an>2015

Historiaren irakaspenak

Orain 178 urte, 1837ko irailaren 14an zehazki, Andoaingo herriak bere historiako pasarte gogorrenetako bat bizi izan zuen. Lehen Karlistaldia zen, eta egun horretan gertatutakoa gogora ekarriko dute bihar Andoaingo kaleetan, antzezpen baten bitartez. Jon Unanue egitasmoaren zuzendariak azaldu ditu ibilbidearen nondik norakoak.

Andoaingo Gudua, 1837 izena jarri diote egitasmoari. 17:15ean hasita, bi abiapuntu izango ditu: karlisten gudarostea Zumea plazatik abiatuko da ordu horretan, eta liberalen gudarostea, Goikoplazatik. Bi gudarostek Gurutze Santuko zubira joko dute, han izan baitzen karlistek egin zuten azken eraso kolpea. Talde bakoitza bere musika eta abestiekin joango da zubira, eta han elkartuko dira borrokaldia antzezteko, 18:00ak inguruan.

Antzezpenak elizan eta Goikoplazan jarraituko du. "Zubian hasi zen liberalen galera, eta atzeraka joan ziren liberalak; gehienak ihesi Hernani aldera". Unanuek dioenez, ihesaldi horretan liberalen gudarosteko ingeles eta irlandar askok babesa hartu zuten elizan, bere burua salbu izango zelakoan. "Karlistak eta herritarrak iritsi zirenean elizara, liberalak errenditu egin ziren. Aterarazi zituzten elizatik, eta horrekin batera denak garbitu zituzten, 800 liberal inguru. Sekulako hilketa izan zen".

Liberal gudarostea, gehienak kanpotarrak —britaniar legioko kideak eta espainolak—, irailaren 8an iritsi zen Andoainera, Hernanitik abiatuta. "Kanpotarrak izanik, ez ziren fio inguruko herritarrekin, eta Andoainerako bidean topatu zuten guztia erre egin zuten. Andoainen 51 baserri erre zituzten, eta Urnieta herria ia desagerrarazi zuten, bost etxe bakarrik utziz. Izugarrizko sarraskia izan zen".

Baserri horietatik ihesi joandako andoaindarrek eta urnietarrek babesa ibaiaren bestaldean topatu zuten, karlistekin. "Hauen kontraerasoa hasi zenean, herritar horiek karlisten atzean zeuden, laguntzeko prest. Erasoa jotzerakoan, herritar horiek guztiak amorrazioz zeuden, eta ez zuten barkatu". Hori horrela, egitasmoaren bultzatzaileentzat ezinbestekoa da azaltzea ingelesak-eta nola ibili izan ziren aurretik: "Bestela, badirudi irailaren 14an andoaindar horiek guztiak burutik jota zeudela, karlistekin batera ia 800 lagun garbitu baitzituzten".

Estreinaldia

Unanuek argi utzi nahi du antzezpenarekin ez dutela 800 liberalen hilketa ospatzen. "Guk egiten duguna da gure historian garrantzi ikaragarria izan duen gertakari bat gogora ekarri, guretzat gaur egun ere zer irakatsi ugari duena. Herriaren oroimena suspertzea da asmoa, eta Andoaingo herriak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak ezagutzea zer izan zen Lehen Karlistaldia eta haren zirkunstantziak". Pedagogia egin nahi dute gerraren gainean eta uzten dituen ondorio guztien gainean: "Andoainen 800 hildako izan ziren, eta mende erdi baterako miseria".

Gudua gertatu zen garai historikoa ere nabarmendu du Unanuek: "Kontuan hartu behar da, burujabetasunaz asko hitz egiten den garai honetan, inoiz foru sistemaren bidez izandako burujabetasuna galdu zutela Lehen Karlistaldian".

Orain bi urte egin zuten antzezpenaren aurrestreinaldia, eta ikusleen aldetik arrakasta handia izan zuen. Biharkoa estreinaldi moduan hartu dute, kontuan hartuta aurten 400 urte bete direla Andoain hiribildu moduan jaio zela. "Aurtengoarekin ikusi nahi dugu ekimena finkatzeko aukerarik ba ote dagoen".

