2016a zer izango den ezagutarazteko urtea

Maite Alustiza

Lau urte eta erdi baino gehiago pasatu dira Donostia Europako Kultur Hiriburu izango dela jakinarazi zutenetik. 2011ko ekaina zen, eta, orain, hilabete eskas falta da data ailegatzeko. Urtarrilaren 20an ekingo diote hiriburutzaren hasiera ospatzeko prestatu duten programari, San Sebastian egunarekin. Inaugurazioko ekitaldi nagusia, berriz, urtarrilaren 23an izango da. Donostiarekin batera, Wroclawek (Polonia) hartuko die kultur hiriburutzaren lekukoa Pilsen (Txekiar Errepublika) eta Mons hiriei (Belgika). Ia 500 kultur jarduera eskainiko ditu Donostiak 2016an, eta 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu programatu ditu.

2016. urtea gerturatuz joan den heinean, gehituz joan dira programazioaren inguruko azalpen eta xehetasunak, eta 2015a urte betea izan da alde horretatik. Atariko urtea izan da, prestaketa urtea. Xabier Paya kultur programaren zuzendariak BERRIAri azaldu berri dionez, dagoeneko lanean dabiltza ia mila eragile, eta gero eta jende gehiago ari da inplikatzen data gerturatu ahala.

Askotariko egitasmoak aurkeztu dituzte aurten hiriburutzari lotuta. Askotarikoak eta asko. Bizikidetzarekin eta memoriarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi martxan dira dagoeneko. Eta hik zer? antzerki foruma, adibidez. Arrakastatsua izan da urte osoan; lehen sei hilabeteetan, esaterako, hamasei saiotan 400 lagunek parte hartu zuten. Sei antzezlan labur dira, eta gatazkaren inguruan gertuko iraganean izan diren jarrerak eta kontraesanak taularatzen ditu, ikusleek horren gainean hausnar dezaten. Ehun saio egingo dituzte guztira, aurtengoak eta hurrengo urtean izango direnak kontuan hartuta. Aurkeztu eta abiatu dituzten beste egitasmoen artean daude Karta zuriak proiektua, museoen Labore programa, Joan-etorriak truke programa, Ehunberri…

Hiriburutzaren erdigunea Donostia izango den arren, probintziako zenbait herritara ere iritsiko da olatua. Eta dagoeneko heldu dira zipriztinak. Horren adibide da Hormek Diote proiektua. Urrian aurkeztu zuten, eta udazkenean Donostia, Pasaia eta Errenteriako hainbat horma margotu zituzten zortzi artistak —2016an beste arte adierazpen batzuen lekuko izango dira—. Oztopatzeko bainoago, paretak bizikidetza ikur bihurtu nahi izan dituzte egitasmo horrekin.

Olatu Talka jaialdiak seigarren aldia izan du aurten, eta beste urte batez, “herritarren konpromiso, inplikazio eta izaera aktiboaren erakusgarri” izan da, Donostia 2016 Bulegoaren eta Donostiako Kulturaren arabera. 30.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.

Aldaketak patronatuan

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondotik, Donostia 2016 Patronatuan aldaketak izan ziren. Honako hauek osatzen dute patronatua: Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak. Ekainean egin zuen lehen bilera talde berriak, eta helburu nagusi bat jarri zuen: “instituzioen arteko konfiantza berriz sortzea”. Eneko Goia Donostiako alkateak ezinbestekotzat jo zuen hori proiektuarentzat: “Nolabait esatearren, apurtu zen hura berregiteko zein aukera dauden aztertu behar dugu”.

Patronatuko kideak aldatu arren, proiektuan eragin nabarmenik ez zuela izango ziurtatu zuen Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak, uztailean, BERRIAri emandako elkarrizketan: “Proiektua bururatzeko fasean dago, eta, hortaz, eraginik ez da sumatuko mamian. Europatik aldiro gogoratzen digute 2011n aurkeztutakoa dela irabazi zuen proiektua eta haren funtsari heldu behar zaiola”.

Hiriburutzari lotutako diru kontuak ere hizpide izan dira aurten. Patronatua osatzen duten kideek jarriko dute aurrekontuaren zati handiena. Gainerakoa, Europako Batasunak, babesleek, salmentek eta diru laguntzek emandakoarekin osatuko dute.

Espainiaren ekarpenak sortu du tirabira handien. Martxoan, Juan Karlos Izagirre orduko alkateak ohartarazi zuen ministerioa ez zela ari bere konpromisoa betetzen: esan zuenez, agindutako 11 milioi eurotik 1,5 baino ez zituen jarri. Apirilean baieztatu zuten Donostia 2016ren arduradunek Espainiatik ez zituztela 11 milioiak jasoko, eta ekarpena 4,2 milioi euro ingurukoa izatea espero zutela. Ministerioak kultur hiriburuaren alde “ahalegina” egingo zuela ziurtatu zuen, eta “bere konpromisoari” eusten ziola. Urri amaieran, programazioa aurkeztearekin batera, 2012-2018 aurrekontua plazaratu zuen D2016k: udalak, aldundiak eta Jaurlaritzak hamabi milioi pasa jarriko ditu bakoitzak; Espainiak 4.550.000 euro; 1,5 milioi euro jarriko ditu Europako Batasunak, lau milioi babesleek, eta gainerakoa salmenta eta diru laguntzetatik aterako dute.