Eider Goenaga
Hamabi urte besterik ez zuen Itziar Etxeberria Bikuñak (Getaria, 1943) arrain saltzen hasi zenean. Amari laguntzen zion antxoa saltzen. “Arrainduna zen amona, baita nire ama ere. Eta ondoren ni. Orain nire iloba dabil arrandegian. Laugarren belaunaldia da”. Zarauzko merkatuan dauka arrandegia Etxeberriak, Itziar arrandegia, eta, 72 urterekin, han egoten da egunero-egunero. “Orain ez naiz goizetan arrain bila joaten, ilobak egiten du hori, baina egunero egoten naiz merkatuan”.
Tarte batean arrandegia utzi du Etxeberriak Hitza-rekin egoteko. Ile apaindegira joateko ere aprobetxatu du atsedenaldia. Eta ile apaindegiaren kanpoan erantzun die kazetariaren galderei. Etengabe agurtzen du jendeak Etxeberria. “Elkarrizketa egiten ari zaizkit”, esan dio bertatik pasatu den gizon bati. “Zuk kasu egiozu, dena egia esango dizu eta”, esan dio gizonak kazetariari. “Nolako antxoak ekartzen zituen Itziarrek! Haiek zuten distira eta kolorea!”.
Antxoak buru gainean nola ekartzen zituzten oroitu du gizonak. “Bai, bai; halaxe ekartzen genituen. Perrailetan ekartzen genuen antxoa, eta zulotxoetatik tantoak erortzen zitzaizkigun buru gainera, tirrin-tin-tin. Hamasei kilo eramaten genituen buru gainean”.
Autoan egiten zuten Getariatik Zarautzerako bidea, eta ama plazan aritzen zen saltzen, eta Etxeberria, berriz, auzoz auzo. “Antxoatan, gu beti antxoatan ibiltzen ginen, eta antxoa ez zegoenean, atuna. Behin denboraldia amaitzen zenean, negu partean, etxean gelditzen ginen, eta kontserba fabrikara joaten ginen”.
Etxean dirurik ez, eta, jan nahi bazuten, lan egin beste aukerarik ez zutela nabarmendu du Etxeberriak. “Gure etxean ez geneukan ezer, eta baporeak antxoatara ateratzen zirenean zain-zain egoten ginen, hura baitzen diru pixka bat irabazteko modu bakarra. Hementxe bertan egiten zuten arrantzan, urrutira joan gabe, eta amak esaten zidan ‘ai Itziar, sirenak joko balu’. Jainkoak entzunda, sirenak jotzen zuen beti”. Antxoa portura iritsi zelako abisua entzunda, berehala jaisten ziren portura; antxoa kargatu eta Zarautzerako bidea hartzen zuten. “Zarauztik Getariara, eta Getariatik Zarautzera, horixe izan da nire bizimodua. Eta horrelaxe jarraitzen dut oraindik ere”.
Dozenatan saltzen zuten antxoa. “Dozena pezeta batean”. Eta egunkari paperean bilduta eramaten zuen jendeak. “Orain, ez dakit ze plastiko eta paper txuri erabili behar den. Orduan, dena periodikotan biltzen genuen. Ez dut inoiz entzun inor hil denik periodikotan bildutako antxoa jateagatik, baina tira! Orain, jendeak antxoari hezurra eta dena kentzeko eskatzen dizu, ezin dute hezurtxo bat ere ikusi; eta jendeak ez daki arraina garbitzen, eta frijitu ere ez dute egin nahi”.
Erosleak, leihotik
“‘Antxoa, antxoa!’, deiadarka ibiltzen nintzen ni, kalez kale. Leihora atera, ‘itxoin, oraintxe jaitsiko naiz’, eta hantxe jaisten ziren emakumeak, mantalarekin; dozena bat, bi dozena edo hiru, behar zutena”. Eramandako antxoak amaitzen zirenean bukatzen zuten Etxeberriak eta bere amak lan eguna. “Zarautz beti izan da oso herri antxoazalea; herri gutxi izango da Zarautz bezain antxoazalea”.
Amak utzi zuenean, ahizparekin ere ibili zen gero arraina saltzen. “Ni hasi nintzenean 60 izango ginen arraindunak, eta orain ni bakarrik gelditzen naiz ordukoetatik”. Aurten egin ditu 60 urte plazan arraina saltzen, eta orain dela sei urtetik du arrandegi finkoa merkatuan: “Arrandegi berriak egin zituzten, baina ordu arte postu batean egoten nintzen”.
Getariatik ez ezik, Pasaiatik ere ekartzen zuen arraina. “Baina hori geroago izan zen, 30 urte ingururekin”. Goizean goiz esnatu, eta auto-stopean joaten zen Pasaiara. “Goizean, 04:30 inguruan irteten ginen etxetik. Nik esaten nion Martxela lagunari ‘orain putak etxera, eta gu lanera’. Gasolindegian egiten genuen topo. ‘Orain zuek lotara eta gu lanera’ esaten genien. Han hartzen genuen kafesnea, haiek eta guk”. Pasaian arraina erosi, eta anaia joaten zitzaion bila, Zarautzera eramateko”.
Bizimodu gogorra izan duela aitortu du Etxeberriak. “Baina, ez nuke beste bat nahi. Inoiz ez zait dirua gustatu, nahiago dut arraina saltzen ibili, dirua kontatzen aritu baino. Hala ere, orain pixka bat aspertu naiz, eta nagia sartzen zait. Lehen, amorratzen egoten nintzen; orain, ez”.
Leave a Reply