Amancio Ortegari egingo nizkiokeen galderak

Leire Narbaiza

Zer sentitzen ote da munduko aberatsena izanda? Zer ote da eguneroko arazo txikiei prezioari begiratu barik aurre egitea? Ingurukoei estutasunetan laguntza materiala eman ahal izatea, inporta barik zenbat eta nolakoa den beharra. Kapritxo apetatsuenean gastatuta ere dirua agortuko ez dela jakitea ikaragarria izan behar da. Ikaragarria, zentzu guztietan.

Pasa den astean iragarri zuten Amancio Ortega zela munduko aberatsena. Nola hartu du berak albistea? Aberatsena izateko lehia bizia zuen, ala hirugarrena izanda konforme zegoen? Nolakoa da bere bizimodua? Goizean goiz jaikitzen jarraituko du? Zein tristea! Milaka milioi euro izan eta lanean segitu diru makina asegaitz hori elikatzeko. Zertarako? Zer nezesidade?

Hori alderdirik fribolo eta hutsalenetatik begiratuta. Gure amamak esaten zuen ondradu izanda inor ez zela aberats bihurtzen. Are gutxiago munduko aberatsena, gehituko nuke nik. Ortega jauna ohean sartzen denean, eta loak hartzeko zain dagoen momentutxo horretan, zer pentsatuko du? Akorduan izango ditu bere menpekoak? Indiako ume eta neskatila horiek, kontratu barik lanean dauzkanak, 0,88 euro eguneko kobratzen dutenak, astean 72 orduz?

Komunean, obratzen dabilenean, ez dio ezerk ausiki egingo kontzientzian? Baina izan liteke maila horietan dabiltzanen kontzientzia aspaldi egotea ezkutatuta, ahaztuta, euren gurasoen etxeko gelako armairu gaineko tiraderan lagata edukitzea… Izan liteke.

Telebistarik ikusiko du? Albistegirik? Egunkaririk irakurriko? Ikusi ote ditu sahararren errefuxiatu kanpalekuetan jasandako uholdeak? Tira, hemengo jende normaltxoak ere ez du jakin, toki gutxitan agertu delako. Baina gerratik eta miseriatik ihesi joandakoen argazkirik iritsi zaio begien aurrera? Zer sentitu du? Mekanismorik martxan jarri zaio barruan, bere dendetako soberakinak ematea, adibidez, karitate makurren eta klasistenaren izenean baino ez bada ere? Hutsaren hurrengoa litzatekeena? Ala txindurriei begiratzen diegun bezala behatuko die? Beste galaxia batean gertatuko balitz legez?

Don Amanciok justizian pentsatuko ote du inoiz? Zer begitantzen ote zaio munduko hiritarren %1ek beste %50ek adina aberastasun izatea? Justizia dibinoa dela iritziko dio “nik balio dudalako”? Jainkoen aukeratua?

Ezin dut imajinatu zer sentituko den Amancio Ortega izanda. Berarentzat normalitatea zer ote den. Zertarako behar duen hainbeste diru. Inkognitak besterik ez dit sortzen pertsona horrek eta inguruan dagoen guztiak.

Baina harrigarriagoa iruditzen zait zenbait espainiarren harrotasuna munduko aberatsena espainiarra delako. Ez zait buruan sartzen. Beraiek ere aberastasun horren partea jasoko dute? Banatuko die zerbait Gabonetan, esate baterako?

Era berean, ez ditut konprenitzen aho-betez diotenak munduko bigarren Zararik handiena Donostian dagoela, New Yorkekoaren pareko ia. Gipuzkoar horiek komisioa izango dute? Deskontua erosketetan?

Guinness errekorra haustea da helburua, kosta ahala kosta. Pobrezia eta esplotazioa tartean egoteak bost axola, familia batek Forbes-en top-ean jarraitzea da xedea, abertzalekeriaz aldarrikatuta gurean ere munduko handiena, aberatsena… badagoela. Diruzalekeriak sinetsarazi nahi digun zoriontasunaren espejismoa, errealitate gordina ezkutatzen duena.