JOSEBA AGIRRETXEA: ETBko aurpegi ezaguna, Kongresuan

Joseba Agirretxea (Ondarroa, 1966) ez da Espainiako Kongresura EITBtik jauzi egin duen aurpegi ezagun bakarra. Agirretxeak baino lau urte lehenago hartu zuen bide bera Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko egungo lehendakariak. ETBko albistegiak zein hainbat programa aurkezten ezaguna egin ondoren —hamabi urte egin baitzituen EITBn lanean, bai telebistan eta bai irratian—, Kongresuko eserlekuetara egin zuen jauzi Agirretxeak 2008an, EAJrekin. 2011n Gipuzkoako zerrendan bigarren joan zen, eta orain zerrendaburua da. Datorrena hirugarren legealdia izango du, beraz.

Bizkaitarra da, baina 25 urte daramatza Agirretxeak Donostian bizitzen. Baina “ondarroarra izateaz harro” dagoela dio, maiz joaten dela hara, familia eta lagunak han dituelako. Euskal Filologia ikasketak egin zituen, baina oso gaztetatik datorkio politikarako grina. Umetatik. “Aitona gudari izan zen 1936ko gerran; heriotza zigorrera kondenatu zuten, eta gerraostea eta trantsizioa oso gogorra izan ziren gure etxean. Beraz, motibazio politikoa aspaldiko kontua da niretzat”. 17 urte zituela eman zuen izena EGIn, eta 19 urterekin zinegotzi izan zen Ondarroako Udalean.

Politikagintzan murgiltzea Joseba Egibarrek egindako dei baten ondorio izan zen. Batzar Nagusietan aholkulari gisa hasi zen lehenik, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian komunikazio aholkularia izan zen gero. 2008an iritsi zen politikagintzako lehen lerrora, Madrilera.

Agirretxeak Facebook eta Twitter kontuak ditu, eta horietan maiz ematen du Kongresuko jardunaren berri.

Leave a Reply

Your email address will not be published.