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna da egitasmoaren bultzatzailea, eta hainbat talde eta eragile ari dira antolakuntzan parte hartzen. Antzezpenean 150 pertsona inguru izango dira. Antzezlanak lan handia eskatzen duela dio Unanuek, eta garai hartako trajeak jostea eta armak eskuratzea nabarmendu ditu egindako esfortzu horren lekuko.

Tarte txikia estropada handirako

Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiari begira, faborito argirik ez zuen utzi joan den asteburuko estropadak, ez gizonetan eta ez emakumeetan. Gizonezkoetan, hortzak estututa aterako dira bai Hondarribiko arraunlariak eta bai Bermeokoak. Bi segundora iristen ez den tartea baitago haien artean. Ohorezko txandako beste biek ere —Oriok eta Kaikuk— ez dute galdutzat eman nahi bandera. Emakumezkoetan, hiru segundotan sartu ziren hiru ontzi: San Juan lehena, Hibaika bi segundora eta Zumaia hiru segundora. Orio izango da laugarren ontzia igandeko emakumezkoen estropadan. Zumaia sartu eta hamar segundora iritsi ziren Orioko neskak. Argazkian, San Juaneko neskak, joan den igandeko estropada irabazi izana ospatzen.

Modernitatearen ikurra eraiki zuten

Herenegun 65 urte bete ziren Arantzazuko basilika berriaren lehen harria jarri zutela, Arantzazuko Amaren egunaren aitzakian. Orain dela 60 urteko abuztuaren 20an, berriz, lehen meza eman zuten bukatu gabe zegoen basilika hartan. Sei hamarkada geroago, Arantzazuko frantziskotarrek, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak basilika eraiki zuten arkitektoak omenduko dituzte: Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga. Madrilgo Arkitektoen Elkargoko kideak biak, haiek irabazi zuten, 1950eko apirilean, basilikaren diseinua egiteko lehiaketa.

Frankismo zurrunenean, inolako askatasunik eta eskubiderik gabeko urte haietan, Francoren erregimenak bere aurpegia nolabait zuritzeko beharra sentitu zuen. Nazioartetik zabalpen bat eskatzen zioten diktadoreari —Espainia Nazio Batuen Erakundean sartzekotan zen, eta AEBekin akordioa egina zuen Francisco Francok horretarako—. Aurpegi atseginago bat erakutsi behar zuen Espainiak. Aldaketak ez ziren politikoak izan, ez eta sozialak ere; horretan mugitzeko asmorik ez zeukan frankismoak. "Horrek, inplizituki, modernizazio batera derrigortu zuen Espainia. Ez zen politikan edo gizartean islatu, baina arkitekturan eta artean eragin nabarmena izan zuen", azaldu zuen Javier Gonzalez de Durana Artiumeko zuzendariak, Arkitektura eta Eskultura Arantzazuko Basilikan liburua aurkeztu zuenean, 2003an.

Basilikaren aurreproiektuan jasota zegoen diseinutik egun ezagutzen dugun Arantzazuko basilikarako aldaketa, beraz, oso handia izan zen. Aldaketa garaiak bete-betean harrapatu zuen Arantzazuko basilika eraikitzeko prozesua. Modernitate behar horrek bultzatuta, Saenz de Oizak eta Laorgak hamaika aldaketa egin zituzten euren hasierako egitasmoan.

Hasierako diseinu hartatik, oinplanoa eta diamante itxurako kareharriekin apaindutako hiru dorreak baino ez ziren gelditu. Gainerakoa, eraiki ahala aldatuz joan ziren. Basilikako barrualdea erabat itxuraberritu zuten. Aldare nagusiko argi-zuloa, arkuak, alboko korridoreak eta Ama Birjinaren ganbaratxoa eraldatu zituzten. Barruan, aldaketa handiena habearte nagusian egin zuten Saenz de Oizak eta Laorgak. Hasieran, sabaia laua eta lauki zuzena zen. Ondoren, ordea, gangarekin eraiki zuten.

Aurrealdean, berriz, oso nabarmena izan zen Jorge Oteizaren eragina, eta aldaketa dezente egin behar izan zuten. Goialdean izan behar zituen arkuak desagertu ziren, eta, irudiei dagokienez, erabat berritu ziren, Oteizak eskatutakoaren arabera.

