“Gero eta osasun gabezia eta desoreka handiagoa dago”

“Gero eta osasun gabezia eta desoreka handiagoa dago”

Nerea Uranga

“Alegala” da gaur egun Txinako medikuntza, baina gero eta unibertsitate gehiagok eskaintzen dituzte tankerako ikasketak. Javier Felipek dioenez (Tutera, Nafarroa, 1966), Galizian eta Katalunian dira aitzindariak, baina gehitzen ari dira ikasketa horien graduatu ondoko ikastaroak dituztenak. “Poztekoa da”. Santiago de Compostelako Unibertsitatean ikasi zuen Felipek, eta akupunturan aditua da. Azken hamabi urteotan Txinako medikuntza tradizionala du lanbide.

Azarotik aurrera ikastaro bat emango du Urnietan. Osane belar eta eko dendak antolatu du, eta Salesiarren ikastetxeko gela batean emango dute. Bi ikasturtekoa da, eta zabalik da izena emateko epea —660-39 50 75 zenbakira deituta—. Aurretik ere Txinako medikuntza tradizionalari buruzko ikastaroak eman ditu Felipek, Beasainen eta Iruñean.

Txinako medikuntza tradizionala zer da oinarrian?

Egun egiten den medikuntzarik zaharrena da, eta munduko biztanleriaren herena horren bidez tratatua da. Txinako medikuntza ez da bakarrik Txinan egiten dena; Asiako hego-ekialde osoa hartzen du. Gainera, mundu osora heda daiteke, eta gaur egun Mendebaldean ere egiten da. Txinako medikuntza gizakiaren desoreka energetikoak aurkitzean datza, desoreka horien ondorioz gero gaixotasunak sor litezke eta. Diagnostikoaren bidez yin-yang-aren arteko desoreka eta bost mugimenduen interpretazioa egiten da, pertsonak duen sindrome hori bilatu, eta ondorioz dagokion sendabidea ipintzeko.

Euskal Herrian ofiziala den medikuntzaren aldean, zer eskaintzen du Txinako medikuntzak?

Medikuntza ofizialean osasuna medikatzearen bidez tratatzen da, batik bat kimikan oinarritutako medikatzea. Askotan, etiologia edota sakoneko zergatiak baino gehiago, sintomak tratatzen ditu. Txinako medikuntza, ordea, aurrena pertsonaren bizimodua behatu, eta hori zuzentzen edo bideratzen saiatzen da, agian horrek eragin baitu energiaren desoreka. Hortik aurrera, Txinako medikuntzak galdutako osasuna berreskuratzen laguntzeko aukera asko eskaintzen dizkigu. Filosofia taoistan du jatorria, eta esaten du naturarekin harmonian eta orekan bizita zaila dela energia desoreka bat izatea edo gaixotzea.

Ordea, hemen Txinako medikuntza tradizionala egiten da, baina ez da ofiziala.

Lege aldetik hutsunea dago, egoera alegal bat dago: ez da legearen kontrakoa eta ez da legezkoa. Txinako medikuntzak eta oro har medikuntza bitalista edo bizizale guztiek terapia natural alternatiboak egiten dituztenei esker egin dute aurrera eta garatu dira. Noski, medikuntza ofizialari eta farmazia industriari lehia egin diezaiokeen besterik egoteak ez die batere graziarik egiten. Eta gobernuan agintzen zein dagoen ere aldea dago; faboritismoak daude, eta baten aldekoagoa da besteena baino.

Hala ere, gero eta jende gehiagok jotzen du medikuntza alternatiboetara. Zergatik?

Txinako medikuntzak eta medikuntza bizizaleak diren gehienak duten ona da sendatzera iritsiko ez balira ere okerrerako ere ez liratekeela. Hau da, tratamenduek ez dute iatrogeniarik eragiten, ez dute albo ondoriorik. Badakigu gaur egun ofiziala den medikuntzan pilula bat ematen dutela eta haren ondoriok saihesteko gero beste bat: adibidez, aurrenekotik urdaila babesteko bigarren pilula. Txinako medikuntzan horrelakorik ez dago; iatrogenia eragiten duten sendabiderik ez dago.

Medikuntza ofizialean erremediorik aurkitu ez duelako jotzen al du jendeak alternatiboetara?

Denetik dago. Kasu batzuetan, ez dakite euren arazoei edo gaixotasunei sendabidea aurkitzeko zer egin, eta etsita etortzen zaizkigu, beste aukera berri batzuen bila. Baina osasunaz eta gaixotasunaz kontzientzia desberdin bat duten pertsonak ere etortzen dira; hau da, gizarteko arazoak eta bizitza bera ulertzeko beste ikuspegi bat dutenak.

Oreka energetikorako naturarekin bat eginda bizitzeak eragina daukala diozu. Ez al dago, ordea, naturaren eta gizakiaren artean gero eta arrakala handiagoa?

Bai, hori hala da. Gero eta gizarte modernoago eta teknologikoago batean bizi gara, gero eta deskonektatuago osasun naturaletik, biologikotik, ekologikotik. Horrek bere ordaina dauka: osasunean desoreka handiagoak izatea. Orain dela 50, 60 edo 80 urte, akupunturako tratamenduarekin energia orekatzeko denbora erdia behar izaten zen. Gaur egun gizakiak kutsaduraren eragin gogorra du: mikrouhinak, goi frekuentziak, wifiak… Sentsibilitate anizkuneko gaixotasunak ditugu: hau da, ordenagailu batetik edo wifi seinaleetatik 50 metrora egon ezin diren pertsonak. Gero eta haur gehiago ikusten ditugu elikadura, kutsadura edo asma alergiekin. Gero eta gizarte modernoago, aurreratuago eta garatuago batean bizi gara, baina osasun gabezia, energia faltak eta desorekak areago dira.

Urnietako ikastaroak zein helburu du?

Gizakia osotasunean hartuta eta ikuspegi naturaletik, desoreka energetikoei aurre egiteko ezagutzak irakastea eta horretarako Txinako medikuntza tradizionalean profesionalak formatzea. Hortik abiatuta, yin-yang-a ulertzea, bost mugimenduak (egurra, sua, lurra, metala eta ura) ikastea; lau deabruak zeintzuk diren ikasi eta ulertzea… Printzipioz euren osasunaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko interesa duten pertsona guztientzat da. Baita euren terapia aukerak gehitu nahi dituzten profesionalentzat ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.