Nekane Zinkunegi Barandiaran
Hamar urterekin hasi zen surf egiten Iker Muñoz (Donostia, 1986), eta Irunen bizita, Hendaiako hondartzara joateko ohitura zuen. “Beraz, bizikletaren edo gurasoen menpe ibili behar izaten nuen”. 25 bat urte zituela hasi zen Zurriola surf eskolako begirale gisa lanean, eta egun surf eskolako begiraleen arduraduna da. Ikasketak beste norabide batean egin zituen arren, Euskal Herriko Surf Federazioan atera zuen begirale titulua, eta horri esker ofizioa eta afizioa bateratzea lortu du. “Aitortu behar dut zortea dudala gustuko dudan zerbaitetan lana egiteko dudan aukeragatik”. Itsasoarekin lotuta, sakontasun txikiko urpekari titulua ere badu, itsasoko obretan eta portuetan lan egiteko aukera ematen diona.
Surfa edozeinek egiteko moduko kirola dela dio Muñozek, eta ukatu egiten du aberatsen kirola dela eta kirol garestiegia dela. “Surferako taula eta neoprenoa erosterakoan inbertsioa egin behar da; 500 eurotara hel daiteke. Baina, behin hori eginda, beste kirolekin alderatuz gero, merkea dela esango nuke. Adibidez, snowboardaren kasuan ere taula eta arropa erosi behar dituzu, baina gero elurra dagoen tokira bidaiatzera behartuta zaude, forfait-a… Gure kasuan, olatuak izatearekin nahikoa da; itsasoaren egoeraren iragarpenak ikusi eta horren arabera irteten gara itsasora”.
Surfa egiten hasi nahi dutenentzako ikastaroak eta aritzen direnentzako entrenamenduak prestatzen dituzte surf eskolan; bodyboard ikastaroak ere eskaintzen dituzte, hastapenekoak nahiz entrenamendukoak. Baina hori baino gehiago ere bai. “Itsasoak errespetua ematen du, eta guk itsasoa ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu: arriskuak saihesteko ezagutu egin behar da itsasoa”. Muñoz ez dago bere burua itsasorik gabe imajinatzeko prest: “Aste bat surf egin gabe pasatze hutsarekin aztoratu egiten naiz; ezingo nuke itsasorik gabe bizi”.
Itsasoa ezagutzea eta ingurumena zaintzea, horixe da surf ikastaroetan eskaintzen duten balio erantsia. Muñozen arabera, saiatzen dira gazte-gaztetatik ingurunearekiko kontzientzia sustatzen: “Hondartzatik bueltan gatozenean bakoitzak zerbait hartu behar izaten du, plastiko zati bat edo bestelako zaborren bat”. Horrez gain, Galiziako Surf and Clean dinamikakoekin kolaboratzen dute, eta haiekin batera noizbehinka hitzaldiak nahiz hondartzen garbiketak antolatzen dituzte.
“Horrez gain, urtean behin irteera bat egiten dugu; normalean, Portugalera. Horretan gaztetxoek nahiz gurasoek eman dezakete izena, eta autobusa antolatuta joaten gara”.
Erreferentea
Zurriola surf eskola “erreferentea” dela dio Muñozek, neguan surf egiten ikastera edo entrenatzera doazen talde dezente dituztelako. “Berez, datuak orokorrean hartuta, Pukas da kopuruz klase gehien eskaintzen duena. Baina guk hilabeterik zailenetan, otsailean-eta, 80-90 ume izaten ditugu, eta hori asko da”. Izan ere, urtaroak eta eguraldiak asko baldintzatzen dute surferako aukera: “Udan surf ikastaroak eskaintzen ditugu, hastapena deitzen diogun modalitatekoak gehienbat. Jende pila egoten da orduan, eta taldeka antolatu eta uretara jotzen dugu. Neguan, ordea, hastapeneko talde gutxiago izaten da, eta urte osoan gurekin aritzen den jendearen entrenamenduak antolatzen ditugu: itsasoan, igerilekuan, gimnasioan… egin beharreko ariketak”.
Bost urtetik hasi eta helduetara arteko eskaintza dute Zurriola eskolan; noizbehinka, 70 urtekoren batzuk ere joaten omen zaizkie. Surf Federazioak ratio batzuk ezartzen ditu, eta, horien arabera, kurtso batean sei ikasleko begirale bat aritzen da lanean. Adinaren arabera egokitzen dute hori: “Gazteenekin begirale gehiago aritzen gara lanean; 5 urtekoen kasuan, ikasle bakoitzeko begirale bat, adibidez”.
Gaur egun, 10 eta 18 urte artekoak dira ikasle gehienak; normalean, Donostia, Hernani eta Errenteria ingurukoak, eta futbolaren edo saskibaloiaren ordez surfa euren kirol gisa hartu dutenak.
Leave a Reply