Katalunia, Euskal Herria

Leire Narbaiza

Euskaldun askori Kataluniak inbidia ikaragarria sortu izan digu. Betidanik. Lehen, mirespenez begiratzen genien katalanaren egoerarengatik. Adurra dariola behatzen genuen euren jarduna: kalean, literaturan, oraintsuago telebistan… Gurearekin alderatuz gero, amildegi ikaragarria. Era berean, katalanen modernotasunak ere liluratzen gintuen. Agerikoa zen Espainiari baino, Europari begiratu izan diotela beti, edo guk baino gehiago, behintzat. Kultura sakonagoa dutela begitantzen zaigu, gu baino finagoak, alegia.

Orain, ostera, sortzen diguten txundidura are handiagoa da hartu duten independentzia bidearekin. Hizkuntza eta kulturaz gain, subiranotasun prozesua benetako ispilua da guretako.

Dena den, gure zirkunstantziak ez dira beraienak. Abiapuntu ezberdinetatik irten gara. Historia ez da bera, ezta egoera ere. Biolentzia larregi izan dugu hemen, baita “bertan goxo” asko ere. Kontzertu ekonomikoa bide horretan lagungarri baino, konformaerraz bihurtu gaituelakoan nago. Independenteak de facto batzuen aburuz.

Baina, horretaz gain, uste dut oinarrizko kontu batzuk argitzea falta zaigula euskaldunoi. Edo horiek finkatuz gero, bidea errazago egiteko eta trinkotzeko balioko digula pentsatzen dut. Jakinekoa da ez naizela analista politikoa, herritar kezkatua baino ez. Kontuan hartuko ez didazuelakoan, ekingo diot.

Alde batetik, lehen aitatu dudan moduan, hizkuntza. Katalunian gehiengo handiak du argi hizkuntzarena. Gurean, ordea, abertzale batzuek ere euskara oztopo ikusten dute. Nire aburuz, ezinbesteko kontua. Euskara gabe, nora?

Bestetik, lurraldetasuna. Badakigu Katalunian ere arazo hori badela, baina badirudi gai izan zirela komunitate autonomoko lau probintziekin abiatzeko. Gu prest geundeke horretarako? Niri neuri zalantza handiak sortzen dizkit.

Lurraldetasunarekin lotuta ere badago kontu bat: izena. Nola du izena gure herriak? Baskonia, Euskal Herria, Nafarroako erresuma, Euzkadi, Euskadi? País Vasco, Vascongadas, Pays Basque, Basque Country, Baskeland? Zer da bakoitza?

Gure herri desegin honek sinboloak erabiltzea eta bateratzea ere falta du. Ikurrina dugu, baina baztertua. Nafarroako bandera. Arrano beltza. Lauburua. Gernikako Arbola. “Zazpiak bat” armarria… Non eta zenbat ikusi dituzue azkenaldian horiek denak? Harrituta nauka sinboloen kontu honek. Uste orokorra da zaharmindu usaina dutela. Eta ikurrinaren ordez, futbol banderez bete ditugu bazterrak, gure nortasunaren ikur bakarrak bihurtu direlako. Ai, ama!

Zer esanik ez Aberri Egunaz. Data zehatz bako jai erlijiosoa, irrikaz hartzen diren oportxo batzuen erdian. Denok mundua ezagutzen, gure herriaren festa alboratuta.

Eta himnoa? Himnorik ere ez dugu, barren! “Gora ta gora”? Ez, mesedez! “Nafarroako gorteen ereserkia”? Dotorea eta ederra, baina ezezaguna, letra gabekoa, gainera.

Gutxi balitz, folklorearen gutxiespen orokorra. Hortxe dabiltza katalanak sardanak dantzatzen, casteller-ak egiten nonahi, suzko herensugeak ateratzen, barretinak jantzita… Gurean, berriz, kosmopaleto, cool eta abertzale-guai askoren mespretxu keinuak baino ez du merezi gure folkloreak.

Horregatik, galdera batzuk jaurti nahi ditut: sinbolo barik nola abiatuko gara estatu berria lortzeko lasterketa luze horretan? Zerk batuko gaitu? Nola abestu denek batera ozen? Zelan identifikatuko gara?

Leave a Reply

Your email address will not be published.