an>2015

Papera josteko oihal makina Amezketan

Aspalditik zabaltzen ditu bere produktuak nazioartean Amezketako Aralar paper fabrikak. Euskal Herriko mugetatik kanpoko bezeroen kezka bati erantzunez hasi ziren paper zapi heze biodegradagarrien mundua ikertzen. "Urteak dira paper mota hori aztertzen hasi ginela, zapi horien erabileragatik maiz gertatzen baitira buxatzeak ur zikinen sarean. Arazoa ez da hainbestekoa hemen, baina beste herrialde askotan kezkatuta daude gaiarekin", adierazi du Idoia Imaz paper fabrikako administrariak. Orain, soluzioa topatu dute Amezketan: erabat biodegradagarria eta naturala den paper zapi hezea egiteko modua aurkitu dute.

1935ean sortu zen Amezketan paper fabrika, eta gaur egun 145 langile inguru ari dira lanean. Urte hauetan guztietan asko aldatu da lan egiteko era. "Bereziki Tolosaldean, papergintzak izan zuen krisiari aurre egiteko bide berriak asmatu behar izan genituen. Berrikuntzan dago gakoa, eta dibertsifikazio eta espezializazioaren alde eginez asmatu dugu". Paper bereziak lantzen dituzte Amezketan. Garagardo botilen etiketak, kakao potoen estalkiak, azukre poltsatxoak edota izozkietarako konoak egiten dituzte. Egunero erabiltzen diren paper motak dira. Hala ere, orain arte landutakoekin zerikusi gutxi dute paper zapiek: "Akaso, ebakuntza geletan mediku eta erizainek daramaten jantzia da egiten ditugun produktu guztietatik zapi hezeen antzekoena".

Ingurumenarekiko kezka handiagoa sumatu dute AEBetako eta Kanadako bezeroengan, eta haien eskaerei erantzunez hasi ziren Amezketan ideia lantzen. Urteak eman dituzte ikertzen eta probak egiten paper mota hori lortzeko. "Ahalegina egin izan dugu dagoeneko erabiltzen ditugun makinekin, baina, azkenean, inbertsio bat egin beharra zegoela ikusi genuen". Horrenbestez, munduan bakarra den makina lortu dute. Tolosako Voith, Alemaniako Trüschler eta Amezketako lantegiko ingeniariak aritu dira elkarrekin lanean.

Aralarreko administrariaren esanetan, paper fabrikan dituzten beste makinen eta oihal makina baten arteko nahasketa da lortu dutena. "Zuntzak elkarrekin josteko orratza beharrean, presio handiko ura erabiltzen du. Zuntzak bata besteari kateatzen zaizkio, inolako kimikarik gabe".

Lehenengo frogak egin dituzte, eta emaitzarekin pozik dira. Orain, bezeroek homologazio prozesuan dute produktua. "Makinari azkeneko ukituak eman eta laster ekoizpenarekin hastea espero dugu". Makina berriari tokia egiteko beharrezko egokitzapenak egin dituzte lantegian. Paper fabrikakoak Amezketako Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta elkarlanean egin dituzte birmoldatzeak. Ekoizpenarekin hasten direnean, 20 edo 25 laguni emango diote lan, aurreikuspenen arabera. Onura, beraz, herriak eta inguruak jasoko du.

Aralar lantegiko arduradunek esan dutenez, makinak ekoizpen handia egiteko aukera ematen du. "Eta merkatuak erantzutea espero dugu". Berritzailea da apustua, eta, hedabideetan izan duen oihartzuna ikusita, badago ikusmina. Erronkari behar bezala erantzungo diotela espero dute Amezketako paper fabrikan.

Erraz desegitekoa

Biodegradagarritasunari bezainbeste garrantzi ematen diote zuntz naturalak erabiltzeari. "Merkatuan izaten diren paper zapi hezeek biodegradagarri izena daramate, baina gakoa denboran dago. Amezketan lortu dugun paper zapia komuneko zuloan bertan desagertzen da, hoditerian gerta daitezkeen buxatzeak saihestuz. Gure paper zapi hezea ia komuneko papera bezain azkar eta erraz desegiten da".

