Atez atekoa, edukiontzira

Atez atekoa, edukiontzira

Eider Goenaga

Hondakinen kudeaketa. Horixe joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeen kanpaina eta hauteskundeetako emaitzak goitik behera markatu zituen gaia. Gipuzkoan atez ateko sistema duten hainbat herritan gai erabakigarria izan zen hondakinen bilketarena; eta EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri irabazitako herrietan udal gobernuek mahai gainean duten lehendabiziko gai potoloa da bilketa sistemarena. Batzuek hartu dute atez atekoa kentzeko erabakia jada, beste batzuek galdeketa prestatzeari ekin diote, eta badira oraindik erabakitzeko duten herriak ere.

EH Bilduk aurreko legealdian atez ateko bilketaren alde egindako apustua polemika iturri izan zen legegintzaldi osoan, eta EH Bilduren kontra erabilitako argudio nagusietako bat bilakatu zen EAJ, PSE-EE eta PPrentzat. Inposaturikoa, zikina, garestia, ezerosoa… adjektibo ugari jarri zizkioten atez atekoari, eta hiru alderdiek atez ateko bilketa sistema kentzea jarri zuten jomuga gisa.

Uda igaro da, gobernu berrien lehen 100 egunak igaro dira, eta EAJren eta PSE-EEren esku dauden udal gobernuak hasi dira urratsak egiten. Gipuzkoako Hitza-k atez atekoa duten eta gobernu aldaketa izan duten herrietara jo du, atez ateko sistemarekin zer egingo duten jakiteko.

PASAIA

Atez ateko sistema kenduko duen lehen herria da Pasaia. Gobernua osatzen duten bi alderdiek, PSE-EEk zein EAJk, hauteskunde programan jasoa zuten atez atekoa kenduko zutela, eta urriaren 27tik hasi eta hilabeteko epean gauzatuko dute aldaketa. Bosgarren edukiontzia jarriko dute, giltzarekin. Boluntarioa izango da edukiontzi horren erabilera, eta, printzipioz, ez dute birziklatzen duen herritarrari hobaririk ematea aurreikusten.

Pasaian 2013an hasi ziren atez ateko sistema jartzen, eta 2014ko irailean ezarri zuten sistema herri osoan. 2014ko azken hiruhilabeteko datuak —Pasaia osoa hartzen dutenak— orduan EH Bilduren esku zegoen Pasaiako Udalak eman zituen: birziklatze tasa %76,6ra igaro zen atez ateko sistema ezarriz geroztik. 2012an, birziklatze tasa %32,7koa zen.

ARETXABALETA

Atez atekoari buruzko herri kontsulta egingo dute Aretxabaletan; hala baieztatu dio Hitza-ri udal gobernuak. Erabakia hartuta dagoen arren, oraindik gaia nahiko berde dagoela azaldu dute. Oraindik pauso asko daude emateko herritarrei galdetu arte: galdera zein izango den, zein sistema alternatibo proposatuko den, nola gauzatu galdeketa… Halere, herritarrei galdetu eta haiek erabakitakoa errespetatzeko asmoa du Aretxabaletako Udalak (EAJ).

Aretxabaletan 2014ko uztailean jarri zuten atez ateko bilketa sistema, eta, EH Bilduren udalak emandako datuen arabera, %83,4ko birziklatze tasara iritsi ziren lehen hilabeteetan.

ASTIGARRAGA

EAJren programak herritarrei galdetzea jasotzen zuela, eta horretan buru-belarri dabiltzala azaldu dio Nerea Zusberro Astigarragako Parte Hartze zinegotziak Hitza-ri. Atez atekoa bai ala ez galdetu nahi zuen EAJk, baina, EH Bilduk eskatuta, atez atekoaren ala sistema alternatibo baten arteko aukera egin beharko dute astigartarrek. Sistema alternatibo hori zein izango den erabakitzen ari dira parte-hartze prozesu baten bidez. EAJren aukera txipa duen bosgarren edukiontzia jartzea litzatekeela azaldu du Zusberrok. Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dutela ziurtatu du zinegotzi jeltzaleak. Galdeketa 2016ko urtarril-otsailean egitea aurreikusten dute.

