Herritarrak herritar izateko

Herritarrak herritar izateko

Eihartze Aramendia Iparragirre

Ilusio handiko ibilbidea izan da. Hesiak ere gainditu behar izan ditugu; norberak bere buruari jartzen dizkion etiketak eta kanpotik jartzen dizkigutenak puskatu behar izan ditugu”. Horrela laburbildu du Leire Barandiaran Goierriko Gure Esku Dago-ko kideak Nazioen Munduak egindako ibilbidea. Bihar, herri galdeketa egiteko prozesua hasiko dute Goierrin; aurretik, baina, lana gogotik egin behar izan dute.

2007an Idiazabalgo herritar talde batek Nazioen Mundua ekimena sortu zuen. Herritarrak autodeterminazioaren alde batu nahi zituzten. “Desberdinak elkartzea” izan da helburuetako bat, auzolanean lanean hastearekin batera. Hiru urteren buruan, Goierrirako saltoa eman eta eskualdeko ekimena garatu zuten. Hiru urte horiek, ordea, ez ziren alferrik pasatu, eta nazioartearekin harremanetan jartzen hasi ziren. Idiazabalgo bi lagun oporretara joan ziren Eskoziara, eta kalean erabakitzeko eskubideari buruz naturalki hitz egiten zela ohartu ziren. Ikusi zuten denek onartzen zuten gai bat zela Euskal Herrian tabu gisa bizi izan den hori. Haiengandik ikasteko asmoz, harremanak hasi ziren. Eta gerora kataluniarrekin egoteko aukera etorri zen.

Igartzako mugarria

Goierrira zabaltzeko jauzia 2010ean etorri zen, Igartzako manifestuarekin, eta horri garrantzi berezia eman dio Barandiaranek: “Mugarri bat izan zen; Goierrin horrek eman zion irteera egitasmoari. Atera zen argazkian Goierriko jende esanguratsua azaltzen da, sentsibilitate desberdinekoa”.

Itsasondoko agerraldiari ere ez dio garrantzirik kendu nahi izan: “Ikusi genuen 80 urte lehenago, gurea baino garai okerragoetan segur aski, autodeterminazio eskubidearen aldeko mozio bat sinatu zutela. Hori gogora ekartzen saiatu ginen, eta Goierriko herri guztietan mozioak aurkeztu genituen: denetan onartu zen”. Gero, alkate guztiek agerraldia egin eta mozio horretan azaltzen zena berretsi zuten.

Ordura arte egindako lana ez zen makala, eta guztia nonbait biltzeko beharra ikusi zuten: Gazta zati bat dokumentala jaio zen. “Gure altxorra izan da hori. Jende desberdina lanean hasi ginen, eta hori oso sanoa dela ikusi genuen. Denok elkartuta lana egiten dugunean gauza politak, onak eta esanguratsuak ateratzen dira”. Hartu zuen dimentsioak sorpresaz hartu zuela aitortu du: “Dokumentala ikusita jende asko hunkituko zela pentsatzen nuen, baina ez nuen espero hartu zuen dimentsioa hartzea”. Hortik hasi ziren hainbat herritan batzorde txikiak sortzen erabakitzeko eskubidearen aldeko lana egiteko.

Zauriak ixten

Ekinbideak herritarra herritar bezala agertzea lortzen duela ziur dago Barandiaran: “Alegia, ez etiketa baten atzeko pertsona bat izatea; guri interesatzen zaiguna pertsona bera da”.

Desberdinak elkartze horretan bidea ez da erraza izan, baina jendea pixkanaka zauriak ixten joan da: “Jendea behin mahai baten inguruan lasai jartzen denean, elkartzen gaituen gauza baten alde hizketan jartzen garenean, konturatzen zara askotan geure buruari oztopoak jartzen ari garela. Azkenean, garrantzi handiagoa ematen diogu desberdintzen gaituen horri batzen gaituenari baino. Batu gaitezen ados gauden gauzen alde egiteko”.

Egindakoa baloratuta, orain herri kontsulta egitea “pauso naturala” da. Biharkoa pauso askoren beste oinatz bat izango da.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.