Erabat produktu naturala da; ez dute ez poliesterra, ez biskosa, ez inolako gai kimikorik erabili paper zapi hezea egiteko. Espezializazioan sakontzearekin batera, ingurumenarekiko zainketa izan dute ardatzetako bat azken urteetan. Imazek dioenez, papergintzaren sektoreak beti izan du "zikinaren estigma", eta ahalegin handia egin dute hori gainditzeko. "Kontrol zorrotzak pasarazten zaizkigu, eta gu geu ere saiatu gara geure jardun ekonomikoa ingurumenarekiko iraunkorra egiten. Bukatzen ez den lana da, gainera".

Amezketan landu duten paperak nazioarteko arauak betetzen ditu biodegradagarritasunari eta deskonposagarritasunari dagokienez. Eta munduan bakarra da: "Paper zapi hezeak merkaturatzen dituzten enpresetako askok engainuzko publizitatea egiten dute", dio Imazek: "Komunetik behera bota daitekeela esaten duten oharrak jartzen dituzten euren produktuetan, eta, gero, buxatzeak eta kalte ekologikoak sortzen dira".

Berriagoa da paper zapien erabilera Euskal Herrian, eta horregatik kezka ez dago hain zabaldua. Beste herrialdeetan ur zikinen sarean sortzen diren kalteak konpontzeak kostu ekonomiko handia dakar.

Etxekoa, edan eta egiteko

ealeko zenbait jarraitzaileren eskutik sortu zen Ordiziako Emaneurre taldea, duela sei urte. Geroztik, eremua zabaldu, eta kirolarekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dabil. Horietako bat da Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka. Bihar egingo dute, Plaza Nagusian.

10:30etik 01:00era egongo da zabalik azoka. Dozenatik gora garagardo dastatzeko aukera izango da; besteak beste, Zerb, Falken Brewing, Mala Gissona, Olbea Pilsner, Garagart, Gross, Zarautz Beer Company, Bidassoa Basque Brewery, Boga eta Gar Gar.

Azokarekin batera, ordea, beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte biharko. 09:00etatik 11:00etara, garagardoa ekoizteko ikastaroa egingo dute D' Elikatuz zentroan, Lupulu.com taldearen eskutik. Ordiziako Kirkil tabernan eman daiteke izena —25 euro balio du—. Arratsalderako, berriz, garagardo txapelketa prestatu dute.

Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka

Bihar, 10:30etik 01:00era, Plaza Nagusian (Ordizia).

“Akordio integral bat nahi dugu”

Astelehenean aztertuko du ELAk grebak izandako erantzuna, eta zein estrategia jarraitu. Hala ere, Iñigo Zubeldia ELAko ordezkariak (Amezketa, 1964) argi du ez dutela atzera egingo. "Berdin zaigu hauteskundeetan zein emaitza dagoen. Aldundiarena da proposamena, eta dagoenari orain arteko berdina esango diogu".

Kalera atera zarete berriro. Zer eskatzen duzue zehazki?

Eskatzen duguna akordio integral bat da. Sektore honetan bi esparru daude hitzarmenetan: bata eremu sektoriala, eta bestea enpresa arlokoa. Berritu nahi ditugu sektoreko ituna eta sektore horretan dauden azpiko enpresen hitzarmenak, denak batera, eduki berarekin.

Zer hobekuntza lituzke langileentzat ituna berritzeak?

Diputazioak soldata igoera potente bat jarri du mahai gainean, eta, aldi berean, prekaritatezko elementuak ordenatzen ditu: batez ere egutegiak nola egin behar diren, zenbat atseden egun egin behar diren urte guztian, aldi baterako langileei zerrenda batean sartu behar zaiela eta eskubideak eman denboran mantentzeko... Oso eduki egokiak planteatu ditu, eta ikusten dugu akordio hori posible dela. Baina ikusita horren aurrean Adegik egin duen txanda pasa, grebara deitu dugu.

Patronalak ez du aldundiaren proposamena babestu, ezta?

Sektoreko eremua Adegiren esku dago; %75 dauka, eta Adegik erabaki politiko bat dauka hartuta: diputazioak eta sindikatuek onartutako edukiei ez diela estaldurarik emango. Onartu du ez duela hitzarmen hori sinatuko. Guk greba deialdia egin dugu, bai sektorekoa, eta baita hitzarmena duten enpresena ere. Adegi ez dago prest akordio hori egiteko, eta enpresak prest azaltzen dira. Elkarteak ez du nahi bere partaideek nahi dutena.

Enpresen aldetik, beraz, bestelakoa da jarrera?

