Eider Goenaga
Gizakiaren betiko ametsa, betiko gogoa izan da txoriek bezala hegan egitea. Haizea aurpegian sentitu eta askatasunez hegaztiak bezala mugitzea. Historian zehar hamaika ahalegin egin ditu gizakiak horretarako. Parapentean hegan egitea litzateke gaur egun horri gehien hurbiltzen zaion aukeretako bat. Iñigo Urrutikoetxeak (Donostia, 1959) 1980ko hamarkada hasieran egin zuen lehen hegaldia parapentean. “Mont Blancera joan ginen, eta han ikusi nituen bi lagun, parapentea motxilan hartuta, gero mendian behera salto egiteko”. Atentzioa eman zion jarduerak, eta orduan harrapatu zuen kirol horrek betiko.
Hegan egiten duenean “amets batean bezala” sentitzen dela dio. “Itsaso gainetik parapentean hegan zoazenean, badirudi errealitatetik atera egin zarela, eta munduari kanpotik begiratzen diozula”. Hegan egitea “lasaitasuna” da Urrutikoetxearentzat. “Parapentean ibiltzera datorrenak adrenalina espero du, baina aireratze eta lurreratze momentuak kenduta, hegan zoazenean lasaitasuna da sentitzen duzuna”.
Bera bezala, jende asko harrapatu du parapenteak ordutik. Eta zabalpen horretan badu partea Urrutikoetxeak ere. 1989tik eskaintzen ditu parapente ikastaroak Donostian. Baina, horrez gain, parapentean ibiltzearen esperientzia probatu nahi duenarentzat ere badu eskaintza. Bi lekuko parapentean Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko parada ematen baitie bezeroei, aurrez ikastarorik egin beharrik gabe.
Urrutikoetxea hasi zenean, parapentearen hastapenak ziren. “Ordu arte paraxutarekin egiten zen, baina paraxuta egokitu egin zuten, eta hortik sortu zen parapentea”. Autodidakta gisa definitzen du bere burua Urrutikoetxeak. “Garai hartan ez zegoen eskolarik; Frantziatik ekarritako aldizkariak irakurtzen nituen, eta horrela ikasi nuen hegan egiten”. Aitzindaria izan zen, beraz, kirol horretan. “Pentsa, Espainian 6. parapente irakaslea naiz, lehen promoziokoa”.
Gizakia Helburun lan egiten zuen Urrutikoetxeak garai hartan, baina irakasle titulua eskuratzearekin batera beste lan aukera batzuk sortu zitzaizkion. Astegunetan Gizakia Helburun jarraitu zuen lanean, baina asteburuetan Zurizako kanpinean (Huesca, Espainia) parapente eskolak ematen zizkien bezeroei, kanpineko gerenteak hala eskatuta. “1987a zen, eta bi urte egin nituen asteburuetan hara joaten”.
Kirol berritzailea izanik, bezeroek hegan egiteko materiala eskatzen zioten Urrutikoetxeari. “Ez zegoen halako materiala erosteko ia aukerarik, eta nik lortzen nien materiala”. Afizio zena lanbide bihurtzea deliberatu zuen Urrutikoetxeak 1989an. “Donostian denda bat ireki nuen, Urruti Sport. Han, parapentean hegan egiteko materiala ez ezik, mendiko eta eskaladarako materiala saltzen genuen; eta, horrez gain, parapentean ibiltzeko ikastaroak eskaintzen genituen bezeroentzat”.
Urrutikoetxeak parapentean ibiltzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzen du, hogei ordukoa. “Oinarri-oinarrizkoa da hori, hegan egiten ondo ikasteko urtebete behar baita gutxienez”, azaldu du. Horrez gain, bi lekuko parapentean irteerak ere egiten ditu bezeroekin. “Kontua da jende asko etortzen zela ikastaroa egitera, hori zelako parapentean probatzeko bide bakarra. Baina jende horrek ez zuen asmorik parapentearekin jarraitzeko, esperientzia probatu besterik ez zuten nahi”. Horrela hasi ziren bi lekuko parapentean irteerak egiten. “Bi lekuko parapentean irakasleak egiten ditu gidari lanak, atzetik, eta bezeroa aurrean joaten da. Batere esperientziarik izan gabe, hegan egitea zer den probatzen dute, arriskuak minimora jaitsita”.
Eguraldiak eta haizeak baldintzatutako kirola izanik, batik bat udaberri eta udako hilabeteetan egiten dituzte irteerak. “Baina eskaintza urte osoan dago. Eguraldi ona badago, eta haizeak laguntzen badu, edozein urtarotan atera daiteke”.
Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko aukera ematen dute hegaldiek. 20-45 minutu artekoak izaten dira, eta Donostiako Uliatik, Orioko Kukuarritik, Zarauzko Talai Menditik edota Zestoako Endoiatik ateratzen dira. Itsaso gainean hegan egin, eta kostaldeaz beste ikuspegi batetik gozatzeko modua ematen dute, parapentean ibiltzeko esperientzia bizitzeaz gain.
Eta edonork egin dezakeela dio Urrutikoetxeak. “4 urteko ume batekin egin dugu hegaldia, eta joan den astean, adibidez, 92 urteko gizon batek egin zuen”.
Leave a Reply