Lohi gainetik, lokaztu gabe

Lohi gainetik, lokaztu gabe

Asier Perez-Karkamo

Oinezkoentzako eta bizikletentzako egurrezko pasabide bat inauguratu zuen Hendaiako Herriko etxeak iazko urtarrilean, Bidasoa ibaiaren eskuin ertzean, tren geltokiaren eta Intzurako industrialdearen artean. 880 metro da luzean,  eta lau metro zabalean, eta Hendaia Irunekin lotzen duten hiru zubien azpitik egiten du bidea, Irungo irlen paretik. 2,5 milioi euroko aurrekontua eduki zuen.

Azpiegitura horrekin Txingudi badiaren herriko ibilbidea osatu zuen Hendaiak, Ondarraitz hondartzatik Pausuraino (Urruña). Horrek ekologisten haserrea piztu zuen, zutabeak ibai ertzeko lohian finkatu eta limoetako hegaztien habitatak hondatu zituztelako. Mikel Estonba Itsas Enara elkarteko biologoak gogor kritikatu izan du egurrezko bidea
—Bidasoaldeko Lagunak plataforma osatzen duten eragileetako bat da Itsas Enara—: «Pasarela hori padura baten gainean eraiki da; hortik hasita, padura bati kalte egin zaio, berez. Bestalde, giza presentzia areagotu egin du hainbat hegazti espezierentzat oso garrantzitsua den eremu batean. Azpiegitura lot zitekeen padura eremuari kalterik egin gabe».

Inauguraziora Irun eta Hondarribiko ordezkari politikoak gonbidatu zituzten, eta obra berria goraipatu zuten. Izan ere, hiru herrietako agintarien aspaldiko nahia da Txingudi badia oinez eta bizikletaz inguratzea, mugaz gaindiko azpiegitura batekin. Ordurako, Irungo EAJk aurkeztua zuen Irun eta Hondarribia lotzeko proposamen bat, eta Hendaiakoa aintzat har zitekeen adibidea zela aipatu zuten jeltzaleek, «badiaz eta ingurune lasai eta erakargarriaz gozatzeko aukera paregabea».

Lapurdiko bi herriak elkartuta, badiako ibilbidea Behe Bidasoko Gipuzkoako bi herrietan dago osatzeke, eta Irunen aurrerapausoa ematear daude: Behobia eta Osinbiribil artean pasabidea eraikitzeko proiektua onartu du udalak. Asmoak Bidasoaldeko Lagunak plataformaren erantzuna jaso du: eremua hegazti migratzaileentzat ezinbestekoak diren habitatak biltzen dituen nazioarteko Natura 2000 Sarean egon arren, egiaztatu dute Hendaian hori ez dela errespetatu.

Plataformak erantsi duenez, pasarela eraiki nahi den ingurua biziberritzeko beharra dagoela dio Txingudi Alorreko Errekurtso Naturalak Babesteko eta Eratzeko Plan Bereziak: «Babesgune horietan egiten den edozein jarduerak izendatutako gunearen balioak biziberritzera bideratuta egon behar du bakarrik. Gunea urbanizatzea kontrako norabidean doa».

Errespetuzko alternatiba
Irungo Udalak, baina, Bidasoaldeko Lagunen kezkak funtsik gabekoak direla uste du: «Ziurrenik proiektua ezagutzen ez dutelako, Behobia eta Osinbiribil artean eraiki nahi dugun pasabidearen inguruko zenbait termino nahastu egin dituzte», adierazi du Cristina Laborda Herri Lan ordezkariak. Azaldu duenez, proiektua bi fasetan gauzatu nahi dute, eta lehen fasea da onartuta dagoena, Faisaien uharte paretik doana. «Proiektuaren lehen fasean onartu dugun aukera hegal irtena da, ibaiaren ibilgua ukitzen ez duena». Udalaren datuen arabera, lehen zatia 1.040 metroko luzerakoa litzateke, eta Azken Portu kiroldegiko atzealderaino helduko litzateke. Pasabidea eraiki eta gero, oinezkoen bidearen zabalera 3 metro litzateke, eta bidegorriarena 2,4 metro.

Lehen fasea onartu aurretik, ibilbide alternatiboak aztertu dituztela argitu du Labordak, eta irtenbide egokiena pasabide irtena dela deritzo. Haren ustez, ekologistek kaltegarritzat jo dituzten aukerak dira udalak ere baztertu dituen horiek. Halaber, bigarren faseak antzeko bidea egingo duela gaineratu du: «Oraindik ez dago onartuta, baina bai erredaktatuta, alternatibak aztertu dira, eta hegal irtena egiteko aukera lehenetsi da. Aukera hori da egitasmoa onartu beharko denean mahai gainean jarriko dena».