Disfuntzio arazo bat dago enpresen eta Adegiren artean. Adegik ez ditu defendatzen enpresen interesak, enpresa bakoitza ari da berea defendatzen. Gutxi gorabehera 54 bat zentro deitu ditugu lanuztera, eta astearte eta asteazken artean, esaterako, enpresen %25ek akordioa egina zuten jada. Orain dela bi urte ere hala gertatu zen, eta berdin gertatzen ari da. Enpresa itunez gain, guk sektorekoa sinatu nahi dugu, baina hori Adegiren esku dago.

Hitzarmen sektoriala zertan da?

Hitzarmen sektorial bakarra izan da Gipuzkoako erresidentzietan, 2005-2008koa. Hurrengo hitzarmena gutxiengoan izan zen; CCOOk eta UGTk sinatu zuten, baina ez zen inoiz izan hitzarmen kolektiboa. 2013ko uztailaren 7an hil zena 2008koa izan zen.

Zer balorazio egiten duzue arlo honetan diputazioaren jardunaren inguruan?

Garbi dago klaseko borroka dagoela. Diputazioak badu legitimitate guztia planteatzeko berak azpikontratatutako langileei zein baldintza eman. Diputazioa langileei bere estaldura emanez ari da, gure eskubideak eta aldarrikapenak onartzen.

Bilerarik espero duzue Adegirekin?

Azken bilera martxoaren 13an egin genuen mahai sektorialean, eta Adegik esan zuen diputazioaren proposamena ez zitzaiola gustatzen baina erantzungo zuela. Erantzunik ez da izan. Mahaia ere ez du deitu.

2013ko gatazka luzea izan zen; mugagabeko greba ere egin zenuten. Haren ondoren, nola aurre egingo diozue datorrenari?

2013koa oso gogorra izan zen. Azken akordioa urtebete eta hiru hilabetera itxi genuen. Baina langileek oroitzapen ona ere badute; denek batera borroka egin genuen, eta jendeak ikusi zuen posible dela beste era batera gauzak aldatzea. Garbi dago azken urteotan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek hobekuntzak izan dituztela, Rajoyk egindako erreformatik kanpo daudela, bermeak dituztela beren bermeak mantendu ahal izateko. Oraindik jendea badago borroka horri jarraitu nahi diona. Guk ez dugu politikara jokatu nahi, baina argi daukagu norbaitek nahi duguna ematen badigu azkenera arte borrokatuko garela hori lortu arte.

74

parte hartzaileak gipuzkoa bertsotan saio sortanGipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea da Gipuzkoa Bertsotan. Bihartik ekainaren 6ra bitarte, 74 bertsolarik parte hartuko dute fase horretan. 24 saio jokatuko dira, eta bertsolariek bina s...

“Gure musika ibilbide txikiko kontzerturik bereziena izango da”

Bihar iluntzean amaituko du bira John Berkhout taldeak, Oiartzunen. Bi Zaldi zaldibiarrekin batera ariko da, Elorsoro kiroldegian. Aspalditik ari dira kontzertua prestatzen, eta sorpresa ugari iragarri dituzte.

Duela urte eta erdi atera zenuten The Path lehenengo diskoa. Ordutik bidea egin duzue. Zer moduz joan da diskoa aurkezteko bira?

2013ko urrian atera zen diskoa merkatura. Hortik aurrera, orain arte, kontzertu asko eman ditugu Euskal Herrian zein hemendik kanpo. Hainbat hiritan jo dugu, baita Espainiako musika jaialdi garrantzitsu askotan ere. Egia esan, oso pozik gaude. Gaur egun, nahiko zaila da musikaren industrian sartzea. Mundu horretan sartu gara, eta esperientzia oso politak ari gara bizitzen.

Harrera ona izan al duzue?

Bai. Baina badakizu: behin sartuta, zuk ere gero eta gehiago nahi duzu. Jaialdietan jo nahi duzu, baina ordutegi hobeekin; areto batean ehun pertsona beharrean, 200 sartzea nahi duzu... Harrera ona izan da, baina asmo asko dauzkagu handitzen jarraitzeko eta gero eta jende gehiagorengana iristeko. Hasieran zaila da mota honetako musika jendearen belarrietatik sartzea, baina ongi sartu, eta jendeari gustatu zaio.

Zeintzuk izan dira birako momentu gogoangarrienak? Neil Youngen aurretik jo zenuten Miarritzeko Big Festivalen...

