‘En erdera, mesedes’

Eider Goenaga

Astelehena da, goizeko 08:30ak pasatxo. Autoa Aieten (Donostia) utzi, eta autobusa hartzera abiatu da kazetaria. Helburua, Donostibuseko autobus gidariak bidaiariari euskaraz erantzuteko gai diren ikustea. Lau autobusetan bidaiatu du, batetik bestera, eta bost autobus gidarirekin izan du elkarrizketa. Emaitza: bostetik bakarrak erantzun dio galdetutakoari euskaraz, txukun; beste hirutan euskaraz galdetutakoari gazteleraz erantzun diote gidariek, euskaraz hitz bakar bat ere egin gabe; bosgarrenean, euskaraz galdetutakoa ulertu ez edo ulertu nahi ez, eta “en erdera, mesedes” trakets batekin erantzun du gidariak.

Astelehen goiza da. Lanera joateko, eskolara joateko edo enkarguak egitera Donostiako erdigunera jaisteko hartu dute autobusa bidaiariek, Aieten. Asteleheneko galbana izan liteke arrazoia, baina lau bidaietan igo diren bidaiarietako inork ez du gidariarekin hitz-erdirik gurutzatu. Gutxi egiten diote diosal autobus gidariari, “iepa”, “hola“… Erantzuna ere halakoxea jasotzen dute, labur, eta agur horietatik haratago, hitzik ere ez.

Ordaindu ere ez du ia inork egiten; autobuseko txartela makinatxoari hurbildu, “piiii” entzun, eta aurrera, gehienek gidariari begiratu ere egin gabe. Ez dago eguraldiari, zirkulazioari edo asteburuko futbol emaitzei buruzko aipamenik, ezta autobus gidariaren ondoan zutik jarri eta elkarrizketa arina bilatzen duen bidaiaririk ere. Dbuseko gidariak lineaz aldatzen joaten dira, ez dute beti ibilbide bera egiten; agian, horrek ere izango du eragina bidaiari eta gidariaren arteko komunikazio/konfiantza falta horretan.

Hamar euroko billetea atera, eta igo da kazetaria 31. lineako autobusera. Kazetariak badaki non gelditu nahi duen, baina gidariarekin elkarrizketa bilatu behar du: “Kaixo, egun on; San Martinera jaisteko, non gelditu beharko nuke?”. Gidariak, hitz bakarra, ez euskaraz eta ez gazteleraz. “Easo”. Ez dirudi euskaraz dakienik, ezta oso hiztuna denik ere. “Bai, baina Eason non gelditzen da?”. “Frente al Hotel Londres“, erantzuna gidariak. Ez du hizketarako aukera handia eman.

Kazetaria esertzera abiatu da, gidariaren atzeko eserlekura. Nahita utzi du autobuseko tiketa hartu gabe. “Oye, el ticket“, gidariak. “Ai, bai, eskerrik asko”.

Abiatu da autobusa. Aldapetatik Easo kalera sartzerakoan, berriro gidariari mintzatu zaio: “Bueltatzeko, hemen bertan hartu behar al dut autobusa?”. “No, en la calle Urbieta, a la misma altura, pero en la otra calle“.

31. lineako autobusetik jaitsi eta Donostia ospitalerantz abiatzea erabaki du. Donostiatik kanpoko jende asko joaten da bertara, eta agian jende gehiagok egingo dizkio galderak gidariari; elkarrizketaren bat aditzeko aukera izango da, beharbada. 28. lineako autobusa berehala iritsi da. “Egun on; zenbat da?”, kazetariak. “Uno con sesenta y cinco“, ahopeka, gidariak. Justukoarekin erantzun du, agurrari erantzun gabe. Tiketa makinan utzita joan da kazetaria atzerantz. “El ticket“, berriro justukoa. Bidaia osoan kazetaria izan da gidariarekin hitz-erdi bat egin duen bakarra.

Ospitaleetan, hurrengo autobusaren zain, gidari bera agertu da berriro. Beste autobus baten zain geratu da kazetaria. “Ez al dut euskaldunik topatuko?”, pentsatu du bere artean. Iritsi da autobusa. “Egun on, zenbat da?”. “Bat eta hirurogeita bost”, erantzuna. Ordaindu, tiketa hartu eta, badaezpada, elkarrizketa luzatzen saiatu da kazetaria; zenbatekoa baino zerbait gehiago esaten jakingo ote du gidariak? Arazorik gabe erantzun dio gidariak, euskara garbian, Aietera joateko zein autobus hartu behar duen galdetu dionean. Hiru autobusetara igo behar, lehen gidari euskalduna topatzeko.

19. lineako autobusaren zain dago kazetaria. 10:20an iritsi da autobusa. Igo, eta gidariari galdera. “Kaixo, Aietera joa…”. Segituan moztu dio hark, “en erdera, mesedes“. Jarraitu du elkarrizketak, gazteleraz. Kazetariak nahi duen tokitik urrun samar uzten duela autobus horrek, eta 31. lineakoa hartzeko hurbilago gelditzen dela. “Bale ba, eskerrik asko”, jaitsi da. “Adios“, gidariak.

Hamar minuturen buruan iritsi da 31. lineako autobusa. Gidaria gaztea da, eta euskalduna izango den itxura hartu dio kazetariak, bai gutxienez hitz batzuk egiteko gai. “Uno con sesenta y cinco“, erantzuna jaso du. Ez, horrek ere ez daki.

Emaitza eskasarekin amaitu da kazetariak egindako kale neurketa. Bost gidaritik bakarrak daki euskaraz Dbusen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.