Bigarrenean osatu da zerrenda

Bigarrenean osatu da zerrenda

Imanol Garcia Landa

Udal hauteskundeei begira, herri txikietan ez da erraza izaten bertako herritarrekin zerrendak osatzea, ez alderdiak aurkezten direnean, ezta herritarren zerrendak osatzerakoan ere. Baliarrain Gipuzkoako herri txikienetako bat da biztanle kopuruari dagokionez, eta zailtasun hori muturreraino iritsi zen maiatzeko udal hauteskundeetan, ez baitzen zerrendarik aurkeztu, eta, beraz, ez zen udal hauteskunderik egin. Abenduaren 20an, Baliarrainen egoera berezia izango dute: Gipuzkoako beste herrietan ez bezala, udal hauteskundeak egingo dira, bigarren aukera honetarako herritarrek osatutako zerrenda aurkeztu baita.

Maiatzean sortutako egoera hark Martzelino Dorronsorori eragin zion gehien, egun jarduneko alkate jarraitzen duenari (Herritarrak). Bost agintalditan, hogei urtez izan da alkate, eta herrian zerrendarik ez osatzeak “pena handia, dezepzio dezentea” eragin zion. Garbi adierazi zuen orduan zergatik ez zen bera aurkeztu: “Nik uste dut momentua iritsi dela, jarraitu dut urte askotan, baina gauza guztiek bere bukaera behar izaten dute, eta garaia da besteek ardura hauek hartzeko, jakiteko udala zer den eta udal kontuak nola egiten diren barrutik ikusita”.

Dorronsorok badaki herri txikietan zer zailtasun izaten den zerrendak osatzeko: “Azken batean, ikusten da ardura hori hartzeko beste gauza batzuk baztertu egin behar direla, edo esfortzu pixka bat egin behar dela”. Aldi berean, garbi adierazi zuen herritarren partetik pausoa eman behar zela udala osatu ahal izateko: “Ikusten dut herriaren etorkizuna jokoan dagoen garaian errespetua zor zaiola herriari eta herritarrei. Nik hogei urte egin baditut, lau urte egiteko konpromiso hori har dezake jendeak. Konpromiso hori eramateko beste gauza batzuk baztertu egin behar dira, baina nik uste dut herri batek merezi duela lau urtez behintzat gauzak egiteko borondatea izatea”.

Behin jakin ondoren udal hauteskunderik ez zela egingo eta, beraz, hilabete batzuen ondoren berriro errepikatuko zirela, oraindik ez zen mugimendurik sumatzen Baliarrainen. “Une honetan jendea isilik dago, eta ez dut batere mugimendurik ikusten”, zioen Dorronsorok maiatzean, hauteskunde aurreko egunetan. “Baina jendeak ardurarik badu, ondorengo sei hilabeteotan gauzak hobeto pentsatu beharko ditu. Herria nahi baldin badugu, zerbait egin beharko da, mugitu beharko da. Sei hilabete hauetan mugituko ez balitz, oraindik eta dezepzio handiagoa hartuko nuke, herri honek ez duelako hori merezi”.

Bigarren deialdian herritarren zerrendarik ez aurkezteak kudeaketa batzordea osatzea ekarriko zuen. Baina hori ere ez osatzearen arriskua ikusten zuen Dorronsorok, eta orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatuko zuen herria. Aukera horrek erabat eragiten zion: “Kudeaketa batzordea osatuko ez balitz, ez dut imajinatu ere egin nahi zer izango zen hori. Baliarrain aldundiak eramatea Baliarrain aldundiari entregatzea izango litzateke. Hainbeste urtetan borrokan aritu ondoren… Gaur egun herri bat ez mantentzeagatik aldundiaren esku uztea izugarrizko arduragabekeria eta errespetu falta izango litzateke”.