Bai, uste dut hori gure bigarren kontzertua zela. Pixka bat eromena izan zen, egia esan. Miarritzen jaialdi handi batean jotzea, agertoki handi-handi batean, Neil Young bezalako musikari baten aurretik aritzea... Hori oso berezia izan zen. Gainera, oso ongi jo genuen kontzertu hartan, urduri egon arren. Hala ere, kontzertu guztietan atera dira gauzak, onak edo txarrak izan. Beti dago zerbait: soka bat hausten dela, edo dena delakoa. Duela gutxi Zaragozan (Espainia) jo genuen, eguerdian, eta jende pila bat zegoen. Ez zuten taldea ongi ezagutzen, baina gustura geratu ziren.

Zein jaialdi zen?

Aurten, Girando Por Salas zikloan ibili gara. [Espainiako] Gobernuak ekitaldi kultural bat antolatzen du, eta hainbat kontzertu eskaintzen dizkizute. Horietako bat Zaragozan jotzea zen. Areto batean jo beharrean, merkatu batean aritu ginen.

Beraz, beti duzue zerbait kuriosoa kontzertuetan. Gainera, aspaldiko lagunak zarete...

Gauza on zein txarretarako, aspaldiko —eta oso— lagun izateak baditu bere kontuak: badakizu zeintzuk diren bakoitzaren maniak, baina oso ongi moldatzen gara. Gure arteko pikeak badaude, adar jotzeak, baina oraingoz ongi konpontzen gara.

Birako azkeneko kontzertua etxean emango duzue. Lehenengo aldia izango da, ezta?

Bai, bai. Jende askok galdetzen digu ea zergatik ez dugun jo Oiartzunen. Gauza batengatik edo bestearengatik, ez genuen aukerarik eduki. Hilabete asko dira Oiartzunen jotzea programatuta genuela. Asteak daramatzagu kontzertu hau prestatzen. Birako, edo gure musika ibilbide txikiko, kontzerturik bereziena izango da. Sorpresaren bat egongo da. Dena, gainera, gure gustuekin bat antolatu dugu: soinu ekipoa, argiak, proiekzio bat egongo da, Ibargain Musika Eskolako umeen abesbatza batek ere abestuko du... Jendeari asko gustatuko zaion kontzertua izango da.

Zein abesti joko dituzue?

Diskoko kantak; hiruzpalau berri ere, baita euskarazkoak ere.

Azkenean profetak izango zarete zuen etxean...

[Kar-kar] Jendeak, kanpoan jotzen dugunean, galdetzen digu ea nongoak garen. Donostia ondokoak garela erantzuten diegu. Flipatu egiten dute. Behin, Zarautzen jo genuen, estatubatuar batekin, eta guregana etorri zen. Gurekin hitz egiten hasi, eta 'Nor da John hemen?' galdetu zuen. Guk erantzun genion ez zegoela Johnik bertan... Horrelakoak askotan gertatu zaizkigu.

Abesti berriak joko dituzuela esan duzu. Bigarren diskoa egitea buruan al duzue?

Agian, primizia bezala, esan dezaket Gabonetan sorpresa txiki bat emango dugula. Bigarren diskoa aurten grabatuko dugu segur aski, baina 2016ra begira izango da. Disko oso ezberdina izango da. Abesti asko prestatuta ditugu, oraindik denbora dugu egiteko. Jendeak sorpresa handia eramango du... Ezin dut asko aurreratu, baina ezberdina izango da, bai.

Anbizioa edo gogoa badugu gauza berriak jorratzeko. Arrisku hori hartuko dugu. Aurreko taldearekin, Instepekin, ongi pasatzeko jotzen genuen. Orain, beste jarrera bat dugu, beste helburu batzuk. Serioago hartu dugu.

BI ZALDI ETA JOHN BERKHOUT

Non? Elorsoro kiroldegian.

Noiz? Bihar, 21:00etan.

Sarrerak: Garmendia okindegian, Elorsoro kiroldegian, Garbiñe estetika zentroan, Ibarreko gasolindegian eta Amazkar eta Miren tabernetan; Donostian, Koh Taon, zortzi euroren truke. Bihar, hamar euroan.

