Euskaldunak %60 izango dira

Eider Goenaga

Donosti Buseko gidarien lan poltsa osatzeko akordioa erdietsi dute UGTk eta Donostiako Udalak. Iaz hasi zen lehiaketa publikoa, eta EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen; auzia desblokeatu egin dute EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak eta UGTk, baina Dbusen euskalduntzeari eta hizkuntza eskubideak bermatzeari begira, atzera egitea dakar.

Izan ere, 2014ko otsailean, EAJ, EH Bildu eta Kurpil sindikatuaren botoekin, gidari berriek euskara derrigorrezko izatea erabaki zuten; baina aurrerantzean, akordio berriarekin, soilik gidari berrien %60 izango dira euskara gaitasuna egiaztatua dutenak. Batez besteko hori handitzen joango da hurrengo deialdietan, baina gehienez %70era helduko da, muga hori jasotzen baitu akordioak.

2014ko otsailean erabaki zuen Dbuseko administrazio kontseiluak lan poltsa osatzeko baldintzak aldatzea. Euskara derrigorrezko bihurtu zen gidari berrientzat, eta euskarazko azterketa gainditzen ez zuena ez zen lan poltsan sartuko.Ordu arte, azterketaren %5 balio zuen euskarak.

Auzitegietan

2014ko martxoan hasi ziren probak egiten, eta 45 lagunek gainditu zituzten lehen azterketak. Euskara proba egitekotan ziren EAEko Auzitegi Nagusiak deialdia baliogabetu zuenean. UGTren helegite bati erantzunez etorri zen epai hura, eta aurtengo otsailean beste ebazpen batek berretsi egin zuen lan poltsarako deialdia baliogabetzeko erabakia.

Lehen ebazpenak, Donostiako Lan Arloko 2. Auzitegiarenak, deialdiaren oinarrietan “funtsezko aldaketa” egin zela zioen, eta auzitan jartzen zuen euskararen derrigortasuna, esanez gidarientzat euskara ez zela ezinbestekoa.

Donostiako Udalak eta Kurpil, LAB eta ELA sindikatuek epai horri jarritako helegitearen ondoren iritsi zen bigarren epaia. EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren epaiak berretsi egin zuen deialdi publikoaren baliogabetzea, baina Garbiñe Biurrun epaileak idatzitako epaiak soilik araudiaren “funtsezko aldaketaren” argudioari eutsi zion. Euskara ezinbesteko baldintza izatearen egokitasunari buruzko ebazpena lan arloko auzitegiari ez zegokiola jasotzen zuen Biurrunen epaiak.

Gatazka desblokeatu

Dbusek 350 gidari inguru ditu, eta batik bat haien ordezkapenetarako behar dituzte gidari berriak. EAEko Auzitegiaren epaiaz geroztik, aurreko deialdia etenda gelditu zen, eta Lanbidetik hartu dituzte gidari berriak. Orain, prozesua hasieratik abiatuko dute berriro, eta Lanbidetik hartutako gidariek zein 2014ko deialdiaren lehen probak gainditu zituzten 45 hautagaiek gainerakoekin batera egin beharko dituzte probak.

Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak (EAJ) eta Miren Azkarate Euskara zinegotziak (EAJ) parte hartu dute UGTrekin izaniko negoziazioetan, eta Aranarekin hitz egin du Hitza-k gaiari buruz. “Guk printzipioz euskara derrigorrezko izatea babestu genuen, baina auzitegiek bertan behera utzi zuten baldintza hori ezartzen zuen deialdia, eta gatazka desblokeatu beharra zegoen”. Aranaren hitzetan, Dbusentzat arazo larria zen deialdia etenda egotea —ordezkapenak egiteko arazoak, ordu estra kopuru handia eta 2016ari begira jarri beharreko linea berrietarako gidari falta—, eta “ezinbestekoa” zen kontrataziorako bidea irekitzea.

“Hautatu dugun bidea, beraz, langileen ordezkaritza handiena duen sindikatuarekin negoziatzea izan da”. Aranak ez du uste “atzerapausoa” denik. “Izan ere, auzitegiek euskararen derrigortasuna baliorik gabe utzita, hutsean geunden, ez zen batere aurrerapausorik eman; eta, ondorioz, akordio honek aurrerapausoa dakar, gidari berrien %60k hizkuntza eskakizuna izango dutelako, nahiz eta hasiera batean EAJk hori baino gehiago nahi zuen”. Hala, lehentasuna akordioari eta arazoa desblokeatzeari eman diotela dio Aranak.

EH Bilduren ordezkaria da Asier Jaka zinegotzia Dbusen administrazio kontseiluan, eta, haren iritziz, “atzerapausoa handia da”. “Gidari berrien %40k ez dute hizkuntza eskakizuna izango, eta horrek urte mordo baterako hipotekatzen du Dbusen euskalduntzea eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea”. Jakaren arabera, administrazio kontseiluak gaiari buruz egindako bileran argi gelditu zen akordio berria hankamotz gelditzen dela. “Bileran administrazio kontseiluko idazkari nagusiak berak nabarmendu zuen erabaki honekin Dbusek ez duela betetzen hizkuntza eskubideei eta euskararen normalizazioari dagokion egungo araudia; osoko bilkurak aho batez onartua duen 5. Euskara Plana ere ez du betetzen”.

EAJren jokabidearekin oso kritiko agertu da Jaka. “Izan ere, aurreko legealdian EAJ eta EH Bildu ados geunden ezarri beharreko irizpideei dagokienez, eta orain negoziazioa erdi ezkutuan eraman dute. EH Bilduk Diario Vasco-n irakurrita izan zuen akordioaren berri, eta ez zait iruditzen hori denik sozietate publiko batek izan behar duen funtzionamendua”. Larria irizten dio EAJren jokabideari, eta “are larriagoa jokoan herritarren hizkuntza eskubideak daudelako”.

Dbuseko LAB sindikatuak ere arbuiatu du hizkuntz eskakizunen inguruko akordioa. “LABen iritziz, Donostiako hiri autobus bat hartzen duen pertsona orok euskaraz artatua izateko eskubidea bermatua izan behar du, eta, ondorioz, ezin gara pozik egon EAJren eta UGTren arteko akordio honekin”, azaldu du LABek prentsa oharrean. “Euskaraz ez dakien gidari gazte bat kontratatzeak bidaiarien hizkuntza eskubideak urratuko ditu hurrengo urteetan”.