Eider Goenaga
Arantxa Garmendia (Donostia, 1965) eta haren lankide bat marrazo artean murgilduta dabiltza, Gipuzkoako Hitza-ko kazetaria bertaratu denean. Donostiako Aquariumeko akuario handia garbitzen ari dira, ozeanarioa, beirazko tunelak zeharkatzen duena. “Astean hirutan egiten dugu lan hau, hain justu marrazoei eta ozeanarioko beste arrainei jaten eman aurretik”. 7.000 arrain daude bertan. Jana eman ostean berriro garbitzen dute ozeanarioa, jan ondoren gelditzen diren soberakin eta kakak garbitzeko, hain zuzen ere.
Beti gose dagoen animalia gisa irudikatzen da marrazoa, edozein unetan ingurutik igerian pasatzen denari hozka egiteko prest. Baina Aquariumean astean hirutan baino ez diete jaten ematen: astearte, ostegun eta larunbatetan, 12:00etan. Garmendiak eta haren lankideak, garbitzeko tresnak utzi, eta ozeanarioko animalientzako bazka hartu dute, kuboetan. Arrain txikienentzat, muskuiluz eta pentsuz betetako kuboak; arrain zatiekin betetako kuboak arrain handiagoentzat —marrazo txikiagoak, korbinak, morenak, dortokak…—. Ozeanarioan dauden bi zezen marrazoentzat —Txuri eta Kontxita—, berriz, kuborik ez. Metro bateko metalezko makila bat hartu dute, eta muturrean jarri diote harentzako arraina. “Normalean arrain urdina ematen diegu, berdela, baina baita legatz isatsak ere, bakailaoa, eta txipiroiak ere bai”.
Garmendia eta haren lankidea sartu dira ozeanarioan. “Zezen marrazoei ezin diegu inoiz bizkarra eman, badaezpada, segurtasun neurri gisa”, azaldu du Garmendiak, “batik bat, kontuan hartu behar dugu animalia basatia dela, eta beti gutxieneko distantzia batera jartzen gara. Izan ere, normalki ez liguke ezer egingo, baina ezin dugu ahaztu oso animalia azkarra dela, eta gu pisu handiarekin sartzen gara uretan, oxigeno bonbonarekin eta ekipamenduak pisatzen duen guztiarekin. Marrazoak bira har dezake, eta zu konturatzen zarenerako zortzi txiribuelta eman dizkizu”.
Marrazo txikiagoekin, katuarrainekin, momarrekin eta toya marrazoekin, adibidez, ez dira hain zorrotzak segurtasun neurriak. Ia ahora ematen diete jana. “Eta toyek jateko gogoa daukatenean oso gauza bitxia egiten dute: muturrarekin kolpetxo bat ematen digute betaurrekoetan, jateko gogoz daudela adierazteko, jana eskatzeko”.
Baina zezen marrazoek aurreko larunbatean jan zuten, eta, dirudienez, osteguna izan arren, ez dira oraindik gose. Fama eta ospea, bai, baina ez dira hain jatunak, antza denez. Bi urpekariek ordu erdi luze egin dute murgilduta, batari eta besteari jana ematen. Txuri-ri eta Kontxita-ri ere behin baino gehiagotan pasatu diete makila muturretik. Baina imintziorik ere ez. “Hori uretan sartzerako jakiten dugu. Normalki, gu sartzen garenean marrazoek badakite zertara gatozen, eta jateko gogoa baldin badute, berehala ozeanarioaren beheko aldera jaisten dira. Gaur goiko aldetik zebiltzan igerian, ikusi dituzu; horrek esan nahi du ez dutela jateko asmorik”.
Garmendia ikasketaz biologoa da, eta 1990eko hamarkadatik dabil Donostiako Aquariumean. “Aquarium zaharrean hasi nintzen. Pentsa nolako aldaketa. Bi lagun arduratzen ginen arrainen zaintzaz, baina tarteka sarreran ere egon behar genuen”. Orain, hamar lagunek osatzen dute Aquariumeko arrain guztien zaintzaz arduratzen den taldea; lau emakumek eta sei gizonek. Hamarreko talde horretatik bi biologoak dira, itsasoko landaredian aditua beste bat, informatikaria bestea… “Denetik gaude. Urpekaritza jakitea da guztiok betetzen dugun baldintza”. Izan ere, taldeko zortzi kidek egiten dute ozeanarioa garbitu eta animaliak elikatzeko lana, txandaka.
Ozeanarioak erakarpen indar handia du Aquariumean, eta marrazoei jaten ematen dieten uneak, are handiagoa. “Joan den astean, esaterako, marrazoetako batek tunelaren gainean zegoenean heldu zion janariari, jendearen buru gainean, eta ikusgarria izan zen. Jendeak liluratuta begiratzen zion”, azaldu du Garmendiak. “Jaten emateko unean, gainera, taldeko kide bat beti tunelean egoten da, bertan dagoen jendeari azalpenak ematen”.
Marrazoak hain gertu ikusteak sortzen duen lilura muturrera eramateko esperientzia ere eskaintzen du Aquariumak. Larunbat goizetan, marrazo artean murgiltzeko aukera dago. Begirale batekin egiten dira murgiltzeak, eta marrazoak elikatzen dituzten unean egiten dira. 300 euro balio du, eta astebururo sartzen da talderen bat.
Leave a Reply