Akabukoa abiapuntu

Akabukoa abiapuntu

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lau hilabete Zegaman (Gipuzkoa) eta lau Plentzian. Horrela bizi zen ikasturtean zehar Mikel Etxezarreta 12 urte bete zituen arte. Artaldeak eramaten zuen Uribe Kostara. Negu hotzetik ihesi, Urbiako larreetatik itsasaldera egiten zuen urtero familiak, ardiak giro epelagoan gordetzeko. 30 urte baino gehiago joan dira ordutik, eta orain ere artzain bada ere, atzean utzi zituen neguko ibilaldiak. Aurten egin du berriz. 250 ardi eraman ditu Goierritik Algortara.

Usadio zaharra da transhumantzia. Ardiak elurretik babesteko, Gipuzkoako mendialdetik Bizkaiko itsasaldera eramaten zituzten artzainek. Familien sostengua ziren ardiak, familiaren parte. Eta horiek zaintzera Zegamako mendietatik Plentziara ekartzen zituzten abereak etxezarretatarrek ere. Gogoan ondo gordeak ditu zegamarrak orduko ibilaldi eta bizipenak. “Ikasturtearen zati bat herrian igarotzen genuen, eta negua iristen zenean Barrikara etortzen ginen. Bertako eskoletan aritutakoa naiz ni”. 19 urte inguru zituela egin zuen azken bidaia. “Gogorra izan zen. Aurretik ere ibilitakoa nintzen, eta ezagutzen nuen jendea. Baina garai hartako herri eskolak elkartu egin ziren Plentziakoan, eta itzulera ez zen gozoa izan. Moldatu egin nintzen, hala ere”.

Hamarkada batzuen ostean, Uribe Kostako herritar batekin topo egin, eta orduko ibilbidearekin harremanetan jarri zen Etxezarreta berriz. Topo egin baino gehiago, Etxezarreta bilatu egin zuen Fredi Paia algortarrak. Artzainek Gipuzkoako Goierritik Uribe Kostara egiten zuten bidea egin eta dokumental batean jasotzeko proposamena egin zion Paiak. Azken ibilaldia, Azken Martxea izeneko lanean gordetzeko, alegia. Esan eta egin. Urriaren 8an abiatu zen Etxezarreta 250 ardirekin Urbiako larreetatik. Otxandiora joan zen lehen egunean, eta handik Dimara jo zuen. Larrabetzurako bidea hartu zuen hirugarren egunean, eta Barrikara jo zuen handik. Astelehenean egin zituen azken urratsak, Algortara iritsi zen arte. Bost egun, bost etapa, bost herri, hamaika giro eta milaka aurpegi aurkitu dituzte bidean.

Ikerketen arteko ikerlerroa

Aspaldikoa da Azken Martxea egitasmoaren hasiera. 2005etik dator soka. Uribe Kosta eskualdeko ahozkotasuna biltzeko grabazio etnografikoetan murgilduta zegoen Paia orduan. Eta gipuzkoarren memoriarekin egin zuen topo elkarrizketetan behin eta berriz. “Eskualdean gipuzkoarren askotariko emigrazioa egon da, eta horien arteko bat da artzainena”. Baina lan horretan ez ezik, bestelako ikerketetan ere jaso zuen errealitate horren berri. 2013an argitaratutako Uribe Kostako Bertsolaritza (1900-1980) liburuan XX. mendean eskualdean bertsolaritzak izandako egoerak aztertzen hasi zen 2008an. Eta eskualdean gipuzkoarrek izandako joan-etorrien berri izan zuen lan horretan ere. “Etengabe jaso dut gipuzkoarren memoria hori”.

Aurretik egindako ikerketa horietan zeharka jasotakoa ikergai nagusi bihurtzea erabaki zuen algortarrak. Eta transhumantzia ikertzen ari zela egin zuen topo Martin Etxezarretarekin, Mikel Etxezarretaren osabarekin. 60ko hamarkada arte Bizkaiko kostaldera egiten zuen neguro.