“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu”

“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu”

 

Surfean "oso berandu" hasi bazen ere, Aitor Frantzesenak (Zarautz, 1970) 30 urtetik gora daramatza olatuak hartzearen zaletasunari lotuta. "Gure gurasoak ez ziren oraingoak bezalakoak. Gaur egun, gazteek hatz bat jasotzerako nahi dutena lortzen dute: surfeko taula bat, patinetea, edo 14 urterako munduan bidaiatzea...". Seme-alabek nahi dutenerako gurasoek dirua inbertitzen dutela iruditzen zaio, oraingo gazteek dena eskura dutela: "Hegazkin bat, itsasontzi bat edo suziri bat gustatzen ote zaien galdetu, eta ‘ba, besterik gabe’ erantzuteko kapaz dira, gainera".

Bere kasua ez zen horrelakoa izan; gauza bat edukitzeko asko saiatu beharra zeukan, eta garai hartan aberatsak zirenek soilik egiten omen zuten surfa. Horregatik, lehorrean hasi zen surfean, patineteekin. Horiek pixka bat merkeagoak ziren, baina patineteak ere eurek muntatutakoak izaten ziren. "Gero, taulak egiten-eta hasi ginen, surfa asko gustatzen zitzaigulako, edo surfa egiten zuen jendeari eskatzen genion taula". 13 bat urterekin hasi zen surfean, eta, oraingo egoerarekin alderatzeko, alabaren adibidea jarri du: "2 urterako bere taula zuen, hortik kontuak atera".

Bizitza osoa darama surfari lotuta. Hamasei bat urtez aritu zen entrenatzen, eta 23 urte inguru besteei erakusten. Gaiaren inguruko bi liburu ere idatzi ditu: Las olas contadas eta Querer es poder. Horrez gain, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Eneko eta Kepa Acero eta beste hainbaten entrenatzailea izan da; gaur egun ez da bere lanbidea, baina laguntza eskaintzen die surflariei.

Surfa eta itsasoa bere bizitza dira: "Paseatzen arituta ere itsasoa entzuteak asko eragiten dit. Itsaso gogorra dagoela entzuten badut, urduri jartzen naiz, edo adrenalina igotzen zaidala sentitzen dut; bare badago, berriz, asko erlaxatzen nau, musika entzuten arituko banintz bezala". Izan ere, 2012az geroztik, begiratuta ere ezin du itsasoa ikusi. Jaiotzatiko glaukoma baitu begietan: "Gaur egun horrekin jaioz gero kontrolatzea egongo litzateke, baina gure garaian ez. Ebakuntza mordoa egin zizkidaten, eta nire begiak oso kaltetuta daude".

14 urterekin eskuineko begiko ikusmena galdu zuen, eta ezkerrekoa mantentzeko etengabe ebakuntzak egiten hasi zitzaizkion. Begiaren tentsioa kontrolpean zuenean, kornea hasi zitzaion huts egiten, eta oso ondo geratu ez zitzaizkion bi transplante egin zizkioten. "Hirugarrenaren zain nengoela, olatu batek jota begia lehertu zitzaidan, eta hala geratu nintzen itsu". Baina bere ardurapeko kontua izan zenez, ez dio horrenbesteko tristurarik eragiten: "Neuri gehien gustatzen zaidana egiten ari nintzela gertatu zen, neure ardurapean, eta ez ebakuntza gela batean; horrek kontsolatzen nau".

Itsu geratu izanaren ondorioz, beste era batera ikasi du itsasoaz eta surfaz gozatzen, itsasoak asko kendu badio ere gehiago eman diola sentitzen baitu: "Hutsetik berriz ikasi behar izan dut. Pixkanaka ikasten ari naiz; geroz eta hobeto sentitzen naiz, geroz eta olatu handiagoak hartzen ditut, eta jendeak ere ongi ikusten nau. Hori bai, caddy batzuk ditut, beti alboan joaten direnak niri laguntzeko". Golfean laguntzaile lanetan aritzen direnak izaten dira caddy-ak, eta Frantzesenak halaxe deitzen die bere laguntzaileei.

Olatuak hartzeko modua aldatzeaz gain, surflariei irakasteko metodo propioa ere garatu behar izan du: "Surflariei euren entrenatzaile izaten erakusten diet". Entrenatzaile batek hainbat arlo izan behar ditu kontuan: fisikoa, teknikoa, psikologikoa, janariarena... "Surf saioak grabatu, eta gero fotogramaz fotograma aztertzen ditugu, une bakoitzean zer egin beharko luketen ikusteko. Izan ere, surfean segundo bakoitzean egin beharrekoa eginez gero, dena perfektu geratzen da gero".

