Nekane Zinkunegi Barandiaran
Ogibidea aparte badu ere, denbora dezente eskaintzen dio Beñat Ibaietak (Zumaia, 1982) Euskal BatelEroak elkarteari. Inork nahi ez dituen egurrezko ontziei beste bizitza bat ematen saiatzen dira, eta garai batean euskal kostaldean nola nabigatzen zen jendeari erakusten. “Ez da lan erraza; ez da instituzioen aldetik interes berezirik egon gaiari heltzeko. Frantzian, Herbehereetan, Alemanian eta Bretainian itsas ondarea oso ongi zaintzen dute, eta ontziak mantentzeko nahiz berriak sortzeko diru laguntzak ematen dituzte. Gurean, berriz, euskal ontzi tradizionalik ez da ia geratzen, erreplikak dira gehienak”.
Batel bat lortu zuen garaian ezagutu zuen elkartea; Zumaiako Beduaolako kideek eman zioten haren berri. “Batelekin eta belan ibiltzen zen jendearentzako elkartea zela esan zidaten, eta hala eman nuen izena”. Handik gutxira elkarteko idazkari izendatu zuten, eta duela bi urtetik bera da Euskal BatelEroak-eko zuzendaria. “Egurrezko ontziak dituzten bazkideen eta zaleen elkartea da gurea. Badaude bazkide batzuk euren herrian egurrezko ontzi bat mantendu ezin dutelako elkartearen esku uzten dutenak”.
Elkartea Bretainiara egindako bidaia baten ondoren sortu zen. “Euskal Herria gonbidatua izan zen topaketa batzuetan. Hemendik batel pila bat joan ziren hara, eta han nabigatzen ari zirela ohartu ziren bazkide pila bat bilduko zituen zerbait falta zela”. Harritu egin ziren zenbait herrialdek beren itsas ondarea nola zaintzen zuten, eta antzeko zerbait egitera animatu zen lagun talde bat. Izan ere, batela euskal ontzi tradizionala da, eta “oso geurea”. XIX. mendekoak izan ziren lehen batelak, eta ez zuten gidatzeko tripulazio handien beharrik. Erabilpen domestikoa ematen ziotela uste da, kostako familiek baliatzen zituztela.
Gaur egun, urtero egun bat antolatzen dute Euskal Herriko itsas ondarea eta egurrezko ontzien nabigazioa sustatzeko. Batelero Eguna deitzen diote; normalean uztailaren 31n egiten dute. Gipuzkoako zenbait herritan antolatu dute jada. Elkarte handia ez diren arren, Ibaietak uste du kostako jendeak baduela euren berri, hainbat herritan daudelako batelarien elkarteak.
Elkarte horientzako egoitzak lortzen ere saiatzen dira. “Kultur ondare diren ontziolak badaude oso egoera txarrean, eta ederra izango litzateke horiek konpontzea eta batelarien elkarteek lokal gisa baliatzea”. Ibaietaren eta gainerakoen ilusioa kanpotik etor daitezkeenei Euskal Herrian itsas ondarea zaintzen dela erakustea da: “Egurrezko ontziek ondare bizia izatea nahi dugu, eta itsasorako moduan egotea”.
Euskal BatelEroak taldeko bazkide bakoitzak bere txalupa du, nahiz eta zenbaitek falta duten oraindik. Uretan edukitzen dituzten ontziez gain, lokal barruetan ere izaten dituzte, eta horiek konpondu behar izaten dituzte. “Polita izaten da erakusketak egitea ere, negu partean jendeak batelen berri beste era batera jaso dezan. Badugu erakusketa finko bat Lekeition, Euskal Herriko ia ontzi tradizional guztien maketekin”.
Batelero Egunaz gain, datorren urterako beste zita garrantzitsu bat du buruan Ibaietak: “2016an beteko dira 150 urte Aita Mari marinel zumaiarra hil zela, eta urtemugarako zerbait berezia prestatu nahi genuke”. Jose Maria Zubia itsasgizona, Aita Mari ezizenez ezaguna, arrantzaleen semea zen. Aitarekin ibili zen hasieran, eta baxurako arrantzale gisa urte batzuk igaro ondoren, Ameriketarako itsasbidea egiten zuten merkantzia-ontzietan ere izan zen, 1830etik aurrera. “Donostiara itzuli, txalupa bat erosi, eta horrekin ibili zen arrantzan hil arte. Famatua egin zen itsaso txarra zegoenean jendea salbatzera bere txaluparekin irteten zelako, baita uretara salto egiten zuelako ere, itsasoak bizirik lapur ez zezan”.
Leave a Reply