Hogei urteren aldeaz, zortzi

Hogei urteren aldeaz, zortzi

Gorka Erostarbe (Berria)

Aurreko aldian, 2011n, ez zuen parte hartu Gipuzkoako Txapelketan Jon Maiak. Aurrez finalista izana zen 2003koan eta 2007koan. Bietan eskuratu zuen laugarren postua. Zortzi urteko etenaren ostean berriz aurkeztea erabaki zuen hortaz. Eta zinez esperientzia baikortzat dauka aurtengo txapelketan bizi izan duena: «Txapelketetan aspaldi sentitu gabe neuzkan sentsazioak berreskuratzeko balio izan dit. Euskal Herriko nire azken finalean sentitu ez nituen sentsazio onak sentitu ditut. Txapelketaren bidaia hau izan da nire bertso ibilbideko erronka handienetako bat». Bertsotan nork bere lekua «aldiro» irabazi behar duela garbi du Maiak, eta txapelketa honetan gauza asko ikasi dituela dio. «Oso zortekoa sentitzen naiz 43 urterekin jarraitzen dudalako ikasten. Txapelketak berritu egin nau barrutik, biziberritu. Poz handiz bizi dut finalean egotearena. Poz bereziz. Bola extra bat bezala bizi dut».

Hirugarrengoz egongo da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean Jon Maia. Eta harekin batera beste zazpi bertsolari izango dira, abenduaren 19an, larunbatarekin, Donostiako Illunben jokatuko den saioan. Atzo aurkeztu zuten zortzi bertsolariek finala, jokatuko den leku berean. Azken hitza Maiak izan zuen. Hari eman zioten finaleko kideek, zortzietan beteranoen denari, eta hunkidura bereziz hitz egin zuen. Adin eta profil ondo desberdineko bertsolariak batuko ditu finalak, protagonistek behin eta berriro nabarmendu zutenez, «final polita eta kolore askotakoa izango da».

Ia 20 urteren aldea dago beteranoaren eta finaleko gazteenaren artean. Oihana Iguaranek aurrenekoz jokatuko du final bat. Maiatzean txapelketa hasi zutenetik —74 bertsolarik parte hartu zuten lehen fasean, eta beste 12 batu ziren gero— osatutako bidea «oso polita» izan da, Iguaranen hitzetan, eta finalera «ilusio handiz» iritsi da. «Finalean, maila ona esperientzia gehiago dutenek emango dute, eta ni saiatuko naiz beste kolore bat, nik bilatzen dudan ahots hori ematen oholtzaren gainean». Iguaranekin batera, Gipuzkoako final batean sekula aritu gabeko bestea Arkaitz Oiartzabal Xamoa da. «Finalean bagaude maiatzean hasi ginenetako batzuk, eta badaude geroago sartutako beste batzuk ere, horrek dakarren irekitasun eta kolorearekin. Saio eta ariketa batzuetan ondo aritu naiz, baina falta zait saio oso bat egitea. Norbanakotik abiatuta ere talde lan batean oinarritzen da bertsolaritza, eta ni saiatuko naiz talde honetan niri dagokidanarekin betetzen».

Jon Maia bezala final batean hirugarrenez ariko da Beñat Gaztelumendi ere. Gazteenetakoa izanagatik, eskarmentu handia pilatutakoa da nola plazetan hala txapelketa eta finaletan. Gipuzkoako azken bietan, 2007koan eta 2011koan, bigarren postuan sailkatu zen. Donostia edo inguruetako bakarra izanik, garrantzia berezia ematen dio finala Illunben izateari. «Gutxi dira Donostian euskarari ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna ematen dioten ekintzak eta nik behintzat kontzientzia horretatik kantatuko dut». Pertsonalki bere burua «ondo prestatuta» ikusten du finalerako. «Nahiko nukeena da finalaren handitasunean barrura begira jarri, bertsoak hartu dezala presentzia, bertsoak irabaz diezaiola inguruari».