Bide malkartsua izan zen bi arkitektoentzat. Atzerapenak, zuzenketa etengabeak eta xehetasun askoren definizio faltak proiektua kinka larrian utzi zuten. Frantziskotarrek eraikuntza lanak beste norbaiten esku uztearekin mehatxatu zuten. Halaber, basilikaren proiektuan parte hartu zuten artisten ausardia gehiegizkoa iruditu zitzaien frantziskotarrei. 15 urtez obrak geldituta egon ziren, Vatikanoko II. Kontzilioarekin etorritako aire berriek proiektua berriro ere haizatu zuten arte.

Punta-puntako artistak

Saenz de Oizak, Laorgak eta basilikaren eraikuntzan parte hartu zuten beste artistek —Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea...— modernitatearen ikur bihurtu zuten Arantzazuko basilika. Euskal Herriko arkitektura eta arte plastikoetan mugarri izan zen frantziskotarren enkarguz eginiko tenplua; mitikoa ia. Frankismo garaian, itxurazko modernitate urratsak egin zituzten Arantzazuko basilikarekin, arkitekturari dagokionez; eta, gerora, frankismoaren kontrako borrokan eta euskalgintzaren eta euskaltasunaren historian pauso garrantzitsuak eman dira bertan —besteak beste, Euskaltzaindiak Arantzazu hautatu zuen euskara batzeko lehen arau multzoak finkatzeko, 1968an—.

Basilika zaharraren gainean eraiki zuten basilika berria Saenz de Oizak eta Laorgak. Kripta moduan gelditu zen basilika zaharra, eta lur azalean ikusgarri ageri da berria. Artista askoren lanak jasotzen dira bertan, zein baino zein ikusgarriago eta nabarmenago. Eraikinaren fatxadan, Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren lanek ematen diote nortasuna basilikari. Txillidak egin zituen sarrera nagusiko burdinazko ateak, eta, haien gainean, Oteizaren 14 apostoluek osatutako frisoa dago. Arantzazuko basilikako beiratea, berriz, Xabier Albarez de Eulate frantziskotarrak eginikoa da. Absidea Lucio Muñozek egin zuen, eta XX. mendeko Sixtoren Kapera deitu izan zaio. Basilikari ekarpena egin zion azken artista Nestor Basterretxea izan zen. 1980ko hamarkadan, kriptako basilika zaharreko horma irudiak egin zituen.

Gainerako artistek egindako ekarpena gutxietsi gabe, aurten Arantzazuko basilikaren 60. urteurrenean, obra hura diseinatu zuten arkitektoak omenduko dituzte. Bihar izango da ekitaldia, 10:30ean hasita. Gandiaga topagunean mahai ingurua antolatu dute egunari hasiera emateko. Bertan, Rafael Moneo —Saenz de Oizaren estudioan ikasle ibilitakoa—, Javier Saenz Guerra (Saenz de Oizaren semea) eta Enrique Arenas Laorga (Laorgaren biloba) izango dira hizlari. Arkitekto bien ibilbide profesional eta pertsonalaz ariko dira hirurak. 12:30ean, berriz, Nafarroako Arkitektura Eskolako zuzendari Miguel Angel Alonsok eraikinaren analisia egingo du. "Saenz de Oiza eta Laorga arkitekto gazteen lanik gabe, ez genituzkeen Oteizaren Pietatea eta Apostoluak sekula ezagutuko. Ezta Eduardo Txillidaren ateak, Nestor Basterretxearen horma irudiak, Lucio Muñozen absidea, Xabier Albarez de Eulateren beirateak eta Xabier Egañaren kaperatxoko pinturak ere".

Jon Maiarekin, ‘Riomundo’-ren bueltan

Usurbil, herri anitza! egitasmoaren baitan, Jon Maia bertsolari, idazle eta zinemagileak hitzaldia emango du asteazkenean Usurbilen, 19:00etan, Sutegi udal liburutegian. Riomundo (Txalaparta) bere eleberria hartuko du ardatz, eta horren bueltako hainbat gai izango ditu hizpide: migrazioa, kultur aniztasuna….