Baliarrain, bidegurutzean

Uda pasatu zen, eta artean ez zen mugimendurik herrian, ez zen zerrenda osatzeko pausorik ematen. Bitartean, udal hauteskundeen bigarren deialdia Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin batera egingo zela zehaztu zen, hau da, abenduaren 20an. Zerrendak azaroaren erdi alderako aurkeztu behar zirela esan nahi zuen horrek.

Azkenean, mugimendua sortu zen herrian, eta prozesu batera deitu zitzaien baliarraindarrei azaro hasieran, herritar batzuek bultzatuta, udalaren laguntzarekin. Herrian zerrenda osatzea zen prozesuaren helburua, eta ezin gordinagoa jarri zioten izena: Baliarrain bidegurutzean, bizi ala hil herri bezala. Baliarrain zenbait urtez Ikaztegieta eta Orendainekin elkartuta egon zen, Hiruerrieta udalerria osatuz, eta egoera horretara ez itzultzeko eskatzen zuten prozesuaren bultzatzaileek: “Hiruerrietatik banatzeko egin zen lan guztiarekin, ez dugu jakin jarraipena ematen: krisia etorri da, eta krisia dugu. Baina zorionez soluzioa ez dago aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren edota Bruselaren esku. Irtenbidea hemen dago, gure artean”.

Prozesu horretan zenbait bilera egin zituzten, eta hirugarrenean zenbait herritarrek udal zerrenda osatzeko prest zeudela adierazi zuten. Olatz Iriarte, Ane Garmendia, Luis Lopez, Mikel Telleria eta Jokin Garmendiak eman zuten pauso hori, eta udal hauteskundeetara aurkeztu ziren Herritarrak izenarekin, aurreko hauteskundeetan Baliarrainen aurkeztu zen herritarrez osatutako zerrendaren izen berarekin.

Zerrendan parte hartzea nola erabaki zuten azaldu dute taldeko kideek: “Ikusita herria udalik gabe geratuko zela, herritar talde batek prozesu bat irekiko zela erabaki zuen, eta lehenengo bi bilerak egin zirenean, eskatu zen barne hausnarketa bat egitea. Etxera joan, bakoitza pentsatzen hasi, eta udala aurrera atera behar zela ikusita, pausoa ematea erabaki genuen”.

Prozesuaren hirugarren bileran, jendearen lasaitasunari begira, kideetako batek komentatu zuen bazegoela jendea prest zerrenda osatzeko, eta irekia zegoela nahi zuenak parte hartzeko. Maiatzeko hauteskundeak gogora ekarriz, “herritar guztiek bezala” espero zuten norbait aurkeztuko zela, baina azkenean ez zen zerrendarik osatu, eta ez ziren hauteskundeak egin. “Orain eman den barne hausnarketa horrekin, hasi da bakoitza kontzientziatzen zer egin dezakeen udalari begira”, esan zuten, eta zerrenda hortik sortu zela gaineratu: “Prozesuan egindako galdetegian erantzundakoa ere kontuan hartuko da. Jendea badago lanerako prest. Herritarren parte hartzeari zabalik gaude, eta bultzatuko dugu. Prozesuan entzun da atzeko lan asko egiteko prest dagoela jendea, eta horri bidea eman nahi diogu”.

Maiatzean, zerrendarik osatu ez zenean, “Dorronsorok hartutako pena” izan zen gehien sentitu zutena. Orain, Dorronsorok beste modu batera ikusten du abenduaren 20a. “Izugarrizko poza eta sekulako deskantsua” hartu zuen zerrenda osatu zela jakitean, eta pausoa eman dutenak zoriondu ditu: “Orain, herritarren babesa behar dute. Errazago izaten da horrela; herritarren parte hartzearekin, arindu egiten da lana”. Berak, behintzat, bere laguntza eskaini du: “Hor egongo naiz, edozein zalantza argitzeko”.

Behin igandeko hauteskundeak pasatu ondoren, kargua hartzeko ekitaldia iritsiko da, eta Baliarrainen kostata lortu den beste etapa bati hasiera emango diote.

Leave a Reply

Your email address will not be published.