Aterik ez duen truke etxea

Maite Alustiza / Eider Goenaga

Bizitzan edukiko ez dudan ikasketa da. Emakumeen etxe baten barruan egotea, proiektu batekin kolaboratzea, parte hartzea… Asebete egiten zaitu zuk diozuna beste batentzat baliagarria izateak, eta alderantziz». Katia Reimberg (Sao Paulo, Brasil, 1977) ari da hizketan, Donostiako Emakumeen Etxeaz. Han zerbitzua ematen duen Bidez Bide elkarteko kidea da, baita etxeko erabiltzailea ere. 30 kolektibotik gora daude etxean ordezkatuta; ez dute, ordea, elkarteen elkarte gisa definitzen, pertsonen elkarte bezala baizik: «Guztientzat irekita dagoen elkargune bat da». Azaroaren 13an bost urte beteko ditu Okendo kaleko emakumeen etxeak, eta, urteurrenaren harira, mahai bueltan elkartu ditu Hitza-k etxean jarduten duten hiru emakume: Reimberg bera, Asun Urbieta (Errenteria, 1958) eta Ana Lopez (Madril, 1964).

Zuriak dira etxeko paretak, eta argia da espazioa. Sarrera alboko paretetan, kartel ugari daude, barruan aurki daitekeenaren adierazle: Salduta, dio batek. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko kanpaina bateko kartela da, 2009koa. Zintzilik, Erasorik ez dioen bandera dute, eta hilabeteko programazioa iragartzen duen afixan zineforuma eta xake txapelketa dituzte. Paperetan dagoen aukera sorta egunerokoaren isla da: aholkularitza juridikoa ematen duten bitartean entseatzen du batukadak, beheko solairuko gelan. «Dagoeneko ohitu gara, baina zerbitzura etortzen direnek esan izan didate harrituta, ‘zer da hori!’», dio Ana Lopezek. Emakume bananduen elkartean aritzen da Lopez, aholkularitza juridikoa ematen. Elkarteak bere lokalak ditu, baina emakumeen etxean ematen ditu bere zerbitzuak; asteazkenetan, 19:00etatik 21:00etara, doan.

2010eko abenduan hasi zen Lopez aholkularitza ematen. Hasieratik nabaritu zuen mugimendu ugari: «Etorri nintzen lehen asteazkenean jada lau emakume etorri ziren aholkularitza jasotzera. Denbora aurrera joan ahala, gero eta emakume gehiago etorri dira». Batzuk kontsulta egin eta badoaz, baina badira itzultzen direnak ere. Denetariko emakumeei ematen die arreta: «Gazte asko datoz, 20 urtetik gorakoak, baina baita 70 ingurukoak ere».

Gazteekin gertuko hartu-emana du Reimbergek ere, ikasketa tituluen homologazioan laguntzen aritzen baita. «Askoren amak elkartzen ziren hemen, eta orain alabak ikasketak homologatzera datoz». Gehienbat emakume immigranteak biltzen zaizkio; horietako batzuek «liluratuta» begiratzen diote etxeari: «Latinoamerikan ez dago fisikoki emakumeen etxerik, partekatutako espazioetan biltzen dira. Hau beraientzat sekulakoa da, emakumeentzako halako egitura bat edukitzea».

Reimbergentzat berarentzat ere, «prestigioa» da emakumeen etxean euren txokoa eduki ahal izatea: «Guk ez dugu beste egoitza bat, eta hemen egoteak gauza asko esan nahi du. Jende asko dago makineriak funtziona dezan. Konkista historiko bat da, eta ni pribilegiatua sentitzen naiz».
Plaz hautagaitza feministako kide da Urbieta. Taldeetako askok bezala, euren egoitza dute; dena den, bitik behin behintzat emakumeen etxean elkartzea erabaki zuten: «Etxeak duen grazietako bat da hori da, elkar topatzea. Hona zatoz, beste emakume batzuekin elkartzen zara…Hemen ezagutzen eta errekonozitzen dugu elkar». Gainera, harreman zuzenak asko laguntzen duela uste du; «txutxu-mutxuak eta gaizki-ulertuak egotea galarazten du». Indarrak batze horrek duen balioa adibide batekin gorpuztu du Lopezek: «Lokal hau lehiaketara atera eta edonork eramateko ahalegina egon zen. Atentzioa eman zidan hau arriskuan zegoela ikusi genuenean nola bat egin genuen denok, udaletxeko batzarrera joan ginen…».

