“Guk baldintza onak dauzkagu, eta horregatik ateratzen gara”

Eider Goenaga

Gorka Agirre (Alegia, 1978) Suedian dago orain. Joan den larunbatean joan zen hara, Beasaingo CAF enpresak bidalita. “Astebeterako etorri naiz, baina ikusiko dugu, gauza hauek maiz luzatu egiten baitira. Tokira iristen zarenean ikusten duzu daukazun lana ez dela astebetean bukatzekoa, eta egonaldia luzatu egiten da”.

Agirrek 2003tik lan egiten du CAFen, eta 2013an hasi zen kanpora ateratzen; lehen bidaia Istanbulera egin zuen. “Oraingoz, nire lan sailean behintzat, galdetu egiten digute atzerrira atera nahi dugun, eta nik baietz esan nuen. Familia loturarik ez dut; ez dut umerik, eta gustura ateratzen naiz. Halakoetara ateratzen garenak, normalean, gazteak eta familiarik gabekoak izaten gara”. Noski, atzerrira ateratzeak badu bere saria, eta horrek bultzatzen du lan horiek egitera.

Udaberri partean ere izan zen Stockholmen, eta hiru bat hilabete pasatu zituen han. “Ekainaren 15ean etorri nintzen, eta lanean pilatutako orduengatik oporrak hartu nituen. Orain arte ez naiz itzuli lanera; ikastolako umeek baino opor luzeagoak egin ditut”, aitortu du.

Kanpoan daudenean lanaldi luzeak egiten dituztela azaldu du Agirrek, eta horregatik pilatzen zaizkiela orduak. “Baina, noski, behin lanera etorrita… 10-12 orduko lanaldiak egiten ditugu, larunbatak barne”.

Atzerrira lanera ateratzea, ordea, ez da garai batean bezalako pagotxa. “Guk baldintza onak dauzkagu, eta horregatik ateratzen gara, baina ez da garai bateko dirutzarik ateratzen, ezta gutxiago ere. Guk nomina normala kobratzen dugu kanpoan gaudenean, eta gero dieta bat jartzen digute. Apartamentua edo hotela eta gosaria ordainduta dauzkagu, eta gainerakoa dieta horrekin egin behar da. Zintzo ibiltzen bazara, eta jatorduak etxean egiten badituzu, diru pixka bat gelditzen zaizu dietatik, baina ez gara garai bateko diru kopuruetan ibiltzen”. Bere enpresan, gainera, lan hitzarmenak jasotzen du aparteko lanorduak ez direla dirutan kobratuko. “Aparteko lanorduak oporretarako dira, gozatzeko; ezin ditugu dirutan kobratu”.

Denbora luzerako joaten direnean, CAFeko lan hitzarmenak jasotzen du langileari hegaldi bat ordainduko zaiola etxera itzultzeko edo, bestela, familiarteko baten bidaia ordainduko diotela, langileak bisita jaso dezan. “Noski, asteburuetan etxera joatea, ezta pentsatu ere. Nola, lan egiten dugu eta? Hegaldi bat ordaintzen digute, eta, denbora luzez zaudenean, ondo etortzen da. Aurrekoan nire neska-lagunak etorri behar zuen, baina azkenean ez zen atera, eta ni joan nintzen etxera”.

Kanpora joatea abentura bat ere bada. Hizkuntza du arazo Agirrek. “Nik ingelesa tutik ere ez dut egiten, eta frantsesa gutxiago. Halere, beti moldatzen gara. Egoten da beti norbait ingelesa badakiena, eta, gainera, normalean, enpresako norbait egoten da tokian-tokian, trenaren mantentze lanak egiten dituena eta bertan bizi dena”.

“Suediara, ze zortea”, lagun batek baino gehiagok esango zion Agirreri. “Baina guk hoteletik lanera eta lanetik hotelera egiten dugu, eta hotel bateko gelan bakarrik egotea askotan triste samarra ere bada. Denbora luzerako bada, apartamentua jartzeko eskatzen diogu enpresari, eta dirutan berdintsu ateratzen bada, jartzen digute. Horrela, gainera, jatekoa-eta guk geuk egiten dugu, eta ez da diruagatik izaten; egunero etxetik kanpo bazkaldu eta afaltzea astun samarra da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.