‘Lunpen’ hitza erabiltzeko aukera

Gizaseme bat ondradua den ala ez erabakitzeko badut nik metodo hutsik gabeko bat; beste behin hemen bertan kontatu nuela uste dut. Bigarren eskuko auto bat lasai erosiko ote niokeen hausnartzen dut. Hala ez dela deliberatuz gero, errespetua galtzen du arin nire begiotan, ezin dut saihestu.

Droga saltzaileen kasuan, beste prozedura osagarri bat erabiltzen dut. Ezagutzen ditut hautamen propioa galtzeko arriskuan direnekin negozioa egiteari uko egiten dioten gamelu duinak. Menpekotasunaren zorian dauden horiek Whatsapparekin tentaldira daramatzatenak ere bai. Erdi andaluziarra, erdi siziliarra, horretantxe ari da aspaldian nire bi ezagunekin. Bere speed txar eta garestia mutur aurrean ipintzen die kabroiak pareari, izerdi hotza antzematen dienean. Bera eta bera bezalakoak mespretxatzen ditut nik.

Aurkeztu zidatenean, bere buruaz harro aitortu zidan lehenbiziko xehetasuna izan zen zortzi urte lanik egin gabe zeramatzala. Bera erdi andaluziarra, erdi siziliarra izanik, Alemaniari diru laguntzak amaigabe osten aritze horrek grazia egingo zidala usteko zuen. Ateraldiari ez nion batere hortzik erakutsi, ordea, zinez saiatu nintzen nire aurpegiko muskulurik bat bera ere mugi ez zedin. Motxilan eskegita, Berlingo antifaxisten eta okupen txapa bilduma klasikoak oso-osorik zeramatzan. Kiratsa zerion.

Enkontruaren ondoren, nire baitan daramadan Mayor Orejak galdeketari ekin zion. Bere motxilako txapetan babesten diren iraultza guztiak emango balira, hiritar baliagarri izatera pasatuko al litzateke hondakin hori, lagako al luke bizkarroi bizitza? Bere motxilako txapetako leloak asmatu dituzten horiek sistema izatera pasako balira, lunpenetik —hitz hori beti erabili nahi izan dut zutabe batean— irten eta errenta aitorpenak zintzo osatzeari ekingo al lioke? Hurkoa erailtzeari utziz auzolan solidarioari ekin? Nire baitan daramadan Mayor Orejak maite ditu horrelako kasuak, erantzun ebidenteekin arrazoi duela aitortu behar izaten diodalako. Baina, batez ere, badakielako horrelako kasuek despolitizatuta eta indarge uzten nautela. Nire baitan daramadan Mayor Orejak despolitizatuta eta indarge maite nau.

Hirugarrenez Ben-en tabernan topatu nuen lehengoan andaluziar-siziliarra. Garagardo ziztrin bat ere eskatu gabe zegoen, beti bezala, sakelan zeramana saldu nahian. Boddinstrasseko manifara zihoala entzun nionean madarikazioa bota nuen ahapeka, ni ere bertaratzekoa bainintzen. Metroa hartu eta etxera alde egin nuen, ia sistemazale porrokatu bihurtuta, nire baitan daramadan Mayor Orejaren algara artean.

7.600

ordizian saldutako gazta erdiaren prezioa, eurotan

Urtero legez, Idiazabalgo Gaztaren Lehiaketak arreta bereganatu du aste honetan ere. Zeanuriko Ipiñaburuk irabazi du Ordiziako Euskal Jaietan egiten den lehiaketa. 7.600 eurotan erosi du Catalana Occidentek. Gazten kalitatea nabarmendu du epaimahaiak aurten ere.

Ezkutatutakoa argiztatzean

Lanbroak ezkutatzen zizkionak maite zituen Mikel Laboak. Zita Aialak, berriz, ezkutuan geratzen diren horiek argiztatzea du ia obsesio, natura eta gizakien arteko harremanean lotuneak bilatuz, orekaren bila. L'Art de la Lumière Cachée izenburupean (Ezkutuko argiaren artea), bi dimentsioko argi-koadroak bildu ditu Zita Aialak (Iruñea, 1965). Koadro bitxiak dira guztiak, teknika berri batez sortuak. Hil honetan hiru erakusketa aretotan ikus daitezke: Pasai Donibanen, Donostian eta Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Jarrera aktiboa eskatzen dute Aialaren erakusketek. Koadro zuriak topatuko ditu lehen begiratuan bisitariak, "koadroen dimentsio natural minimalista", Aialaren hitzetan. Eta, bestetik, "ezkutuko dimentsioa, soilik barruko argia piztean erakutsiko dena".