Orain, erakundeen oniritzia da egitasmoko lehen fasea gauzatzeko falta dena, eta xede horrekin, Irungo Udaleko ordezkaritza batek Madrilera bidaiatu zuen urrian, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta eta Itsaso Jasangarritasun Zuzendaritza Orokorrarekin bilera edukitzeko. Bilera hartan, Bidasoa ibaiaren gainetik igaroko den pasabidearen proiektua aurkeztu eta defendatu zuen udalak. Oraindik proiektuaren aurrekontua ez da jakitera eman, baina Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuan 1,5 milioi euroko diru laguntza onartuta dago. Lanak aurten egingo ez direnez, diru hori 2016rako gorde dezala eskatu diote Jaurlaritzari.

Badiako ibilbidea osatzeko Irungo Udalak onartu duen lehen zatiak zeresana eman duen bezala, ez dirudi Txingudiko badia inguratzeko bidea osatu arteko bidea erraza izango denik, zatirik konplexuena eta hauskorrena baita falta dena. Besteak beste, tren azpiegiturak eta saihesbidea gainditu beharko dituzte, Txingudiko plan nagusiak lehengoratzeko eremu gisa izendatua duen Plaiaundi Parke Ekologikoan eragin gabe.

GIPUZKOAKO NATURGUNEAK
Eider Goenaga

Natura 2000 Sareak Gipuzkoako hemezortzi gune jasotzen ditu bere zerrendan. Babestu beharreko naturguneak dira; zaindu beharreko naturguneak; biodibertsitatean aberatsak diren naturguneak; flora, fauna, habitat eta paisaiarengatik zaintza eta arreta berezia behar duten naturguneak guztiak ere. Haietako bat da Bidasoa-Txingudikoa, baina lurralde osoan daude halakoak; ibai inguruak (Urumea, Oria, Araxes, Leitzaran…), kostaldea (Jaizkibel, Txingudi, Oriako itsasadarra…) zein baso eta mendiak (Aizkorri-Aratz, Izarraitz, Pagoeta, Aralar…). Europa osoko 27.000 naturgune baino gehiago daude sartuta Natura 2000 Sarean.

Europako Batasunak 1992an sortu zuen Natura 2000 Sarea. Europan mehatxatuta dauden espezie eta habitaten epe luzerako iraupena ziurtatzeko helburuarekin hasi ziren zerrenda lantzen, horretarako 92/43/CEE direktiba onartu ostean. Batik bat ,gizakiaren esku hartzeak dituen ondorio kaltegarrietatik babestea da araudiaren xedea eta sarearen helburua, naturguneak neurrigabeko garapenaren eta hazkundearen atzaparretatik salbu uztea.

Alde horretatik, Natura 2000 Sareak garapen iraunkorraren aldeko apustua egiten du, eta babestutako eremu horietako baliabide naturalak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak hartzen ditu kontuan. Hala, nekazaritza-lurraldeen garapena bultzatu nahi du, abeltzaintzaz eta basogintzaz gain, inguru horiek jendez hustu ez daitezen; baina, betiere, ingurumena eta bertako biodibertsitatea kontuan hartuta.

Inguru horiek turismoarekin uztartzeko aukera ere jasotzen du Natura 2000 Sareak; baina turismo iraunkorra izan dadin, ingurumenarekiko errespetutik eta sentsibilizaziotik egindakoa behar du izan.

Babesa
Europako Batasuneko estatu kide bakoitzari dagokio zerrenda osatuko naturguneen izendapena, eta baita gune horien babes egokirako neurriak hartzea ere; besteak beste, kudeaketa plan bereziak eginez. Kudeaketa plan horietan toki bakoitzak behar dituen zaintza, babes eta proiektuak jasoko lirateke, baina badaude hainbat ekintza eta hainbat jarduera sarea osatzen duten naturgune guztietan debekatuta daudenak: hala nola aisialdi jarduera intentsiboak, nekazaritza industriak, erauzketa intentsiboak, garraiobide handiak, betelanak, zabortegiak, arrazoirik gabeko eraikuntza lanak…

Natura 2000 Sarean egoteak, ordea, ez die eremu horiei erabateko babesa eta bermea ematen. Gipuzkoan, esaterako, Jaizkibel dago sartuta Natura 2000 Sarean, eta hori ez zen izan superportuaren proiektua atzera botatzeko argudio nahikoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.