Ondoren ezagutu zuen iloba, eta aspaldiko usadioa errepikatzeko proposamena egin zion berehala. “Transhumantzia bidea egin eta grabatzeko ideia egin nion”. Ideia eta artaldea elkartu zituen Paiak. Eta Einarte Produkzioak enpresako Aitor Gisasolarengana jo zuen kamera bila. Aurretik elkarrekin lanean aritutakoak dira biak: herriko euskara batzen duten Getxo Akordatzen I eta II dokumentalak osatu dituzte. 2005ean abiatutako ikerketa kate baten azken katebegia balitz bezala, era naturalean iritsi da Akabuko Martxea lana, algortarraren arabera. Ibilbideak zehazten eta zapaldu beharreko bideetako herritarrekin dena prestatzen aritu dira azken urtean.

Herritarren harrera

Kezkaz onartu zuen Paiaren proposamena Etxezarretak. “Ez da erraza 250 buruko artaldea mugitzea, eta are gehiago, animaliek bideak ezagutzen ez badituzte”. Transhumantzia abiatu zen egunera bitarte izan du artzainak urduritasun hori. Eta Urbiako bordatik ardiekin abiatu ziren momentua ekarri du gogora, irriz. “Kontrako martxa hartu behar zuten ardiek abiatzerakoan. Udaberrian Goierri aldean egoten da artaldea, eta hara abiatzeko bidea ondo dakite. Baina Getxora iristeko noranzkoa kontrakoa da”. Pozik azaldu du artaldeak ondo erantzun duela, eta ibilaldiak iraun duen bost egunetan ondo moldatu direla. “Uste baino hobeto joan da dena”.

Azken aldiz egin zuenetik aldaketak antzeman ditu zegamarrak ibilbidean. “Lur eremuak asko aldatu dira, eta lehen igarotzen genituen bide askotan etxeak eraiki dituzte”. Ibilaldiaren zati batzuk kamioian egin behar izan dituzte. Baina urteak pasatuta ere, bere horretan mantendu denik ere bada, Etxezarretaren hitzetan; tartean, ibilbidean aurkitutako herritarren epeltasuna. “Aspaldiko oroitzapenak etorri zaizkit gogora bidean zehar; oso hunkigarria izan da”.

Zeharkatu dituzten herrietan harrera izugarria egin dietela nabarmendu du; oro har herritarrak harrituta geratu direla artaldea ikustean, eta laguntza eskaintzak nonahi jaso dituztela. “Larrabetzun mendialdean itxaron gintuzten herritarrek, eta gurekin egin zuten ibilbidearen zati bat. Herria artaldearekin zeharkatu genuen gero, eta harrera itzela egin ziguten”. Izan dute kontrakorik ere. Dimako Artaun auzoan gertatutakoa ekarri du gogora, irri artean. “Bidean geundela auto bat agertu zitzaigun artaldearen atzetik, eta ezinezkoa zen bide ematea. Ba, hor izan genuen klaxona jo eta jo, denbora luzez”.

Oroitzapen ugari itzuli zaizkio zegamarrari ibilbidean zehar. Gaztetan ezagututako jende ugarirekin egin du topo: “Baserrietatik etorri zaizkit asko nitaz gogoratzen direla esanez. Eta eskolan ibilitako batzuekin ere egon naiz”. Azken egunean Algortan bizi izandakoa zirrara bereziarekin gordetzen du Etxezarretak. “Azken egunean, goizetik zegoen jendea gure zain. Algortara iristea ikaragarria izan zen. Jende asko elkartu zen kalean, eta herritarrak zure zain daudela eta harrera egitera joan direla ikusteak ilusio handia egin zidan”.

