MARIAN BEITIALARRANGOITIA: Hernanitik Madrilera, Gasteiztik barrena

Hernaniko alkategai gisa egin zuen Marian Beitialarrangoitiak (Legazpia, 1968) politikagintzarako jauzia. Ezker abertzalearen legez kanporatze garai latzenetan, auzitegiek baliogabetu ez zituzten EAE-ANVko hautagaitzetako batean zerrendaburu joan zen. Hernaniko alkate jardun zuen 2007tik 2011ra.

Alkate zela, 2008an egindako adierazpen batzuen harira auzipetu eta epaitu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Igor Portuk eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren esku sufritutako torturen harira, haientzako “txalo zaparrada” eskatzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak; baina Gorenak absolbitu egin zuen gero.

Lanbidez kazetaria da Beitialarrangoitia. Egin irratian aritu zen esatari, 1998an Auzitegi Nazionalak hura itxi zuen arte. Euskadi Irratian aritu zen gero, eta EITBko langile batzordeko kide ere izan zen garai hartan. Alkategai aurkeztu zenean ordezkatu zuen kazetaritza politikagatik, eta egun eszedentzian dago.

2011ko udal eta foru hauteskundeetan ez zen aurkeztu —EAE-ANV legez kanporatuta zegoen ordurako—, baina, hauteskundeen ostean, Gipuzkoako Foru Aldundian Martin Garitano ahaldun nagusiaren komunikazio buru izendatu zuten. Horretan aritu zen, 2012ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak arte. Ordutik, Bilduko legebiltzarkide izan da Beitialarrangoitia, Gasteizen.

Twitter kontuaren bidez bere jardun politikoaren berri ematen du Beitialarrangoitiak maiztasunez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.