Batzordeka antolatuta
Norbera bere arlo edo taldean dabilen arren, bestelako egitasmoetan ere parte hartzen dute hirurek; erasoen aurkako batzordean, koordinazioan laguntzen… «Ezin dut esan hemen bizi naizenik, baina denbora asko pasatzen dugu», dio Urbietak.

Erasoen aurkako batzordeaz gain, etxean martxan dituzte batukada batzordea, zinemarena, ekofeminismoena, antolakuntzarena, teknologiena… «Gauzak egiteko gogoa» duen jendea behar dute, proiektuetan nahastuko dena. Inplikatutako kideak badituztela erakusten duen adibidea jarri du Urbietak: «Neska bat etorri zen danborrada emakumeen etxean egiteko asmoarekin, eta dagoeneko 80 lagun bildu ditu. Hori behar dugu, ideiak ekar ditzatela, edo bestela dauden taldeetara batu daitezela».

Hasieratik argi izan zuten emakume guztiei zabaldutako etxe bat nahi zutela; talde bateko kide izan gabe ere, indibidualki edonork du han jarduteko aukera. «Kontuan izanda emakumeen gehiengoa ez dela talde edo kolektibo bateko kide, ez genuen nahi pentsatzerik hau ez zela haien tokia. Etor zaitezke nahi duzuna egitera, eta nahi duzunera batzen zara».
Hala, zerbitzuren bat erabiltzera doazen emakumeak espazioaren parte izan daitezen saiatzen dira; erabiltzaile izan daitezela, baina aldi berean parte har dezatela. Lopezek harreman zuzena du erabiltzaileekin, eta, dioenez, aholkularitza emateaz gain, emakumeen etxeaz hitz egiten die: «Oso babestuta sentitzen dira, eskerrak ematen dizkigute, eta nabari diet garrantzitsutzat dutela».
Donostiakoak ez ezik, Gipuzkoa osoko emakumeak biltzen dira emakumeen etxean: Tolosatik doaz, Ordiziatik, Bergaratik, Oriotik, Zarauztik, Hondarribitik, Irundik… Emakumeen etxera nolatan joan diren galdetzen die Lopezek. Gizarte zerbitzuetatik bideratzen dituzte batzuk, medikuak beste batzuk… Badira aurretik egondako lagunek gomendatuta joandakoak ere. «Sare moduko bat da; jendea hizketan doa, eta elkar ezagutzen».

Etxera zerbitzu bat erabiltzera doanari ez ezik, zerbitzua ematen duenari ere etxeak egiten dion ekarpena nabarmendu du Lopezek: «Emakume pila bat ezagutzeko aukera ematen digu, harremanak izateko. Proiektu oso garrantzitsua da zerbitzuak erabiltzera datozenentzat, eta baita hemen gaudenontzat ere, edo egiten edo etxearen antolaketan parte hartzen. Emakumeengan sortzen duen jabekuntzan».

Hiriarekiko harremana
«Urte luzeko borrokaz» lortutako etxea da, mugimendu feministaren ekinbidez. Urbietak dioenez, lorpen oso garrantzitsua izan da hiriarentzat, eta emaitza oso positiboak izaten ari da bai hirian, eta bai probintzian ere. Hiru elkarrizketatuen ingurukoek badute emakumeen etxearen berri, baina gertukoa zabaldu eta galdera bat egin diote euren buruari: «Jendeak orokorrean ba ote du honen berri, edo zer ideia ote du etxeaz?». Hori jakiteko proposamen bat egin du Reimbergek: inkesta bat egitea, herritarrek emakumeen etxearekiko duten irudia ikusteko. «Niri galdetu izan didate ea erakunderen batekoa naizen, udalekoa edo… Lagun batzuek ere esan zidaten: ‘Nora zoaz? Baina ez da talde bateko kide izan behar?’».

