Eider Goenaga
Laku, ibai, itsasadar, itsaso, kanal, urtegi… Edozeinetan egiten du igerian Carlos Peñak (Tolosa, 1965). Ongintza eta elkartasuna akuilu gisa hartuta, zeharkaldi luzeak egiten ditu igerian, eta 25 urte pasatxo daramatza horretan. “1989an hasi nintzen, anaiarekin”. Hasi baino urtebete lehenago ez zukeen pentsatuko 25 urte geroago oraindik horretan jarraituko zuela. “Nire pasioa atletismoa zen, eta oso ondo ibiltzen nintzen. Hogei urterekin, maratoia 2.32ko denboran egin nuen. Baina, lesio bat zela medio, beste zerbait bilatu beharrean egon nintzen”. Eta igerian hasi zen. Ordutik ia 55 zeharkaldi eta 5.000 kilometrotik gora egin ditu.
Anaiak eta biek Ebro ibaian behera egin zuten lehen zeharkaldia, Logroñotik Zaragozara. Berrehun kilometro egin zituzten, eta ordutik geldialdirik ez du izan Peñaren ibilbideak. Anaiak utzi egin zuen, baina berak jarraitu egin du. Azken zeharkaldia Alcantarako urtegian egin zuen (Caceres, Espainia), urrian. Laurogei kilometro, alzheimerra duten gaixoen eta haien senideen alde.
Dozenaka zeharkaldi egin ditu Peñak, guztiak bizkarrez igerian; baina horietako gutxi batzuk baino ez ditu itsasoan egin. 1994an izan zen lehena: Gibraltarko itsasartea. Tarifatik (Espainia) Tangerrera (Maroko), 7 ordu eta 8 minutu behar izan zituen 14 kilometro egiteko. Itsasoko azken zeharkaldia 2008an egin zuen, Itsaso Hilean. Tartean, 1998an, Kontxako badian 100 orduko zeharkaldia egin zuen anaiarekin; 2001ean, Magallaes itsasartea egin zuen; 2006an, Mar Chiquita barne itsasoa zeharkatu zuen; eta, 2007an, Hondarribia eta Getxo artean ibili zen igerian.
“Itsasoan igeri egitea oso gogorra da. Itsasoaren gazitasunak eta indarrak izugarri zailtzen dute ibilbidea. Itsaslasterrak, mareek, olatuek, haizeak… eragin handia dute. Hondarribitik Getxorako bidean, adibidez, 5-6 metroko olatuekin egin nuen igerian”.
25 urteotan egin duen zeharkaldirik gogorrena ere itsasoan eginikoa dela dio Peñak. “Dudarik gabe, Itsaso Hila zeharkatzea izan da inoiz egin dudan gogorrena. Zeharkaldiaren ondoren ateratako argazkiek dena esaten dute. Erreta neukan bai aurpegia eta bai bularraldea, nahiz eta goitik behera estalita joan nintzen; ez nuen zirrikiturik utzi agerian. Itsaso horren gazitasunak itsu utz zaitzake, eta maskara berezi bat ere diseinatu nuen igeri egiteko. Oso ezerosoa zen, baina ezinbestekoa”.
Peña autobus gidaria da ofizioz, eta oporraldietan gauzatzen ditu bere balentriak. Itsaso Hila ere abuztuan zeharkatu zuen. “Ez da garairik onena, beroa egiten duelako, baina… Ura 40 graduan zegoen, eta eguerdi partean kanpoko tenperaturak 50 gradura hurbiltzen ziren. Jasanezina zen, eta ni goitik behera estalita…”.
Militarrak armekin
Itsaso Hila Jordania, Zisjordania eta Israel artean dagoenez, baimenak eskuratzeko zailtasunak gehitu zitzaizkion zeharkaldiaren berezko zailtasunari. “Jordanian, enbaxadan, erotzat jo ninduten. Orduantxe, Itsaso Hilean hildako baten heriotza ari ziren tramitatzen”. Tentsio handiko zeharkaldia izan zela oroitzen du Peñak. “Bost egun iraun zuen, eta Israelgo militarrek armekin zaintzen zuten itsaso barruko muga. Baina, nola nahi zuten nik muga non zegoen jakitea? Igerian ezin duzu marra bat non dagoen jakin. Ez zuten tiro egingo; hori uste dut behintzat, baina tentsio izugarriarekin egin genuen bidea”. Zeharkaldia bukatu bezain laster, Everestera iritsi balitz bezala sentitzen zela esan zuen Peñak, bera izan baitzen Itsaso Hila zeharkatu zuen lehen pertsona.
Ingurumenaren alde eta klima aldaketaren kontra egin zuen Peñak Itsaso Hileko zeharkaldia. Euskal Herrian egindako azken itsas zeharkaldia, berriz, bakearen alde egin zuen, Lokarrirekin. “Beti gai baten bueltan prestatzen ditut nire erronkak. Inoiz ez dut honekin dirurik egin, eta ez da inoiz nire asmoa izan. Kausa baten alde dirua biltzeko egiten dut igerian, elkarte edo talde batekin kontaktuan jarri eta denon artean antolatzen dugu. Segurtasun minimo bat da eskatzen dudan bakarra, eta ateratzen den diru guztia haientzako da”. Alzheimerra sufritzen dutenen alde, indarkeria matxistaren aurka, ingurumenaren alde, elikagai bankuentzat dirua biltzeko… “Niretzat, aitortza handiena senideren bat gaixorik duten pertsonak hurbiltzen zaizkidanean egiten didatena da; begiak bustita, hunkituta, eskerrak ematera etortzen direnean”.
Leave a Reply