Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da arratsaldean, Donostiako Illunbe zezen plazan. Finalaurrekoetan, Agirre izan da lezakeen ia guztia erakutsi duena, eta Laburuk bi saioetan eutsi dio mailari. Gainontzeko faboritoak lan eginda baina lehertu gabe iritsi dira finalera. Hargatik, ikusgai da finalean noraino iristerik duen bakoitzak, eta nork lortuko duen 2015eko Gipuzkoako bertsolari txapeldun izatea. Nornahi dela, txapeldun berria izango da, ez baita aurrez Gipuzkoako txapela jantzitako inor zortzikotean.
Paper batean erabat moztu gabeko tximeleta da txapelketaren irudia. Hegoak bakarrik ditu moztuta eta airean, hegan egiteko prest. Bertsolariek txapelketan erakutsi duten onena erakusten badute, Illunben bildutako bertsozaleek hegan egingo dute, 17:00etatik aurrera. Finalista guztiek utzi dute bertsoaldi gogoangarririk txapelketa honetan. Adibideak erraz gogora litezke. Martinek Zestoako final-laurdenean pisukidearen untxia kozinatu zuen, eta honela kantatu zion lehen bertsoan: «Lehen untxia zen/ orain untxi ta patata/ lasai egon sufritu/ gabe joan da-ta». Ariketa eta maila berekoa da Labururen bertsorik leherkorrena ere, jaietako alokairuzko komuna jasotzera joan eta Beñat Iguaran barruan aurkitu zuenekoa: «Ez da errexa usai/ horrekin bizitzen/ baina nere laguna/ ez da errex hiltzen./ Oraindik nola zauden / ez det entenditzen./ Lagunduko al dizut/ lentilla aurkitzen?».
Seriorako itxura zuen Iguaranek eta Agirrek Tolosako finalaurrekoan egin zuten sei puntuko motzekoak. Ez zuten, ordea, seriotik hartu. Bikote heldua izanik, zientziarako eman nahi zuen bere gorpua Agirrek, eta Iguaranek lurperatzea nahi zuen. «Zientziara zoazela/ eta pentsatu dut bela/ aguante eredu izan daiteke/ zuk dezun gibela», zirikatu zuen Iguaranek Agirre, eta ziriak ziriari dei: «Ideia didazu tira/ nere gibelai begira/ asko ikusiko zituzten baino/ harrituko dira».
Gaztelumendik bertsolarien barruak uzkurtu zituen hondartzan galduta Errenterian egin zuen bakarkakoan: «Sokorristari hala esan diot/ aurpegitik aurpegira:/ e’ naizela ni galdu naizena/ gurasoak izan dira». Apalategik, eginbehar berean, detailez josita, ia kanta bateko letrak balira bezala deskribatu zuen Vanesa laguna: «Beti izan da hain modernoa/ hain fashion, cool, guay, hain in-a/ astean zehar spinning-a ta larunbatez kokaina/ baina bizitza ez da filma». Eibarko finalaurrekoan kartzelakoa izan zuen lanik finena Xamoak. «Futbol partidan izaten duzu/ sentimendu bat eskasa/ ze gonbidatzen zaituzte, baina/ gero, baloirik ez pasa», kantatu zuen alabari malkoak ihes egin zionean.
Gipuzkoako Txapelketara itzulita, helburua beteta dago Maia. Beste belaunaldi baten txapelketan, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatzea zuen helburu. Azken Bertsolari Txapelketa Nagusiak utzi zion sentimendu eskasetik ihesi dabil. Porrotari beldurra galduta eta egin lezakeenari mugarik jarri gabe ariko da; bere onenetik egin nahian igoko da oholtzara.
Zazpi mila zaleren hauspoa
Zazpi mila bertsozalek emango diete bertsolariei hauspoa. Atzo arte horrenbeste sarrera saldu ziren Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen arabera. Sarrera eskuratu nahi dutenentzat 15:00etan zabalduko dute leihatila Illunben bertan, eta sarreradunentzat 15:30ean zabalduko dira ateak. Oholtzan bertsozaleei harrera egiteko eta gaiak aurkezteko ardura Ion Zaldua eta Saroi Jauregi aurkezleek izango dute.
Ohiko ariketak egin beharko dituzte bertsolariek ohiko bi ataletan. Zortziko handian eta zortziko txikian kantatu ondoren, puntuei erantzun beharko diete. Ofizioetara itzuliko dira gero, hamarreko handiarekin, eta lehen zatia kartzelarekin bukatuko da. Lehen zatia bukatuta, ordura arte puntu gehien eskuratu dituzten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Buruz burukoan, hiru ariketa izango dituzte sailkatuko diren biek: puntutan eta sei puntuko motzean ariko dira lehenbizi, eta kartzelako ariketa izango dute bukatzeko. Arratsaldean bildutako puntu guztiak batuko dira Gipuzkoako bertsolari txapeldun berria ebazteko.
Bertsolarien lana epaitzeko ardura honako hauena izango da: Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi.
Gauera iritsi eta gutxira, Inaxi Etxabek (Zumaia, 1933) jantziko dio txapela txapeldun berriari. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak hari eman dio txapela janzteko ohorea, «plaza ukatu zaien bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari gisa».
Etxean bertsozaletu zen Etxabe, eta gaztetxoa zenean hasi zen bertsogintzan. 50eko hamarraldian hainbat sari ere irabazi zituen arren, garai hartako bertsolari emakumeei bezala, ukatu egin zitzaion plazan kantatzea. Urte dezenteren ondoren izan zuen plazan kantatzeko aukera.
Etxaberen ibilbidean unerik entzutetsuena Iñaki Eizmendi Basarri-rekin izan zuen ika-mika izan zen. Basarrik Aitonaren malkoek bertso sorta argitaratu zuen, Etxaberi ez zitzaizkion gustatu haietan emakumeei buruz jasotzen zirenak, eta erantzun egin zion. «Poz handiz» igoko da gaur Etxabe Illunbeko oholtzara, unerik berezienean.
Leave a Reply