Egitekoen artean daukate etxea «kalera ateratzea». Ekintza asko egiten dituzte, baina asko etxe barruan. Egiten dutena plazaratzeaz ari da Urbieta: «Gu ibil gaitezke hemen sekulako jardunaldiak antolatzen, eta gero jendeak batukadagatik ezagutzen du emakumeen etxea». Lilatoia lasterketa izaten den garaian, esaterako, kalea hartzen du etxeak: parte hartzaileek hara joan behar dute dortsala hartzera, eta jendez betetzen da lasterketa aurreko egunetan: «Pentsa iaz 3.000 lagunek parte hartu genuela… Hor bai, hor ikusi zen mugimendua hemen».

«Betiereko» aldarrikapen bat ere badute: lokal handiago bat. Reimbergek dioenez, ezin da errealitatea ukatu: «Espazio bat badugu, baina txikia da. Ahalko genuke potentzializatu eta askoz ere jarduera gehiago egin. Ez da jende falta, ez da aurrekontu falta, ez da gure arteko adostasun falta; espazio fisikoa falta zaigu».

KUDEAKETA EREDUAN “AITZINDARI”, KOGESTIOAREN BIDEZ

«Gogoeta tarte garrantzitsu bat» egon zen Donostiako Emakumeen Etxea martxan jarri aurretik, zer-nolako etxea nahi zuten eztabaidatzeko. Hasierako urteak gogora ekarri ditu Juana Aranguren Donostiako Emakumeen Etxeko lehendakariak: «Urte asko generamatzan horrelako espazio bat eskatzen, eta gogoeta prozesuak bi urte iraun zuen, nahi genuena definitu arte». Hor zehaztu zuten laikoa izan behar zuela, akonfesionala, apartidista, alderdietatik libre egongo zena…
Kogestioaren arloan «aitzindari» izan zen Donostiakoa. Kudeaketaren inguruan gogoeta egin zuten, eta hainbat etxe bisitatu zituzten aurrena; besteak beste, Ermukoa (Bizkaia), Caladonakoa
—Bartzelonan—, Zaragozakoa, eta Gijongoa (Asturias, Espainia). Kudeaketa eredu ezberdinak topatu zituzten: Zaragozakoa udaleko etxe bat zen; Caladonakoa, berriz, autogestionatutakoa.
«Kogestionatuta ez zegoen bakar bat ere. Pentsatu genuen mugimendu feminista hemen ez zela Bartzelonan bezain indartsua etxea autogestionatu ahal izateko, baina ez genuen nahi soilik erakundeen esku egongo zen etxe bat; kudeaketan parte hartu nahi genuen».

Kogestio organo bat dago etxean, gutxi gorabehera bi hilabetez behin elkartzen dena. Elkartea, elkarteko bazkideak eta Berdintasun Saila biltzen dira organo horretan. Etxeari dagozkion kontuak lantzen dituzte. «Gero, udalak bere aldetik programatzen du, eta geuk geuretik. Oso ondo funtzionatzen du». Udalak finantzatzen du, baita aldundiak ere: «Proiektu hau, duen dimentsioa kontuan hartuta, ez litzateke posible udalaren babesik gabe».

Okendo kaleko lokala izan aurretik, Villa Soroa eman zieten etxea jartzeko, Ategorrietan. «Ez zegoen hain erdigunean, baina tokia zoragarria zen». Arangurenek dioenez, elkarteko arkitekto batek etxea egokitzeko proiektu bat egin zuen, baina orduan aldaketa politikoa iritsi zen: «Bildurekin erabaki zuten ez zegoela nahikoa diru obra egiteko. Eta lokal hau eman ziguten».

