“Ez dugu gustuko gurasoentzat zama ekonomiko bat izatea”

Maite Alustiza

Unibertsitateko ikasketak osatzen eta lanean ari da Ainhoa Calzada Mina (Beasain, 1992). Ingeles Filologiako gradua ikasi zuen lehenik, eta Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterra egin zuen horren ondoren. Uneotan, Bigarren Hezkuntza, Goi Maila eta Hizkuntza Eskolako irakasle izateko masterra egiten ari da. Aldi berean, unibertsitateko lankidetza bekarako aukeratu dute, eta lanean dabil goizetan. “Hala ere, nire soldatarekin ezinezkoa izango litzateke nire kasa bizitzea”.

Gurasoen etxean bizi da Calzada, Legazpin. Ez nahi duelako, egoerak horretara behartzen duelako baizik. Etxetik joatea gustatuko litzaioke, eta ez dago ados gazteek bizitza erosoa dutela entzutearekin: “Egia da gaur egungo gazteok ikasten jarraitzeko aukera edo behar gehiago izan dugula garai batean gure gurasoek izan zutena baino. Baina gazteok lan egiteko aukera izan nahiko genuke, etxetik alde egin eta gure bizitza propioa egin ahal izateko”.

Calzadaren ustez, Pello Gibelalde Adegiko presidentearen hitzek argi erakusten dute ez duela “gazte gehienen” errealitatea ezagutzen: “Bestela, ez luke halako baieztapen larria defendatuko”. Ingurura begiratuta, bestelakoa da Calzadak sumatzen duen egoera: konplikatua da, haren ustez, gazteek lan duin bat topatu eta etxetik joan ahal izatea: “Oso zaila da. Eta gure gizartean oso nabarmena da, gainera”.

Dioenez, gazte askok, 30 urterekin edo gehiagorekin, gurasoenean bizitzen jarraitzen dute, batzuek lanik ez dutelako, eta besteek ez dutelako independente izateko nahikoa irabazten: “Ez dugu gustuko gurasoentzat zama ekonomiko bat gehiago izatea; independenteak eta autonomoak izateko aukera nahi dugu”.

Atzerrira lanera joateko eskaintzarik edukiko balu, Calzadak ez luke dudarik egingo, betiere hango baldintzak ondo bizitzeko modukoak balira: “Familia, mutil-laguna eta kuadrilla utzi beharko nituzke, baina prest egongo nintzateke horretarako, niretzako aproposa den lanpostu bat lortzeko”.

Kanpora joanez gero, ordea, zail ikusiko luke Legazpira maiz bueltatu ahal izatea, Gibelaldek esandakoen aurka: “Oso erraza da esatea gaur egun mundua txikia dela eta Europan hegazkinarekin bi-hiru ordutan etxean zaudela, baina errealitatean ez da hala”.

Urtebetez etxetik kanpo bizi izandakoa da Calzada, atzerrian, eta badaki ez dela erraza nahi beste joan-etorri egitea. Bi arrazoirengatik, batik bat: “Diruak nahiz bidaiaren iraupenak ez dute ahalbidetzen asteburu pasa bueltatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.