Ideia berean egin du indar Paiak ere. “Jendea natura premiaz bizi dela antzeman dugu. Artaldea agertzean, herritarren artean poztasuna nabari zen. Eta pentsa liteke, nola egon liteke lotura 250 ardiren eta poztasunaren artean? Ba, bai, badago. Hori erakutsi dugu bost egunetan”. Zirrara eragin du ibilbideak. Eta efektu hori sortzeak ikerketa egiteko era berri bat zabaldu diela uste du algortarrak. “Informazioa biltzeko bide eman digu transhumantziako ibilbideak berak. Asko etorri dira artzainarekin hitz egitera, eta askok gogoratzen zuten Mikel”. Horien guztien kontakizunak jaso dituzte ibilbidean. Eta horregatik dio “performance etnografikoa” dela Akabuko Martxea egitasmoa.

Mila bide, martxa bakarrean

Artzainen bidaia nola egiten zen eta ibilbidean zehar izaten zituzten arazoak zeintzuk ziren jasoko dute dokumentalean, besteak beste. Baina dokumentazio lan batetik harago doa Akabuko Martxea lana, Paiaren arabera. Algortako herritarrei antzinako herriko historiaren berri ematea ere bada helburuetako bat. “80.000 biztanle ditu Getxok, eta horietako askok ez dakite zer gertatzen zen lehen herrian”. Aspaldiko ohiturekin eta gertakariekin erreferentzia komunak ematen zaizkie herritarrei, eta balioa eman dio horri Paiak. Baina ohitura bezain berrikuntza izan da transhumantziarena. “Antzinakoa berritasun bihurtu dugu, askok lehen aldiz ikusi dutelako”.

Euskararekin ere lotu du egitasmoa, eta David Hoyos EHUko ikerlariak norabide horretan egindako lana ekarri du gogora. “Euskal gizartean euskara eta naturarekiko sentsibilitatea elkarri lotuta agertzen direla aztertu dute. Eta era honetako proiektuekin hori erakusten dugu, antzinako ohituretara eta naturara hurbildu ahala euskararen erabilera handitu egiten dela, alegia”. Bost egunetan euskara izan da nagusi ardien inguruan bildutakoen artean. “Naturarekiko eta usadioekiko gerturatze horrek artaldearen inguruan elkartu garenok euskaraz egitera bultzatu gaitu”.

Euskaldunen arteko harremanetan ere eragina izan du artzainen bideak. “Ematen du Eibarren eta bizkaitarren artean ez dagoela loturarik, eta ez da horrela. Artzain gipuzkoarrek bizkaieraz egiten dute. Neguko hizkuntza ala lan hizkuntza zen beraientzat. Lan egiteko behar zuten, ibilbidean zehar baserritarrekin trukeak egiteko ala etxeetan geratzeko”. Historikoa da lurraldeen arteko harremana, eta errealitate horri balioa eman eta erakustea ere izango da Akabuko Martxea lanaren egitekoetako bat.

Baina ez da hor bukatzen egitasmoaren soka. Uribe Kostara jotzen zuten artzain gipuzkoarrek mespretxu mezuak jasaten zituztela adierazi du. Baserri girotik etorri eta euskaraz aritzen ziren elebakarrak ziren artaldearekin joaten ziren gehienak, eta iseka hori iraultzea garrantzitsua dela dio. “Algortak harrera egitea garrantzitsua izan da horregatik”.

Dokumental bat baino gehiago da Paiak eta Gisasolak osatuko duten lana. Bukaera bat baino gehiago, abiapuntua da Akabuko Martxea. “Ikerketa lerroak zabaltzen ditu transhumantziaren aferak”. Eta jarri du adibide bat ere: “Euskalkien azterketetan ez dira transhumantziak ikertu. Eta gure eskualdeko euskarak antza handiagoa du Goierriko euskararekin Gernikakoarekin baino, azken hori hurbilago egon arren”.

Oraindik ez dute grabaketekin bukatu. Gipuzkoatik beste ibilbide bat egingo dute datorren astean. Ostegunean abiatuko dira Urbiatik, eta larunbatean Idiazabalen bukatuko dute martxa, Hego Euskal Herriko Gazta Txapelketan. Dokumentala ikusteko itxaron egin beharko da oraindik. Jasotakoari galbahea pasatu behar diote orain.

Leave a Reply

Your email address will not be published.