Ernairi deialdia etsi-etsian

Danel Agirre

Mutil koskorra nintzela, ez nuen ulertzen nola inori ez zitzaion okurritzen Talaimendi magalean, Orio eta Zarautz artean, Osborne zezen bat paratzea. Bi herrietatik bikain ikusiko zatekeela imajinatzen nuen, autobidetik eta itsasotik zer esanik ez.

Artean ez nekien gurasoekin oporretan autoko leihotik ikusten nuen ikur hura pattar marka baten logoa zenik. Eta nire errezeloa da silueta beltza ez zutela espainiarrek oraindik merchandising txuskero-aren ikur bihurtu. Katiluak, banderak eta Seat Leon-a edertzeko itsasgarriak azken hogei urteetan zabaldutako kontua direla esango nuke. Edo beharbada ez. Ni ere txikitan txuskero samarra nintzen, eta autobideetako zerumuga lausoetako Osborne zezen haiek monumentalak iruditzen zitzaizkidan. Oraindik ere, pattar markarena ezagutzen dudan publizitate kanpainarik jenialena da, nire aburuz. Sinplea, ederra eta iraungitze-datarik gabekoa.

Mutil koskorra nintzela, zezen-plaza ezartzen hasi ziren festetan Zarauzko Aritzbatalden. Pare bat urte iraun zuen egitasmoak, eta toreatzaileek etorritako autobide beretik alde egin zuten azkar. Gertaera eta ekintza txuskeroak ez, ordea, horiek oparo jasan behar izan ditugu hurrengo hamarkadetan ere, lehengo moduan. Azkenak pertsonalki erasan dit. Inoiz ez bezala.

Nik Osborne zezena proiektatutako muino berean hotel galant askoa eraikitzen ari dira egun. Orio eta Zarauztik mehatxari begiztatzen da, autobidetik eta itsasotik zer esanik ez. Eskuzabal behatuta ere, txuskero samarra da operazioa. Aiako EAJko alkate ohiak bertako arau subsidiarioak modu irudimentsuan interpretatu zituen, Zarauzko EAJko zinegotzi batek negozio ikusgarria —pasa bertatik, ez ikustea da zaila—abia dezan.

Mutil koskor nintzela hain kuttun nuen tokia profanatu dutela ikustean, niri ere Aiako alkate ohiaren pareko irudimena erabiltzea beste erremediorik ez zait geratuko azkenean. Horrela, Espainiako sinboloen eraiste lanetan ari den Ernaiko komandoari gonbita zabaldu nahi diot hemen. Duela pare bat aste Tuteran lurreratu zenuten Osborne zezena Talaimendin ipin dezazuen erregutzen dizuet, hotel ditxosozkoa birrindu ondoren. Ideia martzianoa irudituko zaizue beharbada nik proposatutakoa komandoko partaideoi. Baina gogoeta eta analisian iaioak zaretenez, bizkor ulertuko duzue askoz espainiar eta txuskeroagoa dela porlan tona pilo hori Osborne zezen bat baino.

Hala ez dela deliberatzen baduzue, izan erruki, eta nigatik bakarrik burutu ekintza otoi. Mutil koskor baten aspaldiko ilusioa beteko duzue behintzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.