“Nafarroako autobidea hartu behar luke eredu Gipuzkoak”

“Nafarroako autobidea hartu behar luke eredu Gipuzkoak”

Loinaz Agirre

Hiru sindikatuko idazkaria, Patxi Agirre, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin biltzeko prest dago, Etzegaraten jarri nahi duen bidesariaren harira garraiolariek dituzten proposamenez hitz egiteko.

Mobilizazioak egin dituzue foru aldundiak Etzegaraten jarri nahi duen bidesariaren aurka. Zein informazio daukazue?

Dakigun bakarra da datorren urtean Etzegaraten bide saria jarri nahi dutela martxan. Ez dakigu noiz eta nola jarriko duten. Kontraesanetan dabil aldundia: negoziatuko dutela esaten ari dira, baina erabakia hartuta dagoela. Erabakia hartuta badago, zer nahi dute negoziatu? Bilera bakar bat izan dugu, eta ez dugu harreman gehiago izan.

Foru aldundiaren argudioen arabera, kanpoko garraiolariek ordainduko lukete.

Bidesaria kanpoko garraiolariek ordainduko dutela esaten dute. Baina hori gezurra da. Egunero gora eta behera gabiltzanok ordainduko dugu. Etzegaraten gabiltzanak geu gara, euskaldunak gara. Kanpotarrak astean behin pasako dira, edo bi aldiz. Gu egunero pasatzen gara, bi eta hiru aldiz. Lau edo sei aldiz ordaintzea esan nahi du horrek. Beste gezur bat ere esaten du aldundiak: kanpotarrek ez dutela ordaintzen esaten dute. Kanpoko garraiolariek hemen gasolioa botatzen dute. Europako gasoliorik merkeenetakoa hemen daukagu, eta askok eta askok, denek ez esateagatik, gasolioa Irun eta Gasteiz artean botatzen dute, N-1ean. Arabako Diputazioak garraiolarientzako logistika guneak sortu zituen. Beraz, ez da erraza garraiolariak AP-1era desbideratzea. Horregatik nahi dute Etzegaraten kobratzea. Ez dute ezer ere arautu nahi, dirua bildu bakarrik.

Zer proposatzen duzue Hiru sindikatuko kideok?

Nafarroako autobidea hartu behar du eredu Gipuzkoak: AP-1 autobideko prezioak merkatu, garraiolariak bertatik joan daitezen bultzatzeko. Espainiak ere leku batzuetan erabaki hori hartu du: prezio erakargarriak jarri ditu hainbat autobidetan, kamioiak handik ibiltzeko.

Zerbitzu aldetik AP-1 egoki prestatuta al dago garraiolarientzat?

Aurreko legealdian ere Hiru sindikatuak eskatu zuen Astigarragan garraiolarientzako gune egoki bat jartzea. Ahalik eta kamioi gehienei zerbitzua eman eta gasolioz depositua bertan betez gero, N-1eko beste guneetan ez luke gelditu beharrik izango. Horrekin batera, AP-1eko bidesaria prezio erakargarrian jarriz gero, kamioiak AP-1etik bideratzeko moduan izango lirateke.

Horrekin batera, depositu fiskala egiteko ere aprobetxatu beharko litzateke Gipuzkoan. Izan ere, Gipuzkoatik ihes egiten du erregaiaren zergak. Litroko 33 zentimo ordaintzen da erregaiaren zerga. Gasolindegiek zerga hori gasolioa erosten duten lekuan ordaintzen dute. Hemen, Gipuzkoan, Bizkaitik ekartzen da, eta Arabatik eta Nafarroatik ere bai. Erregaiaren zerga horren diru guztia Bizkaira, Arabara eta Nafarroara doa.

Zenbat diru litzateke hori?

Gure kalkuluen arabera, garraiotik bakarrik, urtean 200 milioi eurotik gora jasoko litzateke erregaiaren zergatik; hilero-hilero, ia 15 milioi. Baina diru horrek ihes egiten dio Gipuzkoari eta bidesariekin diru kopuru hori ez da berreskuratuko.

Bukatzeko, oro har, nola dago garraiolarien sektorea?

Krisiak gogor jo du sektorea. Produkzioarekin lotuta gaude gu. Sektore batzuetan produkzioa hobeto dago, baina ez dago erabat normalizatuta. Gaizki gabiltza; arnasa pixka bat hartzen ari gara, gasolioaren prezioa jaitsi egin delako. Horrek eman digu arnasa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.