sistema barrutik guztia pixka bat aldatzearekin. “Denean balio du horrek: sukaldean, amodioan, politikan…”.

ZINEMAGILEEN ROLA

Disidenteen eta politikaren arteko loturari erreparatu dio Fernandezek. Zinemagile edo artistak botere politikoaren aurka iruditu ditu, eta joan den hileko albiste bat jarri du adibidetzat: Oleg Sentsov Ukrainako zinemagileari hogei urteko zigorra jarri dio Errusiako Justiziak, “terrorismoagatik”.

Botere politikoekiko harremanez aparte, zinemaren bitartez gizartearengan eragin dezaketenaz ere ari da Trueba. “Artista, idazlea, zinemagilea… oso garrantzitsua da. Une oro gizartearekin dago harremanetan, dituen kontraesanak gogorarazten”. Jean Renoir zinemagilearen esan bat erabili du kontraesan horren adierazle; hala zioen: “Harritu egiten nau klase pobrearen miseriak ikusten dituenean gozatu eta negar egiten duen publiko horrek, baina gero etxera iritsi eta neskamea kaleratzea, haurdun geratu delako”.

Zinemagileak eurak ere zinemaren negoziazioaren aurrean izan daitezke disidente. Truebak dioenez,negozioak “perbertsio bat inposatzen dio zinemagileari”, eta zinemagileak horrekin bizi behar du. “Katean, batzuen interes handiena dirua irabaztea da”. Haren arabera, ordea, zuzendarien nahia ez da normalean hori izaten, lanari eustea eta nahi dutena egitea baizik. “Perbertsioa dago bere interesa dirua irabaztea bilakatzen duenean; irakurtzen duguna bildutako dirua da, obraren bedeinkazioa. Horren aurrean errebelatu behar duzu. Disidentzia da zinemaren negozioari gogoraraztea ez dela negozio bat bakarrik”.

TESTUINGURUAN, ETA KANPO

Film edo bestelako sorkuntza bat egiterakoan, berebiziko eragina du testuinguruak. Alde horretatik, artearen mundua “krudela” dela dio Truebak: “Testuinguruak behartzen zaitu dagoenarekin toreatzera eta hor irautera, baina jakinda hori inoiz ez dela balio bat izango. Urteetara izango duen balioa obra hutsarena izango da; obrarena, biluzik”.

Rebollo ez dago guztiz ados: “Bai, baina ez. Saber perder zure liburuak [2008] gauza ezberdin bat adieraziko du orain eta hemendik berrogei urtera”, mintzatu zaio Truebari. Obra sortu zen testuingurutik kanpo, Rebollo konbentzituta dago pelikulak berriro ikusi behar direla, liburuak berriro irakurri behar direla. “Pasoliniren erakusketak ere gauza ezberdinak esaten ditu Erroman, Parisen, Bartzelonan edo hemen ikusita…”.

DISIDENTE EUSKALDUNAK

Inguruan badira disidente izandako zinemagileak ere. Euskadiko Filmategiko zuzendariak egin die errepasoa. Hala dio Nemesio Sobrevilari buruz: “Erbestera atera behar izan zuen, eta horrekin bere ibilbide profesionala amaitu zen; ez zuen gehiago filmik egin”. Fernandezen ustetan, 36ko gerraren inguruko pelikula interesgarrienetako bat harena da: Guernika (1937).

36ko gerrak “basamortu” bihurtu zuen Euskal Herria zinemagileei dagokienez, gehienek erbestera ihes egin behar izan baitzuten. Eloy de la Iglesia aipatu du disidente gisa, eta Jose Maria Zabalza, eta Elias Kerejeta. Azken hori “zinema metaforikoaren ekoizle handia” izan zen Fernandezentzat. Disidentea guztiz, batzuek “disidente moderatu” gisa ikusten duten arren: “Veneziara, Berlinera eta Cannesera joaten zirenean, frankismoaren kontrako eraso bezala ikusten ziren haren filmak, argi eta garbi”.

Orduko arazo eta trabei alde onak ere ikusten dizkie Truebak: “Espainian arazo bat zekarkionak atzerrian bertute bat ematen zion”. Azken urteetan Irango zinemarekin gertatzen denarekin konparatu du: “Jendeak ulertzen du barruko matxinada batetik sortutako zerbait dela”.

PASOLINI

“Guztiaren disidente” izan zen Pier Paolo Pasolini: bere sexualitatearen disidente, hizkuntzarena, zinemarena… Asko sufritu zuen. Haren erradiografia azkar bat egin du Rebollok: “Isila zen, zuhurra. Komunista eta homosexuala, abortuaren aurka zegoen, friuleraz idazten zuen, aita gorroto zuen militar faxista bat zelako… Garai oso zaila bizitzea tokatu zitzaion: II. Mundu Gerra amaituta, demokrazia kristauak irabazi zuen pentsatzen zenean komunistek irabaziko zutela, diktadura demokratikoa iritsi zen…”. Alderdi komunistatik egotzi zuten homosexuala zela jakin zutenean.

Disidentziak ere badu norberarekiko eta ingurukoekiko oposizioa; nork bere buruari galdetzea, “zer egiten ari naiz?”, eta errebelatzea. Pasolinik bizitako pasarte bat gogora ekarri du Truebak adibidetzat: 1968ko maiatza zen. Iraultzak zeuden Frantzian, unibertsitate giroan, ikasle eta langileak botere burgesaren kontra. Momentu horretan bertan, Europa erdialdetik erbestera joan ziren hainbat zinemagile ezagun, Milos Forman tarteko. Hark kontatzen zuenez, komunismotik ihesi Parisera heldu zenean, gazte batzuk topatu zituen komunismoa eskatuz. Erotuta baleude bezala begiratu zien. Istiluak izan ziren bi aldeen artean, eta Erromatik, honela esan zuen Pasolinik: “Ni polizien alde; horiek ere langile klasearen semeak dira”. Istiluen biharamunean idatzitako poema bat errezitatu du Rebollok: “Manifestariak etorkizuneko burgesak zarete, zuek gidatuko dituzuelako etorkizuneko enpresak […] Atzo zuek zineten aberatsak, eta poliziak ziren pobreak”.