Unai Agirrek ere hirugarren finala biziko du, hirurak errenkadan. Hark ere dakienetik «parte bat» eman nahi luke Illunbeko saioan, baina taldetasunari ere garrantzia handia ematen dio: «Saioa bera ere erakargarria izatea nahi nuke jendearentzako. Pizgarri asko ditu finalak. Badira esperientzia handiko batzuk, finalean aritutakoak eta baita aurrenekoz ariko direnak ere. Ea denen artean lortzen dugun saio bat osoa, zenbaitetan bat nabarmenduta ere saio txarra izan bailiteke».

Bigarrengoz finalean, hiru

Gipuzkoako Txapelketako finalean bigarren aldiz izango direnak hiru bertsolari dira: Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Agin Laburu. Martinek beste ezeren gainetik nahiko luke «gorputz osoarekin kantatzea, askotan lortzen zaila izaten dena», eta are gehiago finaletan. «Neure buruarekin sintonian aritu nahi nuke, eta sentituz kantatzen dudan bertso bakoitza, eta kantatu nahi dudan horretan kontzentrazio maila altuena jarriz. Egoera bakoitzean sartzen asmatu nahi nuke eta esaten nahi dudana esateko espazioa topatzea. Gainontzeko guztia, gozamena eta emaitza onak, hortik etorriko dira».

Laburuk uste du «final oso polita» atera litekeela: «Ez da Euskal Herrikoa, ezin da harekin konparatu, baina daukagun mailarekin emankizun polit bat atera litekeela uste dut». Bera «bertsotarako gogoz» igoko da oholtzara finalaren egunean. «Instintuz kantatuko dut. Ez dut mirarik espero, baina ondo kantatzea bai eta ni neroni gustura geratzen saiatuko naiz».

Iñaki Apalategi ere izan zen 2011ko finalean. Aurtengo txapelketan «gorabehera batzuk» izan ditu, bere irudiko. «Oso ondo egindako gauzekin gustura, eta hain ondo egin gabeko horiek fintzeko gogoz nator. Lan askotan teknikoki oso ondo ikusi dut neure burua, baina igual lan horietan jendearengana gehiago iristea falta izan zait. Nahiko nuke biak uztartzea: maila oso altua eman eta jendearengana iristea».

Duela lau urteko finalean egindako lanarekin alderatuz aldaketatxo batzuk izango ditu aurtengoak. Aldaketa nabarmenena kartzelako ariketarena izango da. Ordukoan bi kartzela saio izan zituzten. Lehenik zortzikote osoak egin zuen ariketa, eta ondoren berriz, buruz buru aritutako biek ere. Aurtengoan azken saioan aurrez aurreko ariko diren biek soilik egingo dute kartzelako ariketa: lehenik binaka ariko dira, gaia emanda eta puntutan, zortziko txikian. Gero berriro binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean; eta azkenik, bakarkako gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso.

5.000 sarrera salduta

Maiatzaren 7an hasi zen aurtengo txapelketa. Orotara 34 saio izan dira. Aitor Sarriegi aurreko aldiko txapeldunak parte ez hartzea erabaki zuen. Eta halatsu egin zuten Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio aurreko txapeldunek ere. Bertsoa «erdigunean» jartzea izan da txapelketaren helburua Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari eta finalean gai-jartzaile arituko denak atzo egindako agerraldian azaldu zuenez: «Aldaera guztietako» lekuetan izan dira saioak: kultur-etxe, pilotaleku, kiroldegi…

2011ko finalean 8.500 lagun inguru bildu zen Illunben. Aurtengorako 5.000 sarrera inguru salduta daude dagoeneko. «Txapelketa osoan zehar jende asko ibili da, eta ez gaitu kezkatzen horrek», azpimarratu zuen Jauregik. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragai. Historiako 11. finala izango da. Finalaren egunean arratsaldeko 15:30ean zabalduko dituzte Illunbeko ateak eta 17:00etan hasiko da saioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.