“Nahaste haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten”

“Nahaste haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten”

Aitziber Arzallus

Azkenetan da 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. 1959ko lehen ekitaldi haren tankera gutxi du aurtengoak, 56 urteko ibilbidean formatuak aldaketa handiak izan dituelako. Baina orain arteko 11 ekitaldion artean, bada bat oso berezia: 1999ko Herri Artekoa. Bertsolariak, buruz buru aritu beharrean, herriz herri osatutako taldeetan lehiatu ziren.

Andoni Egaña, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Julen Zulaikak osatutako Zarautz Jai Txiki eta Txomin Garmendia, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirrek osatutako Erniope taldeak iritsi ziren finalera. Zarauztarrak izan ziren txapeldun. “Festa handi bat” izan zela nabarmendu du Mantxik (Zarautz, 1977).

Nola gogoratzen duzu finaleko egun hura? Nolako oroitzapenak dituzu?

Oroitzapen oso politak. Nahiz eta herri artekoa izan, final bat zen. Ni gazte samar harrapatu ninduen, eta Julen Zulaika are gazteago. Andoni Egañarekin geunden taldean, Sebastian Lizasori, Aitor Mendiluzeri eta Jokin Sorozabali-eta kanporaketetan irabazita, eta aparrean geunden, lainoetan. Finaleko eguna ailegatu zen, eta Azpeitiko Izarraitz pilotalekua toperaino beteta zegoen. Gogoratzen naiz Txomin Garmendia aulkitik jaiki eta guri bostekoa ematera etorri zela, eta jendea barrez lehertu zela saioa hasterako. Festa handi bat izan zen. Irabazi egin genuen, baina irabazi ez bagenu ere… Hortik aurrerakoa oso ederra izan zen. Herrian ongietorria eta guzti egin ziguten.

Zergatik erabaki zuten txapelketa hura herri artekoa izatea buruz burukoa izan beharrean?

Erabakia zergatik izan zen ez dakit, baina bai hark bueltan zer ekarri zuen. Hiru bertsolari, epaimahaikidea eta gai-jartzailea behar ziren taldean. Horrek esan nahi zuen, herri bakoitzean, talde bakarra izanda ere, bost lagun mugitu behar genituela gutxienez. Eta haietaz aparte baita antolakuntzaz arduratuko zirenak ere, bertso eskolako jendea eta abar. Zarauztik, adibidez, bi talde aurkeztu ginen, hamar lagunek parte hartu genuen, eta horrek mugimendu latza sortu zuen herrian. Geroztik, txapelketetan gai jartzen eta epaile dabiltzanetako asko orduan hasitakoak dira.

1991ko txapelketak eragindako boom-aren ostean, apalaldi nabarmena izan zuen bertsolaritzak Gipuzkoan.

1991ko txapelketan bazen labealdi bat oso inportantea, Sorozabal, [Mikel] Mendizabal, Egaña, [Iñaki] Murua, [Anjel Mari] Peñagarikano, Sebastian [Lizaso] eta haiena, [Imanol] Lazkano eta konpainiari lekua kentzen joan zirenena. Baina 1995eko txapelketan ez zuten parte hartu, eta hor egon zen trantsizio moduko bat. Ez zen txapelketa txarra irten, baina jende askok zioen haien hutsunea antzeman egin zela. Txapelketa hura Mendiluzek irabazi zuen, eta ordurako oso indartsu zebiltzan Irazu, [Maialen] Lujanbio eta beste batzuk. Denborak erakutsi du, errezeloak errezelo, orduan muturrean ibili zirenak sekulako bertsolariak irten direla.

Herri Arteko Txapelketa izan al zen beheraldi horren kontrako errezeta?

Horrelako zerbait. 1999ko txapelketak, beste gauza batzuen artean, jendea mugiaraztea ekarri zuen, eta beste boom bat eragin zuen, 1991koaren antzekoa. Harrezkero, bertsolaritza berriz ere oso goian dabil. Labealdi berriak izan dira, eta ez Gipuzkoan bakarrik. Iparraldean, lehen, txapelketarik ere ez zuten egiten, Nafarroakoekin batera kantatzen zuten, eta orain euren txapelketa dute.

Txapelketa hartako parte hartzailerik gazteenak 18 urte zituen, eta zaharrenak, 71. Belaunaldien arteko harremanak lantzeko balio izan zuen?

Bai, dezenteko eragina izan zuen transmisioan ere, asko erraztu zituen belaunaldien arteko harremanak. Adibidez, gogoratzen naiz talde batean zirela Jokin Uranga, Anjel Larrañaga eta Joxe Agirre. Pentsa adinean nolako aldea zegoen batetik bestera. Beste batean ziren Txomin Garmendia, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirre. Garai bateko bertsolaria zen Garmendia, eta beste biak, gazte-gazteak. Edota Sebastian Lizaso, Andoni Larrañaga eta Leire Ostolaza. Nahasketa haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten.

Aurtengo txapelketan, final-laurdenetan gelditu zara. Gustura zaude egindako lanarekin?

Gustura ezin naiz egon. Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Beasainen, saioaren erdian konturatu nintzen hura txapelketako saioa zela. Gaizki ari nintzen, eta pixka bat esnatu eta nahiko puntuazio erosoarekin egin nuen aurrera, baina larri sentitu nintzen. Errenteriako saioan, berriz, oso gustura hasi, eta kartzelakoak ihes egin zidan, erabat. Neure buruarekin gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako. Baina egin beharrekoa momentuan bertan egin behar da.

Gazteak indartsu datoz.

Bai, oso lotsagabe eta oso indartsu.

Norbait nabarmenduko zenuke?

Eneritz Artetxe, adibidez. Ezagutzen nuen Lizardi Sarietatik, baina Arrasateko saioan harrituta utzi ninduen erakutsi zuen jarreragatik. Baita Unai Mendizabalek ere. Haren aditzera banuen, baina ia ez nuen ezagutzen, eta oso bertsolari fina ikusi dut, graziaduna eta txisparekin. Oihana Iguaranekin ere ezustea hartu dut, oso inpresio ona eman didalako.

Ustekabe txarrik izan duzu?

Neure buruarekin aurrenekoa. Eta nork esango zidan niri Irazu eta Jokin Uranga ere horren azkar kanporatuko zituztenik?

Finalerako zortzikote bat?

Alaia Martin, Agin Rezola eta Unai Agirre barruan daude. Beñat Gaztelumendi ere bai daukan puntuazioarekin, eta Iñaki Apalategi ere hor nonbait. Jon Maiak bereak eta bi egingo ditu Eibarren. Eta nahiko nuke beste bietako bat behintzat zarauztarra izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.