2013ko apirilean jarri zuten martxan atez atekoa Astigarragan, eta 2014ko birziklatze tasa %84koa izan zen.

BERGARA

2014ko otsailetik biltzen dituzte hondakinak atez ate Bergaran. EAJk du orain gobernua, eta, udalak Hitza-ri adierazitakoaren arabera, datozen asteetan jakinaraziko dute zer egingo duten hondakinen bilketari dagokionez.

Hauteskunde kanpainan gai nagusietako bat izan zen hondakinen bilketarena. Juanje Alberdi alkategaiak kanpainan zera adierazi zuen gaiari buruz: “Iraganeko zorigaiztoko erabakiei buelta emango diegu, bosgarren edukiontzia jarriz, betiere bergararren gehiengoaren erabakiari jarraituz”. Azken esaldi horrekin gaia irekita utzi zuen Alberdik.

Atez atekoaren lehen hilabeteetan emaniko datuen arabera, %80tik gorako birziklatze tasak lortu zituzten sistema berriarekin.

ESKORIATZA

2014tik Eskoriatzan atez ate egin dute gaikako hondakinen bilketa, baina sistema hori galdeketara eramango dute. Irailaren 22an egin zuten gaiari buruzko osoko bilkura, eta bertan aho batez onartu zuten galdeketa egitea. Hiru sistema izango dituzte aukeran eskoriatzarrek: lehen aukera atez atekoa izango da; bigarrena, bosgarren edukiontzia; eta hirugarren aukera, mistoa —edukiontzi kolektiboa eta indibiduala—. Galderak zeintzuk izango diren onartuta, urratsak egiten hasiko direla azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak. EH Bilduk ere galdeketa egitearen aldeko botoa eman zuen osoko bilkuran.

Eskoriatza Garbia plataformak galdeketa antolatu zuen 2014ko otsailean. Parte hartzea %40koa izan zen, eta %97,9k bosgarren edukiontziaren alde bozkatu zuten.

Atez atekoa ezarri zutenean Eskoriatzako Udalak emandako datuen arabera, %81eko birziklatze tasa lortu zuten lehen hilabetean.

IRURA

EAJren hauteskunde programaren puntu nagusietako bat izan zen atez atekoa kentzea Iruran. Eta udal gobernua jada hasia da horri begirako urratsak egiten. Ana Leunda alkateak Hitza-ri esandakoaren arabera, dagoeneko egin diote eskaera Tolosako Mankomunitateari atez atekoa kentzeko. “Orain, nolako sistema ezarriko dugun erabakitzeko, zain gaude mankomunitateak zer erantzuten digun”. Herri galdeketarik ez da egingo Iruran. “Guk programan jarri genuen, eta herritarrek gure programaren aldeko botoa eman zuten; beraz, gure hitza betetzera goaz”.

2013ko ekainean jarri zuten martxan atez ateko bilketa sistema Iruran, eta, gorabeherak tarteko, %75eko birziklatze tasak lortu dituzte batez beste.

LAZKAO

Lazkaoko Udalak hartua du erabakia, eta Sasietako Mankomunitateari egina dio eskaera atez atekoa kentzeko. “Oraindik erabakitzeko dago zein izango den sistema, baina aldaketa egin egingo da. Atez atekoa kenduko da, eta bosgarren edukiontzia jarri”, azaldu dio Hitza-ri Sasietako Mankomunitateak. Bosgarren edukiontzia txiparekin izango den, giltzarekin edo irekia izango den erabakitzeko dute oraindik. “Lanketan ari gara”. Mankomunitatea eta udala ari dira sistema bakoitzaren ezaugarriak eta alde on zein txarrak aztertzen.

2015eko lehen zortzi hilabeteetan, Lazkaoko birziklatze tasa %75ekoa izan da, Sasietako Mankomunitatearen arabera.