ELKARRIZKETA: June Gonzalez, Emakumeen Etxearen dinamizatzailea

Donostiako Emakumeen Etxea sortu zenetik bertan dabil June Gonzalez (Errenteria, 1982). Elkarteko kide gisa hasieran, eta dinamizatzaile gisa lanean orain. Mugimendu feministatik iritsitakoa da, eta nabari zaio Emakumeen Etxean egiten duen lanak asebete egiten duela. «Lan hau zoragarria da», dio, irribarrea aurpegitik kendu ezinda.

Gaur zortzi beteko dira bost urte Emakumeen Etxeak ateak zabaldu zituela. Zer du ospatzeko Emakumeen Etxeak?
Egindako ibilbidea. Hasieran, espazioa berria zenez, emakumeak etortzen ziren zer egiten genuen ikustera; orain, bost urte geroago, egunean batez beste 100 emakume etortzen dira. Hau martxan jarri zenean pentsatzen genuen ez zela erraza izango hirian gure txokoa egitea, eskaintza handia delako eta Donostian feministak gutxi ginelako. Bueno, ba, orain gehiago gara, eta hori lorpen bat da.

Azaldu, motzean, zer den Donostiako Emakumeen Etxea.
Topagune bat da. Toki bat eskaintzen zaie berdintasunaren alde lanean diharduten taldeei eta norbanakoei, elkartzeko eta haien jardueretarako. Emakumeen Etxea sortu arte talde asko tabernetan elkartzen ginen, eta hemen toki duin bat daukagu.
Formaziorako gune bat ere bada. Tailer, ikastaro eta jardunaldiak egiten dira, batez ere jabekuntza prozesuak gauzatzeari begira; alegia, emakumeok dugun indarrarekin konektatzea, dugun botereaz jabetzea, mendekotasun egoera batera eraman gaituen eta barneratua dugun hezkuntza heteropatriarkalari buelta emanez.
Bestetik, laguntza eta sostengu gune bat gara, emakumeei doako zerbitzu ugari ematen baitizkiegu: aholkularitza juridikoa, informatika ikastaroak, sexu aholkularitza, tituluen homologazioa…
Eta, nola ez, borrokarako espazio bat ere bagara, non emakume taldeak antolatu eta elkartu egiten garen. Izan ere, ezin dugu ahaztu 450 bazkide inguru garela, eta 30-40 talde elkartzen garela.

Ze motatako taldeak dira?
Denetarikoak. Batzuk talde feministak dira, baina emakumeen edozein elkartek du tokia hemen, eta askotarikoak dira: emakume bananduak, etorkinak… Gutako batzuk feminismoarekin lotuta gaude; beste batzuk, ez hainbeste.

Emakume guztientzako etxea da, baina egoera zaurgarrienean dauden emakumeei aparteko laguntza ematen diezue.

Bai. Adibidez, aholkularitza juridikoa eta ikasketa tituluen homologazioa emakume etorkinei begira egiten da, batik bat. Eta indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzat terapia eta jabekuntza taldeak ere baditugu. Gai horrek pisu handia du gurean.

Emakumeen Etxeak mugimendu feminista ordezkatu al du?
Ez, eta hainbat talderen aldetik bazegoen tentsio hori, horrelako proiektu batek irentsia izateko beldurra. Baina Emakumeen Etxea martxan jartzeak ez du inondik inora talde eta elkarte horien hustea ekarri, ez jende aldetik, ez edukien aldetik. Alderantziz, uste dut oreka lortu dugula.
Topagune bat izateak gauza asko erraztu dizkigu, eta, gainera, ikusgarritasuna eta eraginkortasuna eman digu. Ekintza bat antolatzen dugunean askoz ere jende gehiago etortzen da orain. Toki bat daukagu, jendeak ezagutzen du, eta, gainera, etxeak ematen duen oihartzuna dago. Lehen, espazio batzuk nekez betetzen genituen, eta, orain, toki falta dugu.