Hiru herri batuta, 400 urtera ere

. Ordiziaren itzaletik irten orduko, herri elkargo bat sortu zuten hiru herriok, beste hirurekin. Baina berdinetik berdinera. Gaur egun ere udal administrazioa eta herri zerbitzu asko banatu egiten dituzte.

Aldea handia dago herri bat beste bati batuta egotetik herri askoren arteko batura egitera. Mendekotasuneko tratutik urruti, indar metaketaren alde egitera igaro ziren 1615ean Altzaga, Arama eta Itsasondo. Herri txikiak ziren orduan ere hirurak —140, 80 eta 360 biztanle ingurukoak, hurrenez hurren—, baina txiki askoren artean bat handiagoa egin nahi izan zuten, Ordizia handi bakarraren aldartera ibili segi baino.

Ordiziaren eskumenetik irten eta berehala osatu zuten hiru herriek Oria Ibaiko Batasuna, 1615ean bertan. Gaintza, Legorreta eta Zaldibia ere gurdi berera igo ziren, elkarrekin Batzar Nagusietara ordezkaria partekatu, foru gehiago bildu, gastuak murriztu eta oihartzun handixeagoa izateko. Beste 230 urte elkarrekin batera segitu zuten Ordiziatik irten ziren zortzi herrietatik seik. Berdintasunezko baturan, ordea. 1845ean desegin zuten Oria Ibaiko Batasuna. Baina XX. mendean ondo sartuta, Altzagak batzeko eskaria egin zion Itsasondori, udalerri txikia zela eta diru urritasuna zuela argudiatuz. 1967an onartu zuten bategitea, eta 1990era arte udalerri bakarra osatu zuten. Harrezkero, berriz udalerri beregainak dira.

Idazkaritza batuta 1927tik

Orain laurehun urte ere, biztanleria eta lurralde murritzekoak ziren Altzaga, Arama eta Itsasondo. Gainontzeko guztiek bezalaxe ordaindu behar izan zuten hiribildu titulua, hala ere. Altzagako eskubidedun 35 auzotarrek 332.713 beloizko marabedi ordaindu zioten Gaztelako Koroari; Aramako 20 auzotarrek, 185.156 marabedi; eta Itsasondoko 91 familiaburuek, 855.469 marabedi.

Egoera demografikoa eta geografikoa ez zaie askorik aldatu, behintzat Aramari eta Altzagari. Gipuzkoako udalerri txikiena da gaur egun Arama, hedaduraz. Biztanle gutxieneko hirugarren herria da Altzaga, Baliarrain eta Orexaren atzetik.

Hala, eta nahiz eta Batzar Nagusietako ordezkariaren karga historikoa desagertu zitzaien, gaur egungo beste gastu batzuk elkarbanatu beharrean dira Altzaga, Arama eta Itsasondo. Udal administrazio mailan, adibidez, idazkaritza multzoa osatzen dute hiru herriek. Idazkari kontu-hartzaile bakarra dago, eta hiru udaletxeetan ematen du zerbitzua. Berdin administrariekin eta beste zenbait udal langilerekin ere. "Hiru herriek osatzen dugu idazkaritza taldea, eta hiru herrietan lan egiten dugu. Gizarte langilea, adibidez, denera zazpi herritan aritzen da", azaldu du Pako Zubeldia altzagarrak, Itsasondon, Araman eta Altzagan administrari denak.

Itsasondoko plazatik Aramara kilometro eta erdi dago; Aramatik Altzagara, 1,7 kilometro. Herri lanetarako, adibidez, bakartzat hartzen dute: "Traktorea ere elkarbanatu egiten dugu", dio Zubeldiak. Medikuak ere hiru herrietan ematen du zerbitzua. Berez, azkeneko 400 urteotan udal independenteak izan badira ere, lotura asko mantendu dituzte benetan. Idazkaritza batasuna 1927tik daukate indarrean. "Orain arte mantendu egin da", dio Belen Mendizabal idazkari kontu-hartzaileak.