LEGAZPI

Atez ateko bilketa sistemak hautsak nabarmen harrotu zituen Legazpin. Mobilizazioak, protestak eta atez atekoaren kontrako plataformak antolatutako herri kontsulta tarteko, Legazpin sistema mistoa ezarri zuten. Herritar bakoitzaren esku dago materia organikoa atez ate atera edo edukiontzi marroira botatzea; errefusa, berriz, soilik atez ate atera daiteke. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, %82koa izan da birziklatze tasa 2015eko lehen zortzi hilabeteetan.

Erik Galvez zinegotziaren (EAJ) arabera, errefusa ateratzeko edukiontzi grisak jarriko dituzte orain herrian. “Eta behin hori probatuta, herritarrei galdetuko diegu. Espero dugu urte amaiera bitartean-edo bi sistemak martxan edukitzea, eta ea urtea amaitu aurretik egin dezakegun galdeketa”. Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dute Legazpin, izan atez atekoa edo izan bosgarren edukiontzia. Baina sistema mistoa kendu egingo dute.

LEZO

Herritarrei kontsulta egingo dien herrietako bat da Lezo. Kepa Garbizu alkateak (EAJ) baieztatu dio Hitza-ri herritarrei galdetu egingo zaiela nolako hondakinen bilketa egin nahi duten aurrerantzean. Hala ere, oraindik galdera zehazteke dutela, baina gaiaren aterabidea udazkenean landuko dutela aurreratu du. Udalaren lehentasunetako bat da hondakinen bilketarena, baina, uda tarteko, gaiari behar bezala eusterik ez dutela izan azaldu du Garbizuk.

2013ko maiatzean hasita ari dira lezoarrak hondakinen gaikako bilketa atez atekoaren bidez egiten. 2014ko urtarrilean Ainhoa Zabalo alkateak (EH Bildu) emandako datuen arabera, hilabete horietan %28tik %85era igo zen birziklatze tasa.

ORDIZIA

Ordizian EAJk ere mahai gainean du atez ateko bilketa sistemaren etorkizuna. Hala ere, alkatetzak Hitza-ri esandakoaren arabera, oraindik ez dute erabakia publiko egin nahi, eta hurrengo egunetan jakinaraziko dute. Sasietako Mankomunitateak, ordea, Ordizian eta Legazpin galdeketak egingo direla adierazi dio hedabide honi. Bestalde, EAJk udaleko osoko bilkuran zein batzordeetan aipatu du kontsulta antolatzen hasteko asmoa.

2013ko uztailean jarri zuten martxan atez atekoa Ordizian. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, 2015eko urtarriletik abuztura bitarteko birziklatze tasa %73koa izan da.

VILLABONA

Iban Agirre Villabonako alkateak (EAJ) azaldu duenez, galdeketa egin baino lehen EH Bildurekin hondakinen bilketari buruzko akordio bat lortzen saiatuko dira. “Gaia adosten ahaleginduko gara, eta posible izango ez balitz, galdeketa antolatuko genuke”, azaldu dio Hitza-ri Agirrek. Galdeketaren aukera baztertu gabe, beraz, Villabonan akordioaren bidez konpondu nahi dute hondakinen bilketarako sistemak sortzen duen tirabira.

2013ko ekainean jarri zuten atez ateko bilketa sistema Villabonan, eta, Tolosako Mankomunitatearen datuei erreparatuta, %80 inguruan ibili zen birziklatze tasa 2014. urtean.

ZESTOA

Zestoako Udalean ere mahai gainean dute atez ateko bilketa sistema aldatzea. Josetxo Mendizabal alkateak (EAJ) hedabide honi azaldu dionez, hondakinen bilketarako proiektu bat eskatu dio udalak Urolako Mankomunitateari, eta horren zain dago erabaki bat hartzeko. Hala ere, udalaren helburuak honako hauek direla azaldu du Mendizabalek: “Egutegi eta ordutegien lotura bukatzea; ekonomikoki, oraingo sistema baino merkeagoa izatea; eta gaur egun ditugun sailkako bilketaren batez bestekoak mantentzea, edo igotzea”. EAJren aukera bosgarren edukiontzia jartzea litzateke, baina mankomunitatearen erantzunaren zain daude erabaki bat hartu aurretik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.