Zerbitzu eta ekintza guztiak toki berean izatea abantaila da?
Bai, emakume asko etortzen dira ekintza zehatz batean parte hartzera, eta hona sartzen direnean etxea ezagutzen dute, gure eskaintza ezagutzen dute, eta gehienak berriro itzultzen dira. Batzuk etortzen dira batukadan parte hartzera, eta, bat-batean, esaten dizute jabekuntza ikastaroan hasi direla, jabekuntza prozesu bat abiatu dutela.

Zer da jabekuntza prozesu bat?
Emakumeen menpekotasun egoerak epe luzeko ondorio ugari ditu. Emakumeak gara pobreenak, gu gara tristeen gaudenak, bizimoduan gertatzen diren aldaketa handienak bizi ditugunak, banantze prozesuak, zaintza prozesuak, habia hutsaren sindromea, zaintzaren esparru osoa, norberaren zaintzarako denborarik eza… Hori guztia guk sufritzen dugu, lur jota gauzka, eta ondoeza sortzen du; eta, gainera, ezin dugu adierazi errudun sentitu gabe.
Horrela dagoen emakume bat hona etortzen denean, eta ikusten duzunean saio bakar batean sekulako aurrerapausoa egiten duela… izugarria da. Esaten dizute «honek zerbait mugitu du nire barruan; oso-oso ondo sentitu naiz; honen bila nebilen». Zenbat aldiz entzun dudan gauza bera. Hemen ikusten dute zenbat jende dagoen egoera berean, patriarkatuak modu estrukturalean eragiten duela; ez zarela zu, egitura dela gaizki dagoena. Eta hori ulertzea eta gainditzea oso zaila da.

‘Feminismoaz’ lanketa ere egiten duzue. Besteak beste, feminismoari kutsu negatiboa kentzeko jardunaldiak egin dituzue.
Bai, feministok badugu halako fama txar bat; poluzio mediatikoa handia da gure inguruan, eta hori ere hausten ari gara. Nik uste dut horretan lagundu duela Emakumeen Etxeak. Hemen gaude, denok batera lanean; ikusten gaituzte, ezagutzen gaituzte, eta behin etortzen direnean ikusten dute ez garela sorgin gaiztoak.
Halere, hona datozen guztiek ez dute bere burua feminista gisa definitzen; ez dugu feminista karneta eskatzen, bakoitza nahi duena izan daiteke. Hori da gure ezaugarri bat. Gune libre bat gara, epaitzen ez duen toki bat, kalean dauden eta patriarkatuak ezartzen dizkigun etiketa, muga eta aurreiritzietatik kanpo dagoena.

Zer erakutsi dizu bost urteko ibilbide honek?
Halako gune baten beharra zenbatekoa zen erakutsi dit. Batetik, hau martxan jartzeak beste batzuk bide berean jarri dituelako. Erreferentzia gara, eta Gipuzkoan hainbat sortu dira gure ondotik: Arrasate, Eibar, Azpeitia…
Bestalde, etortzen den emakume kopuruak pentsarazten dit beharra handia dela. Emakume gehiago erakartzeko zer egin genezakeen pentsatzen aritzen ginen hasieran, eta etxea txiki gelditu zaigu. Urtean 33.500 erabiltzaile izatea izugarria da.

Jarritako helburuak lortu dituzue bost urte hauetan?
Uste dut guztiak harritu garela elkarteak hartu duen abiaduragatik eta elkartzen garenean sortzen ditugun sinergiengatik. Antolatu gara, eta elkar hartuta txinpartak atera dizkiogu proiektuari. Txinparta hori ez genuen espero.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zuen erronkak?
Azpiegitura mailan, egoitza berria behar dugu. Hau ez da oso handia, eta gelak txikiak dira. Arratsaldean, 18:00-19:00etatik aurrera hasten da hemen martxa, eta jende pila bat etortzen da. Antolatzen ditugun ekintzez gain, talde askoren bilgune gara, eta horrek esan nahi du ordu horietan toki arazoak ditugula.
Bestalde, badaukagu oihartzuna, baina oraindik eta oihartzun handiagoa izan nahi dugu. Eta emakume gehiagok gurekin bat egitea, ez bakarrik gune honetara etorriz, baizik eta etxearen egituraren parte izanez.