Kirol inklusiborako bidean

Kirol inklusiborako bidean

Miriam Luki

Hamabi urte dira Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa kirola egiteko aukera bermatzen ari dela. Alicia Figueroa federazioko teknikariak dioenez, prozesuaren hasieran konturatu ziren urritasunak dituzten haurrek kirola egiteko paradarik ez dutela, eta baldin badute zailtasun ugari dagoela. Urteotan federazioak hainbat proiektu jarri ditu martxan umeek, nork bere herrian ahal dela, kirola zein jarduera fisikoa egiteko aukera izan dezaten. Azaroan Goierri garaian martxan jarriko dute proiektu berri bat; orain arte egin dituzten guztien artean “osoena” dela dio Figueroak. Proiektua Irizar kooperatibak emandako diru laguntzari esker abiaraziko dute, beste babesle batzuk ere badituzten arren.

Goierri garaiko proiektua hiru fasetan gauzatuko den proiektu zabalago baten lehenengo atala da. Hiru urteren buruan Goierri osora zabaltzeko asmoa dute, gainera. Sei hilabete eman dituzte diagnostiko bat egiten; federazioaren lanaren berri eman dute hitzaldi baten bidez, eta gurasoentzako jardunaldi bat egingo dute aurki. Jardunaldi horren ondoren, lehenengo zerbitzua martxan jarriko dute Lanbideren bitartez kontratatuko dituzten koordinatzaile batek eta monitore talde batek gidatuta. Ondoren, urritasunak dituzten bertako haurrak kirola egiteko moduan izango dira astean bi aldiz.

Urritasun egoeraren barruan imajina daitezkeen errealitate guztiak daudela dio Figueroak: “Kirolak haur horien bizi-kalitatea hobetzen du, baita ingurukoena ere, eta, jakina, osasunarekin zuzenean dago lotuta”.

Kirol egokitutzat zer duten azaldu du Jurgi Olasagasti federazioko beste teknikariak: “Kirolen arautegian aldaketak egiten dira urritasunak dituztenei egokitu ahal izateko”. Urritasunean askotariko ezintasunak kabitzen dira, eta federazioaren jardunean ezinbestekoa den beste hitz bat nabarmendu dute bi teknikariek: inklusibotasuna.

Urritasun mailaren arabera, haurrek taldeka edo banaka egiten dute kirola federazioko espezialistekin. Edonola ere, helburua kirol inklusiboa da, hau da, nork bere ingurunean kirola egiteko aukera izan dezala; esate baterako, Eskola Kirola programaren barruan. “Ohiko kirol eskola ezin dute egin, beren beharretara egokitzeko baliabiderik ez dagoelako. Guk baliabideak jartzen ditugu, kirola egin dezaten”, esan du Olasagastik. Alabaina, inklusibotasuna ez dute soilik urritasunekin lotzen. “Inklusibotasuna da edonork izatea aukera gisa guztietako gizarte ekintzetan parte hartzeko”.

Gipuzkoan martxan

Urritasunei lotuta, inklusibotasunak “segurua” izan behar duela argi dauka Figueroak. Haren hitzetan, “haur bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu behar dira, ezin baitira egoerak behartu”. Haurrek egiten duten bideari ere arreta jartzen diote, Olasagastiren arabera: “Gerta liteke hasieran haur batek ez jakitea bide inklusiboari heldu ahal izango dion. Guraso bat baino gehiago txundituta geratu da alabak edo semeak egin dezakeena ikusita”.

Jarduera fisikoaren eta kirolen ezagutza lantzen dituzte. Behin kirolen ezagutzan murgilduta, haurrek kirol egokituko errendimendura jo dezakete, hau da, kirol talde batean integratu edo kirol inklusiboa egiten hasi. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak hainbat proiektu ditu martxan Donostia aldean, Bidasoan, Oiartzualdean eta Urola Kostan. “Eskualdez eskualde lanean ari gara kirola egiteko aukera herri guztietara zabaltzeko”, dio Figueroak.

Eskualde horietako herri batzuetan urritasunak dituzten haurrek kirola egin dezakete jada, hala uretan nola lehorrean. “Badaude inklusibotasunarekin abegikorrak diren gune batzuk, eta haurrek igeriketa, saskibaloi, eskubaloi edo txirrindularitza klubetan era normalizatuan egiten dute kirola”.

Badaude, horrenbestez, inklusibotasunaren aldeko apustua egiten duten kirol klubak. Horrez gain, gaur-gaurkoz Gipuzkoan inklusibotasuna bi norabidetan lantzen da. Batetik, urritasunak dituztenen inguru batean esperientziak partekatzen dituzte urritasunik ez dutenek; eta, bestetik, urritasunak dituzten umeak urritasunik ez dutenak ibiltzen diren klubetan biltzen dira. Edonola ere, Figueroak ohartarazi duenez, “lan asko dago oraindik egiteko gizartean gai honen gaineko heziketan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.