Plaza bete eskusoinu, 40 urte beteta

Maite Alustiza

1975eko apirilaren 20an, duela 40 urte antolatu zuen lehenengo akordeoi lehiaketa Gipuzkoako Konfederakundeak, Tolosan. Eskusoinua “indartzea” zuten orduan helburu, eta, urteekin, sendotuz eta hedatuz joan da hauspoa. 1988tik aurrera Arrasatek hartu zuen lehia, eta 1992an nazioarteko musikariei ireki zizkion ateak, Arrasate Hiria izenarekin. Egun, erreferentziazko jaialdietako bat bilakatu da soinu jotzaile gazteentzat. Gaurtik igandera bitarte, “munduko akordeoi hiriburu” bilakatu da Arrasate. Hirurehun musikari baino gehiago bilduko dira herrian, hiru txapelketatan: Arrasate Hirian, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdian eta Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan.

Hamahiru musikari ariko dira Nazioarteko 23. Arrasate Hiria Lehiaketan —euskal herritarrik ez dago—. Gaur jokatuko dituzte kanporaketa faseak, Amaia antzokian; igandean, berriz, azken fasea izango da, eta 20:00etan banatuko dituzte sariak. Ekitaldi horretan, Oroitz Maiz soinu jotzaile gabiriarra omenduko dute —otsailean hil zen—. Gipuzkoako hainbat lehiaketatan aritu zen, bai parte hartzaile, bai antolaketa lanetan.

Akordeoi jotzaileen artean bezala, epaimahaikideen artean ere izen handiko musikariak daude. Antolakuntza saiatzen da bi urte baino gehiago jarraian ez ekartzen, Aitor Furundarena Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko lehendakariak aurkezpenean azaldu duenez. Aurten, hauek izango dira epaileak: James Crabb (Eskozia), Stefan Hussing (Alemania), Vojin Vasovic (Serbia), Iñaki Alberdi (Euskal Herria) eta Matti Rantanen (Finlandia).

Haur eta gazteen saioak

Musikariek elkar ezagutzeko plaza zabala izango da Arrasate. Nazioarteko lehiarekin batera, beste bi topaketa ere izango dira, ohi bezala: akordeoi jaialdia eta akordeoi lehiaketa.

Jaialdian 267 haur eta gazte ariko dira, igandean. Lehia gabeko saioa da, “ikasleentzako lehenengo hurbilketa”. Horren bitartez, aukera eman nahi diete akordeoiarekin lehenengo urratsak egin dituzten haurrei eta ikasketa sakonago batera hurbiltzen ari direnei. Hiru gunetan egingo dute, goiz eta arratsaldez: Amaia antzokian, Kulturaten eta Arizmendi ikastolan.

Gipuzkoako Lehiaketan, berriz, 25 gazte ariko dira bihar, Amaia antzokian eta Kulturaten. akordeoi ikasle edo jotzaileentzat da, eta hiru mailatan lehiatuko dira: haurren mailan —13 urte artekoak—, gazteenean —14tik 17 urtera artekoak— eta senior mailan —18 urtetik gorakoak—.

Txapelketa eta jaialdietatik kanpo, beste zenbait saio ere izango dira egunotan. Arrasate Hiriko iazko irabazleak, Marko Sevarlic serbiarrak, hainbat kontzertu emango ditu: gaur, 20:00etan, Arrasateko kultur etxean; bihar, 20:00etan, Aretxabaletako kultur etxean; eta igandean, Donostiako Kutxako Andia aretoan, ordu berean.

Berrikuntza modura, interprete eta akordeoi irakasleentzako ikastaro bat antolatu dute. James Crabbek emango du, hilaren 7 eta 8an, Kulturaten —Arrasate Hiria lehiaketan epaile izango da—. Akordeoi klasikoak “munduan dituen enbaxadore garrantzitsuenetako bat” da Crabb, antolakuntzaren arabera.