Bisitariak berak piztu behar du argia —hala da behintzat Pasaiako Victor Hugo etxean—, eta argia piztearekin bat, erabat eraldatuko dira koadroak, eta baita erakusketa aretoa bera ere. Koadro zuri minimalistak zeuden tokian oso bestelako irudiak azaleratuko dira, koloretsuak. Argiarekin ikus daitekeen erakusketa da, baina ilunpean ikustea gomendatu du Aialak, "koadroek duten intentsitatea ez galtze aldera".

Loreak, harriak... organikoa den guztiaz hitz egiten du Aialak koadroetan, natura delako bere obran protagonista nagusienetakoa. Eta naturarekin batera, argia. "Argiarekin lan egin nahi nuen hasieratik. Mendian bizi naiz, eta sumatzen dut gauzak ez doazela ondo. Gure jabetzakoa balitz bezala tratatzen dugu natura, eta ez litzateke horrela izan behar. Gustatuko litzaidake naturaren eta gure arteko harremana bestelakoa izatea, lotura sakonagoa".

Horregatik, Aialak sortutako koadro ia guztietan gizakia ageri da: "Gizakia naturari bizkar emanda bizi da gaur egun, eta, horregatik, oso unibertso organikoan txertatu dut nik, naturaren zati den beste mikrounibertso bat sortuta". Ekaitza, bilakaera, oreka, bertigo, unibertsoa, helburua, zaborra... mezuari estu lotzen zaizkio koadroetako izen gehienak.

Kezka horiek guztiak komunikatzeko teknika berritzaile bat asmatu du Aialak, argiaren laguntzaz. Zetazko papera erabiltzen du bere koadroak sortzeko, eta erretxina berezi bat, itsasteko zein papera gogortzeko erabiltzen duena. Ezkutatuko duen irudia sortzen du lehenik, eta, ondoren, zetazko paperezko geruzak erabiltzen ditu irudia estaltzeko. Bata bestearen gainean jartzen ditu paperezko geruzak, irudia zuritzen den arte. Behin koadroa osatuta, berniz batez babesten du. Hala, ezkutuko irudia, hau da, koadroaren lehen geruzan jarritakoa, soilik argia piztean azaleratzen da.

Teknika asko probatu ditu Aialak behar zuena topatu arte. "Beirarekin probatu nuen, baina oso gaizki moldatu nintzen; zeramika zeharrargiarekin ere probatu nuen, baina oso hauskorra da, eta soilik gauza txikiak egiteko aukera nuen". Gutxien espero zuenean, baina, topatu zuen bilatzen ari zena. "Lagun bat etorri zen etxera, alabarekin, elkarrekin egin zuten pinata margotzera. Lorategian lanean ari zirela, egunkari papera zeta paperarekin trukatzea bururatu zitzaidan". Izan ere, zeta paperak badu bere beharretara oso ongi egokitzen den ezaugarri bat: "Opakua da argia parez pare ematen dionean, eta zeharrargia atzealdetik argiztatzekotan".

Arte afrikarra eta japoniarra oso gustuko dituela dio Aialak, eta igarri da haren obran, trazatuetan, motiboetan... "Bi arte horietan trazatu bakar batez asko komunikatzeko gai dira, eta hori asko gustatzen zait".Sortzaile nafarraren koadroetan ere sumatzen da gutxirekin asko komunikatzeko nahia, hausnarketarako gonbidapen zirikatzailea.

Pasai Donibanen, Victor Hugo museoan. Hilaren 27ra bitarte bisitatu ahal izango da.

Donibane Lohizunen (Lapurdi), Infante galerian. Hilaren 26ra bitarte.

Donostian, El Muro tabernan (Gros auzoa). Hilaren 30era bitarte.

Diru beharrak plazara euskal jaietan

Euskal jaiak ospatzen ari dira egunotan Donostian, eta, urtero bezala, askotariko jarduerak bildu dituzte egitarauan: musika, bertsoak, lehiaketak, dantza, azokak... Antzerkia ere izango da. Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak Kreditua antzezlana...