Babestu beharrekoen zerrendan

Natura 2000 Sareak Gipuzkoako hemezortzi gune jasotzen ditu bere zerrendan. Babestu beharreko naturguneak dira; zaindu beharreko naturguneak; biodibertsitatean aberatsak diren naturguneak; flora, fauna, habitat eta paisaiarengatik zaintza eta arreta berezia behar duten naturguneak guztiak ere. Haietako bat da Bidasoa-Txingudikoa, baina lurralde osoan daude halakoak; ibai inguruak (Urumea, Oria, Araxes, Leitzaran...), kostaldea (Jaizkibel, Txingudi, Oriako itsasadarra...) zein baso eta mendiak (Aizkorri-Aratz, Izarraitz, Pagoeta, Aralar...). Europa osoko 27.000 naturgune baino gehiago daude sartuta Natura 2000 Sarean.

Europako Batasunak 1992an sortu zuen Natura 2000 Sarea. Europan mehatxatuta dauden espezie eta habitaten epe luzerako iraupena ziurtatzeko helburuarekin hasi ziren zerrenda lantzen, horretarako 92/43/CEE direktiba onartu ostean. Batik bat ,gizakiaren esku hartzeak dituen ondorio kaltegarrietatik babestea da araudiaren xedea eta sarearen helburua, naturguneak neurrigabeko garapenaren eta hazkundearen atzaparretatik salbu uztea.

Alde horretatik, Natura 2000 Sareak garapen iraunkorraren aldeko apustua egiten du, eta babestutako eremu horietako baliabide naturalak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak hartzen ditu kontuan. Hala, nekazaritza-lurraldeen garapena bultzatu nahi du, abeltzaintzaz eta basogintzaz gain, inguru horiek jendez hustu ez daitezen; baina, betiere, ingurumena eta bertako biodibertsitatea kontuan hartuta.

Inguru horiek turismoarekin uztartzeko aukera ere jasotzen du Natura 2000 Sareak; baina turismo iraunkorra izan dadin, ingurumenarekiko errespetutik eta sentsibilizaziotik egindakoa behar du izan.

Babesa

Europako Batasuneko estatu kide bakoitzari dagokio zerrenda osatuko naturguneen izendapena, eta baita gune horien babes egokirako neurriak hartzea ere; besteak beste, kudeaketa plan bereziak eginez. Kudeaketa plan horietan toki bakoitzak behar dituen zaintza, babes eta proiektuak jasoko lirateke, baina badaude hainbat ekintza eta hainbat jarduera sarea osatzen duten naturgune guztietan debekatuta daudenak: hala nola aisialdi jarduera intentsiboak, nekazaritza industriak, erauzketa intentsiboak, garraiobide handiak, betelanak, zabortegiak, arrazoirik gabeko eraikuntza lanak...

Natura 2000 Sarean egoteak, ordea, ez die eremu horiei erabateko babesa eta bermea ematen. Gipuzkoan, esaterako, Jaizkibel dago sartuta Natura 2000 Sarean, eta hori ez zen izan superportuaren proiektua atzera botatzeko argudio nahikoa.