“Inbertsio handiak” aurkeztu ditu Donostiako udal gobernuak

Maite Alustiza

Eneko Goia Donostiako alkateak 377 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du; aurtengoa baino %5,34 handiagoa —horietatik 313 milioi dira udalarenak, eta gainontzekoa erakunde autonomo eta elkarteena—. “Inbertsio handiko aurrekontua” izango dela aurreratu du: “Nahiz eta gastu arruntak %1,83 handiagoak diren, kapital gastuak %19,74 handituko dira, eta, ondorioz, inbertsioak %32,64 handituko dira”, adierazi zuen Goiak aurrekontu proiektua aurkezterakoan.

128 sail jaso dituzte aurrekontu proiektuaren zirriborroan, inbertsioak egiteko. Besteak beste, honako hauek nabarmendu dituzte: Urumea bideratzeko inbertsioak —bideratzeko bigarren fasea egiteko desjabetzeak, Txomin Enea…—; Altzako kiroldegia berritzeko inbertsioa, eta Morlanseko eraikina egokitzeko inbertsioak. Era berean, hiria hobetzeko zerbitzuen gaineko sailak ere handituko dituzte; esaterako, bideen garbiketarako saila %7,72 handiagoa izango da, eta parke nahiz lorategiak mantentzeko saila %3,33 handituko dute.

Aurrekontu proiektuak gizarte zerbitzuetarako baliabideak “indartzen” ditu, Goiaren arabera: “Gizarte larrialdietarako laguntzen gaineko aurrekontu sailak berdin jarraituko du, baina horien ezustekoetarako saila 559.000 eurokoa izango da”.

Horrez gain, Europako Hiriburutzari ekarpena egingo dio udalak: 2016 fundazioari 4,9 milioi, eta beste 5 milioi euro hiria behar den bezala prestatzeko.

Abenduaren 3ra arte zuzenketak aurkez dakizkioke aurrekontu proiektuari, eta abenduaren 22ko udalbatzarrean behin betiko onarpena ematea espero dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.