Hasieran, duela ia mende bete, batasun administratiboak herriko idazkariari edo sekretarioari bakarrik eragiten zion, "lehen idazkaria bakarrik egoten zelako udaletxean lanean. Idazkari berak zerbitzua hiru herrietan eman zezan sortu zuten taldea. Denborarekin, gaur egun egoera bestelakoa denez, langile gehiago sartzen dira. Lan funtzioak ugaritu ahala, beste udal zerbitzuetako langileak ere banatu egiten dira hiru herrietan, idazkaria bezala", zehaztu du Mendizabalek. Hala, idazkariak asteko egun eta ordu jakin batzuk ditu izendatuta Altzagako, Aramako edo Itsasondoko lanak egiteko —eta udaletxe horietan egoteko—.

Itsasondo, gune nagusia

Landa eremuko herri izateari erabat utzi gabe, hiruren artetik kalea duen udalerri bakarra Itsasondo da. Herri kozkorra da, 666 biztanlerekin, merkataritza eta zerbitzu aldetik osatuena. Laurehungarren urteurrena gogoratzeko asmoz, batzorde bat eratu dute itsasondoarrek. Hitzaldi bat egitekotan dira Kantabriako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle Susana Truchuelorekin. Ekainaren 11n izango da, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.

Itsasondo 1399an gehitu zitzaion Ordiziari, Arama, Altzaga eta beste bost herri bezala. Administrazio ekonomikoari eutsi zion, hala eta guztiz; baita herri lurren kudeaketari ere. Batasunaren garai modutsu hartan (1409an) eratu zen Enirio-Aralarko mankomunitatea, eta mendizerraren magaleko 15 herri ziren bazkide. Nahiz eta Ordiziaren edo Tolosaren menpeko izan gainontzeko gaietan, mendi baso eta abeltzaintzarako lurren erabilera eurek gobernatzen zuten. Itsasondo Bozue Handiko kide zen.

Behe Erdi Aroan, elkarren aurkari ziren bi jauntxo leinutako familiak bizi ziren Itsasondon: Ibarratarrak, ganboarren alderdikoak, eta Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak, bestekoak. Itsasondo izena, aditu batzuen arabera, azken etxe horren izenetik datorke.

Arama, txikiaren ezinak

Hiribildu titulua lortu ondoren, ezintasun ekonomikoek batasunetara lerratu zuten Arama. Hainbeste, ezen metropoli izan zuen Ordiziari ere batu zitzaion berriz 1682an, onura handiagoak eskuratuko zituela eta. Ezin konponduek eta sestrek, hala ere, atzera Oria Ibaiko Batasunera bideratu zuten Arama.

Batzar Nagusietarako bilera-egoitza Arama izan ohi zen, bertako San Martin eliza, zehazki. Bozue Txikiko kide izan zen, bestetik. Kokagune estrategikoan dago lekututa herrigunea: Oria errekaren ibarraren zelatari, gaintxo batean, eta Aralar aldetik datorren Amundarain errekaren eta Oriaren gurutzearen gainaldean.

Altzaga, bat eginik iraunez

Altzagak Gipuzkoako 87. udalerri izendapena du zenbaketan. Azkenetakoa izan da sortzen (88 udalerri ditu, gaur egun). Izan ere, Ordiziarekin lehenbizi (1399tik 1615era), Oria Ibaiko Batasunean gero (1615-1845) eta Itsasondoren anparoan azkenik (1966-1990), beregaintasun egoeran bigarren aro luzeena ari da izaten Altzaga azken 25 urteotan. Dirurik ez zuela eta, 1966ko otsailaren 5ean eskatu zuen ofizialki Itsasondori eransteko. Hurrengo urtean batu zitzaion.

Laugarren mendeurrenaren aitzakian, agiri garrantzitsuak berreskuratu dituzte Altzagak, Aramak eta Itsasondok. Beren artxibategi historikoetan ez zeukaten 1615eko hiribildu tituluen eskuizkriburik. Valladolideko artxibategian (Espainia) eskatu, eta jaso dituzte. Lehendik udalerri baziren; orain, frogagiri eta guzti.

4.800

LANGILEAKAdministrazioarekin hitzartutako postuak dituzten egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak 4.800 dira. Emakumezkoak dira gehienak. Horien lan baldintzen hobekuntza finantzatzeko, 11 milioi euro jarri ditu diputazioak mahai gainean.

8

autoa partekatzeko sistema babestu duten udalak

Gipuzkoako Aldundiak Lurraldekar autoa partekatzeko sistema bultzatu du, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalekin. Proiektuaren oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea. www.lurraldekar.eus webgunea ere martxan jarri dute.